Hidalgia ziurtagiri berria
Gure filosofo handi Joxe Azurmendik, “Espainolak eta Euskaldunak” entsegu bikainean zera erakutsi zigun, euskal genealogia zaletasunaren atzean, espainiar arrazismo zaharra nola zegoen. Izan ere, gurea ez baita haienaren oihartzun berantiarra baino. XV, XVI eta XVII. mendeetan zehar gogor zabaldu zen Espainian, odol garbitasuna frogatu beharra. Ez zen txantxetako kontua. Horren arabera zegoen zergak ordaindu ala ez, hainbat lanpostu gutiziagarri eskuratu ala ez, baita norberaren ondasunak galdu ala ez, edo herrialdetik egoztea ala bertan bizitzen uztea ere. Broma gutxi beraz.
Hidalgia ziurtagirien inguruan sektore ekonomiko oso bat garatu zen, bere epaile, ikertzaile, idazkari, abokatu eta orotariko adituekin, dirutza handiak mugitu zituena. Olatua Euskal Herriraino heldu zen ezin bestean eta gure ohiko filiazio lokala (baserriak ematen du izena), patrilinealak (aitaren deituraren bidezkoak) ordezkatzea ekarri zuen, besteak beste.
Hidalgia frogatu behar horrek izua hezurretaraino sartu zien nonbait garaiko euskaldunei, eta haiek ondorengoei oinordekotza gisa pasa zieten agidanez. XIX. mendearen hondar aldera Sabino Aranak hidalgia frogatu beharraren ideiari eutsi zion ia bere horretan eta fundatu zuen alderdi politikoak ildoari jarraitu zion, aldaketa handirik gabe, joan den mendearen lehen hiru laurdenetan gutxi gora behera. Geroztik, ezker abertzaleak ekarritako ideia berrien eraginez, lehenik euskal gizarte zibilak eta hari jarraiki EAJ berak ere geroago, ideologia zahar hori gainditu eta euskara jarri dute euskal nortasunaren ardatz eta ezaugarri.
Benetan?
Sakon sustraitutako zerak ez dira hola-hola erauzi ohi. Dentistak hagin sanoa erauzi dionak badaki zenbaterainoko egia den hori. Hein berean, hidalgia frogatu beharraren kontua hain xalo eta xauli aienatu al da gure artetik?
Ardatz zaharra baztertu eta ardatz berria, hizkuntza, jarri omen dugu gure nortasunaren ezaugarri. Euskara omen da euskaldun egiten gaituena. Zoaz kalera, galdetu jendeari eta herritar gehienen adostasuna bilduko duzu ideia horren inguruan. Baina ez da luzaroan behatu behar hori horrela ez dela ohartzeko.
Euskara da, noski, euskaldun egiten gaituena, baina esaldia ez da bere horretan ulertu behar, ez gainerako herri “normalek” ulertuko luketen modu berean.
Euskara da euskaldun egiten gaituena, baina ez gure arteko ohiko komunikazio tresna delako, gure hidalgia ziurtagiri berria bihurtu dugulako baizik.
Ez naiz euskaltzaleez ari, noski, euskaldun elebidun gehienez baizik.
Gure herriko soziologian nagusi diren portaerei erreparatuz gero, oso garbi ikusten da, euskarak nola betetzen duen, gaur egun, gure artean. hidalgia ziurtagiri lana. Bilera batean, lagun arte batean, nekez aurkituko dugu, euskaraz badakiela nola edo hala adierazten ez duen herritarrik. “Egunon, qué pasa aspaldiko, nos hemos juntado los aitas de la gela, … hitzetik hortzera entzuten dugun hizkera da. Erdaraz euskarazko batere hitzik sartu gabe diharduenari, lurrin arraroa dariola sumatuko diote berehala ingurukoek. Baita euskaraz hitz egiten luzatu eta tematzen denari ere. Horrelako setatiak aurrekoak bezain kanpo daude gaurko euskal gizartearen arautik.
Euskarak bere neurria du, gatzak bezala. Pixka bat behar da zaporeak bizitzeko, baina gehiegi bota ezkero ez dago hura irensterik.
Horregatik euskaldunen artean oso ondo ikusiak daude, zeharo gaitzetsi eta baztertuta egon beharrean, hogei urtez euskaltegian ibili ondoren taxuz hizketan hasteko gai ez diren ezaxola zabarrak. Hidalgia ziurtagiria ematen die euskaltegiak hizkuntza gaitasunaren ordez.
Arazoa da, euskara komunikazio tresna izan beharrean hidalgia ziurtagiri bihurtzen badugu, oso denbora laburrean zeharo trakestu, herdoildu eta urritu egingo zaigula, tamalez oraintxe bertan ari den moduan. Bistan da, oraingo funtzio hau betetzeko nahikoa eta gehiegi dela dozenaka hitz batzuk ezagutzea eta komunikazio tresna izateko berriz, milaka batzuk behar direla, hizkera jori eta zoliaren jabe izateko. Eta arazo larria da, hain zuzen ere, galdu askoz ere arin eta zaluago egingo delako berreskuratu baino, inoiz berreskuratzen bada.
Euskara, komunikazio tresna izan beharrean, hidalgia ziurtagiri bihurtzen duen oro euskararen etsaia da eta euskararen galgarria da.
Esan dezagun behingoz: Cisneros kardinala edo Franco jenerala bezain etsai eta galgarri. Erdaraz diharduenari “euskal” deitzeko ohituratik hasita, nagusiki erdaraz hitz eginez euskalduna izan daitekeela egunero erakusten digun “gure” telebistaraino. Sentitzen dut, euskara komunikazio tresna dela dioskutenei disgustua eman beharra. Hidalgia agiri berria da. Ez dugu apenas ezer aurreratu azken laurehun urteetan. Ditxosozko agiriak gure bizitzaren ardatza izaten dirau. Normalizazioa gero eta urrunago dihoakigu ihesi.
Bikaina. Gutariko askok gauza bera sentitzen dugu, euskeraren folklorizazio geldiezina. Erdara (espainol) hutsean ari dena fatxa eta euskera hutsean ari dena berriz tipo xelebrea. Ai, gure herri onen ajeak.
Ehuneko ehunean ados Hartsuagarekin. Errebatiezina da dioena.
Ezin esan ezer analisi horren aurka, guztiz ados! Oraindik gogoratzen dut erdaraz hitz egiten tematzen zen amonari euskaraz hitz egiteko esaten genionean ematen zigun erantzuna: ni euskalduna naiz eta beti izango naiz! Eta erdaraz hitz egiten jarraitzen zuen…
Lasai utzi nau artikuluak nire egonezinean. Artegatuta jarraitu izanagatik ere. Mikel Urizarren berbek “mezatara” joan behar dutelakoan nago: “Euskara estatu arazo bilakatu behar dugu” nahitanahiez. Osterantzean, gureak egin du eta Irlandatu egingo gara bihar edo etzi.
Ados Karlos. Baina alderdi eta sindikatu abertzaleen “arazo” bilakarazi beharko dugu lehenengo, eta izerdiak eta bi bota beharko ditugu horretan, panorama ikusita…
Idazkian adierazten den atal bati baino ez diot kasuriik eginen, gainontzekoa ez baitzait axola.”Baserriak ematen du izena”. Nola esan daiteke halako babukeria Euskal Herria gehien gehinean baserririk ez baitago, bordak eta badira, baina baserriak Euskal Herriko txoko txiki batean baino ez dira. Bestela ere, zer da Euskal Herria? Zer da baserria eta zer gara euskaldunak, giputzak? Ez ba! Euskal deiturek, eta asko badira, gehien gehienek,ez dute deus ikustekorik baserriarekin, horiek modernoenak dira eta ez hain euskaldunak. Nafar laborariak, nekazariak, ipar Euskal Herrikoak, ez dira baserritarrak, gehiengoa garbia badira ere. Arabarrak ere ez dira baserritarrak, igorri zakurraren ipurdira baserritar hitza ezbaita batzen gaituena.
Lasai, neska. Hartu arnasa. Hartu tila bat.
@Nagore: “Zer da baserria eta zer gara euskaldunak, giputzak?”
Ez ba, baserria edo antzeko izaera duten ekoizpen eta bizitza guneak ez daude Gipuzkoan bakarrik, gaur egungo zazpi euskal herrialdeetan baizik (izan baserri, kanpaina, etxalde, granja -eremu gaztelanizatuan- edo dena delakoa).
Baina zure kritikaren harira, deiturak ez ziren soilik baserrien (edo arestian aipatutako aldaeren) izenetatik hartzen; haatik, herrietan baziren -eta badira- berezko izena duten etxeak, batzuk baserrien antzeko funtzioa zutenak eta beste batzuk, aldiz, erabat kaletarrak, urbanoak.
Eta pentsatzekoa da horietatik ere hartuko zutela deitura hango bizilagunek, eta baserriekin gertatu bezala, etxebizitza aldatzean azkenekoaren izena hartzea deituratzat.
Ba nik ez nago hain ados, Euskara dakienak ez ditu niri galarazten Euskara egitea, Euskalduna izango da nahiz ta ez erabili, horrela sentitzen bada, geo Euskaltzaleak dira Euskaraz egin behar dutenak, ez beti baina horrelako jendea horrela jardunda azkenean Euskaraz egitera bultzatzen dezu bestea, ta ez badu egiten, zuk behintzat egin dezakezu.
Dakiten guztiak jakingo ba zuten, ez nun arazorik izango Euskaraz bizi ahal izateko.
Ez dakiten guztiak jakingo bazuten…