Hezkuntza salgai

Hezkuntza salgai –

Hezkuntza salgaiBehar bada orain jubilatua naizenez, badut denbora gehiago berriak lasai entzuteko edo irakurtzeko goiz goizetik. Hori dela eta, inoiz baino haserretuago nago hezkuntza matrikulazio kanpaina dela eta: irratietan ikastetxe bakoitzak bere onurak aldarrikatzen, iragarkiak egunkarietan, kanpaina instituzionala, erabat zinikoa, eskola publikoaren aldekoa pribatua gain finantziatzen duen bitartean. Eta nire sindikatua (STEILAS) ere sartu da istorio honetan eskola publikoaren defentsan, logikoa den bezala.

Eskaintzen den publizitateak azpimarratzen ditu ikastetxe bakoitzaren indarguneak: heziketa elebidun-eleanitza, baloreen hezkuntza (balore kristauak noski, besteak ez dira baloreak), teknologia berrien erabilpena, proiektuak…. Antzeko zerbait posible izango litzateke osasun arloan? Imajinatzen duzue kontseilariak hiritarrei eskatzen osasun publikoa erabiltzeko edota osasun zentroek aldarrikatzen arreta hizkuntza ezberdinetan eskainiko dituztela edota terapia alternatiboak erabiltzen dituztela?… Pentsa dezagun nolakoa izango zen osasunaren eskaintza Iruñeko auzoko osasun zentroetan paziente bakoitzak haien artean aukeratzeko eskubidea izanik: medikuntza tradizional txinatarra Mendillorrin, akupuntura Sanduzelain, Homeopatia Txantrean…. Erokeria dirudi, ezta? Ba hau da hezkuntzan gertatzen dena. Aukera guztiak: ingelesez 5, 6, 10, 12 ordu; gaztelania edo euskaraz; erlijioa edo erlijiorik gabe, Skolaerekin edo Skolaerik gabe…

Jaiotze tasa jaisteak, beste arrazoien artean, eraman ditu bi sareak, publikoa eta pribatua, eta bi saretako ikastetxe ezberdinak lehiatzera beraien “merkatu kuota” lortzeko, bezeroak lortzen saiatzen publizitatea erabiliz.

Hezkuntza ez da merkantzia, eta ez luke salgai izan behar. Ikasleak ez dira bezeroak. Horregatik, derrigorrezko etapetan ez luke eskaintza ezberdinik izan behar ezta segregazio goiztiarra ezarri, baizik ikasle guztiontzat aukera berdintasuna, Nafarroako berezko hizkuntzak ikasteko aukera eta jendarte kohesioa bermatuko duen curriculum komuna beharko luke.

Horretarako, ahaztu behar dira “ ikastetxea aske aukeratzeko” paradigma eta ikastetxeen artekoa lehia, eta ikasle guztiontzat kalitateko hezkuntza eskaintzeko erronka erdigunean jarri, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialez ikastetxeak hornituz ikasle bakoitzaren beharrei arreta egokitzeko.

Hezkuntza salgai

 

STEILAS Hezkuntza Sindikatuko bozeramailea

8 pentsamendu “Hezkuntza salgai”-ri buruz

  • Euskal Herria independente balitz, eskola publikoaren alde egingo nuke, baina gaurko eskola, publikoa zein pribatua, bere kalitate, kohesio sozial eta aukera-berdintasunarekin, edo haingabe, ezinbestean txertatzen da Espainaren proiektu nazionalean. Horregatik bide alternatiboa bilatzearen aldekoa naiz, espainiar legeari ahal bestean iskintxo eginez, euskal haurrei euskal heziketa emateko. Bide hori pribatua (hau da, popularra) baino ezin da izan gaur gaurkoz.

  • euskaldun bat 2019-02-04 14:34

    Hezkuntza gainbeheran doa. Ustez modernismo asko, aurrekoa dena errotik aldatu beharra, Eskola 2.0, hezitek, tknika 4.0, irakasleak ez du edukirik irakatsi behar, ikaslea da proiektu bidez ikasi behar duena… hezkuntza gainbeheran: irakasleak geroz eta erreago, burokrazia a tope ikasleentzako inolako mesederik gabe, tropel bat entxufatu han eta hemen postuak izateko (tknika…) besterik gabe. Denak guruak dira eta powerpoint eta postit bidezko aurkezpenetan iaioak. Egia zientifikoa: geroz eta maila baxuagoa unibertsitatera iristean, idazten eta irakurtzen geroz eta maila baxuagoa, matematikak lur jota… Eta hau ez da iritzia, hau edonork esango dizu horrela dela. Lehen tokatzen zitzaigun ikastetxean ikasten genuen, planteatu ere ez beste aukerarik zegoenik, baina orain baino maila askoz hobea txarrenean ere. Hauxe da popatik sartu nahi diguten eskola 2.0, eleanitz, baloredun, teknologikoa.

  • Guztiz ados Garrett-ekin. Gure helburu bakarra independentzia da, gure Estatuaren luzapena lortzea. Nik ulertzen diodana zuzenbide hortara doa eta jarri duen adibidea nik beste bitarteko bat bezala ikusten dut helburu estrategikoa lortzeko.
    Askotan entzuten dugu independentziarena, helburu bezala, oso ondo dagoela baina bitartean, zer?
    Nire ustez, galdera horrela planteatzen dutenek ez dute independentziaz sinesten.
    Independentziaraino egunero hurbiletik egon gaitezke balio diren tresnak martxan jarriko bagenituzke.
    Horrek izan behar du gure pentsamendua eta ez uko egitearik independentziari.

  • “Hezkuntza salgai” dokumentalaren lotura falta da https://www.naiz.eus/es/mediateca/video/hezkuntza-salgai

  • Amonamantangorri 2019-02-04 21:42

    Hezkuntza publiko “espainolaren” arbuiatzearen aldekoek pentsatu behar lukete zein den defendatzen duten ereduaren ondorioa, alegia, gaur egungo ondorio egiazko eta begi bistakoa.

    Esan behar da, lehenik eta behin, legeria espainol eta autonomikoa ikastolek zein zentro publikoek bete behar dutela. Igual ikastolek material propio zoragarria edukiko dute euskal nazio-izpirituaren hezkuntzari dagokionez, baina diferentzia ez da zertan hain handia izan beharrik.

    Gaur gaurkoz, Euskal Herrian sistema mixtoa dago, erdia publikoa eta beste erdia pribatu-kontzertatua. Guraso askok bigarrena aukeratzen badute ez da beti izaten kontzientzia nazional eta linguistikoagatik, baizik baita ere sare kontzertatuak bere iragarkietan zabaltzen duen “eszelentzia” eta “esklusibitate” famagatik.

    Beraz, oraingo sistemak ikasleak jatorri sozioekonomiko eta nazionalaren arabera banatzen ditu zentroetan. Sistema horrek ez digu ondorio onik ekarriko.

    Nire ustez, guraso-kooperatibak zentzua du sare publikoak euskara-lerrorik onartzen ez duenean. Kitto.

  • Alpargatero 2019-02-05 12:37

    Francoren garaian ere bazeuden eskola “publikoak”, eta guraso klasista eta arrazista batzuek (ironic mode on) ikastolak izeneko eskola pribatuak sortzeari ekin zioten.

  • Amonamantangorri, ez dakit nire komentarioaren harira idatzi duzun, baina badaezpada argituko dizut ez dudala ikastolen alde egin (“baina gaurko eskola, publikoa zein pribatua, (…) ezinbestean txertatzen da Espainaren proiektu nazionalean”), eta beraz bat nator zuk horren inguruan diozunarekin.

    Espainiar legea txuliatzea proposatzen dut nik, ordea, edo horretarako bideak bilatzea. Eredu bat izan daiteke haurrak etxean isilpean hezten dituzten gurasoena (sare antolatu gisa sustatu liteke). Edo Iparraldean gauzatutako zenbait proiektu, hala nola Bizi-Toki, gaur desagertua (egia bada ere Frantzian legea ez omen dela hain zorrotza umeen eskolatzeari dagokionez, eta posible/errezagoa bide dela holakoak egitea). Azken batean, proposatzen dudana da Espainiatik deskonektatzeko pausoak ematen hastea, heziketatik hasita.

  • “Euskaldun bat”-ekin ados erabat.