Hezkuntza publiko edo pribatua

Hezkuntza publiko edo pribatua –

Hezkuntza publiko edo pribatua

Herri burujabeek beren estatua dute, eta estatu horrek antolatzen du “res publica” edo gauza publikoa deitu ohi dena, esfera edo sektore publiko izenez ere ezagutzen dena. Sektore hori, bada, estatuaren antolakuntzarako eta gizartearen funtzionamendurako beharrezkoak diren administrazio-erakundeen multzoa da, guztiok ordaindutako zergekin finantzatzen dena. Sektore publikotik kanpo geratzen den guztia pribatua da, denona ez dena, norbanako batzuek helburu ezberdinekin antolatua edo sortua.

Adibidez, estatuen oinarrizko lanetako bat hezkuntza-sistema publikoa antolatzea da. Horretaz gain, ekimen pribatuko hezkuntza-erakundeak ere sor daitezke, betiere kapital pribatuz finantzatutakoak beharko luketenak. Hezkuntza publiko eta pribatuaren arteko bereizketa, beraz, nabarmena eta erraza da bere buruaren jabe diren eta estatua duten herrietan.

Herri menderatuen kasuan, berriz, bereizketa hori ez da hain erraza. Hezkuntza edo beste edozein funtzio publiko eta pribatuez hitz egiteko, funtsezkoa da subjektu publikoa ondo aztertzea, hots, zein herriz hitz egiten ari garen zehaztea.

Gure herria Espainiak eta Frantziak bortizki menderatuta bizi da duela mende batzuetatik hona. Gure estatua espainolek eta frantsesek bahituta daukate; hortaz, nekez hitz egin dezakegu euskal sektore publiko batez. Hemen indarrean dagoen sektore publikoa espainola/frantsesa da. Legedi guztia espainola/frantsesa da, eta, nola ez, horren helburua interes espainolak/frantsesak defendatzea da, inola ere ez gure herriarenak. Aitzitik, zapaltzaileen lege horiek gure ondareari, kulturari eta hizkuntzari eraso egiten diete, eta inperialisten azken helburua horiek erabat suntsitzea da. Ez dago herririk, bere buruaren jabe izanik bere hizkuntza eskubide soil gisa onartzen duenik eta kanpotarrena (espainola/frantsesa) derrigorrez jakitera behartzen duenik.

Publiko/pribatu dikotomiak, bada, soilik herri burujabeetan du zentzua. Hala ere, hezkuntzaren adibideari eutsiz, sarritan azaltzen da gurean hezkuntza publiko/pribatu eztabaida, etsaiaren sektore publikoa gurea balitz bezala hartuz. Akats larria, asimilazio sakonaren seinale. Ez genioke inolaz ere zilegitasunik eman beharko gu suntsitzeko helburua duen publikotasunari.

Horrelako erasoen aurrean, oraindik bizirik dauden herri menderatuek beren instituzioak sortzen dituzte; horren erakusle litzateke, adibideari jarraikiz, ikastolen mugimendua.

Ikastola gure hezkuntza sistema publikoa izateko sortu zuen herriak, gure hizkuntza zabaldu, gure kultura garatu eta gure gazteen eta gizartearen heziketa bideratzeko. Gure herriaren onarpen osoa zuen, zilegitasun osoa.

Sorreran, ikastolak ez ziren kontu pribatu bat, herriak sortuak zirelako; gerora erori ziren sektore publiko/pribatu espainol/frantses dikotomia faltsuan. Batzuk —Elbira Zipitria Irastorza, esaterako— beti izan ziren ikastolak legedi arrotzen barruan urtzearen kontrako borrokalari sutsuak. Bazekiten bide horrek hainbeste kostatako ikastolen mugimendua estatu zapaltzaileen morrontzara eramango zuela. Guk sortutako zerbait, herriak sortutako eta kudeatutako zerbait, pribatua dela pentsatzea eta etsaiaren publikotasunari oparitzea akats estrategiko larria da. Gaur egun ikastolak hezkuntza sare espainiar/frantsesean erabat integratuta daude, erabat errekuperatuta daude.

Esperientziaz esan dezakegu, bada, guk sortutako erakundeei eutsi nahi badiegu ez dela nahikoa egitura horiek sortu eta martxan jartzea. Inperialismoak sortutako ekosistema arrotzean ezingo dute luze iraun, ikastolekin gertatu den bezala. Gure erakundeek beren ekosistema propioa behar dute bizi eta fruituak emateko, eta hori gure estatua berrezarriz baino ezingo dugu lortu. Martxan jarri behar dugu gure Nafar Estatua, inperialismo espainiarrak eta frantziarrak bahitua, gure sektore publikoa aktibatu eta euskal gizarte aske bat garatzeko.

Hezkuntza publiko edo pribatua

5 pentsamendu “Hezkuntza publiko edo pribatua”-ri buruz

  • Ze poza ematen didan argazki horrek!
    Zoritxarrez gaur egungo errealitatetik erabat aldenduta.

  • Zein argazki?

  • Ondo ulertu badut, euskal eskola publikoaren aldeko bazara, hasi independentzia aldarrikatzen eta eraikitzen.

  • Independentzia ez dakit eraikiko dugun, baina behintzat burujabetza mugatu honetan ikastola moduko egitura nazionalek nazio gisa bizirauteko balio dute eta zapaltzaileen errelatoa irensten ari garen honetan naziogintza benetan axola badigu, nazio ikuspegia lantzen duten beste egiturak sortu beharko genituzke.

  • Orreaga dixit 2021-02-03 11:09

    Zuek beti ari zarete mundu guztiari lekzioak ematen. Gure Eskuri, eskola publikoari orain,… baina galdera oinarri-oinarrizko bat: zuek hilaren amaieran kobratzen duzue? Nondik jaten duzue? Herri aske horretatik? Ez daukazue sinesgarritasunik aztarrenik ere ez. Flipatu hutsak zarete. Igo berriro aulkira eta ekin handik goitik antzerkia egiten. Zuek sinesten ez duzuenik ez saiatu inori saltzen.