Hezkuntzaren guru gehiagorik ez, mesedez

Hezkuntzaren guru gehiagorik ez, mesedez –

Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean.

Andaluzian ikasgeletako ratioak jaitsi –eta horretarako langileak kontratatu– dituzte pandemiagatik eta hara, sorpresa, ikasleen emaitzak eta klaseko giroa hobetu egin dira. Eskolak ez ditu behar edukiz hustutako pedagogia miragarriak saltzen dituzten guruak, ez ditu behar irakasle-izarrak, eskolak baliabideak behar ditu.

Hezkuntzaren guru gehiagorik ez, mesedezOinarrizko –eta aspaldiko– aldarrikapenak aintzat hartzeko aprobetxatu zitekeen pandemia: batetik, gela bakoitzeko ikasle kopurua txikitzea –ikasle bakoitzari eskaintzen zaion arreta handitu ahal izateko–, eta bestetik, handitzea hezkuntzako langileen kopurua, errefortzuak eta baliabide materialak –pandemia garaiotan, esaterako, espazio fisikoa bera–. Hori guztia bideratzeko, hezkuntzan egiten den inbertsio publikoa handitzea aspaldiko eskaera da, gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzeraino.

Pandemiak eraginda Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ratioak jaitsi dituzte Andaluzian –ikastaldeak zatitu eta txandaka aritu dira–, langile gehiago kontratatu dituzte, eta ondorioa berehalakoa izan da: emaitza akademikoak hobetu dira –ikasgaia gainditu duten ikasleak lehen baino gehiago dira, besteak beste– eta azpimarratu dutenez, eskola barruko gatazkek ere behera egin dute.

Baina hezkuntza espektakulutik eta negoziotik bizi dutenek saltzen digutena da etorkizuneko pedagogia distiratsua, puntako teknologia birtuala, irakasle baino gehiago coach diren guruen mezu arranditsuak, multinazionalek promozionaturiko Munduko Irakasle Onenaren eta enparauen irudia, irakasle-izarrak eta are, unibertsitate izarrak –dagoeneko unibertsitate publikoan badagoen eskaintza opari-paper ederragoan bilduta dakarren Gasteizko Euneiz European University polemikoa kasu–… Horiek guztiek ez dute kontuan hartzen ikasleen maila sozioekonomikoa, ikastetxe batetik besterako amildegia baliabideetan, errealitate bakoitzaren beharrak, taldearen aniztasuna, kohesioa eta ekitatea, eta batez ere, ikastetxe osoaren eta hezkuntza-komunitatearen inplikazio eta ahalegin kolektiboa ere –bide hori egiteko dituzten erraztasunen ondorio ere– badela hezkuntza.

Eta ez dezagun ahaztu, atzealdean ikuspegi indibidualista duten mezuak erakargarriagoak izango dira begirada liberala duen administrazioarentzat, azaleko esloganek fokua irakasle bakoitzaren prestutasunean, borondatean eta balioan jartzen dutelako, eta ez hainbeste kolektiboa den eta horretarako profesionala eta ongi hornitua behar duen jardunean.

Hezkuntzaren guru gehiagorik ez, mesedez

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.