Hezkuntza legea iruzur handia da
Hezkuntza legea iruzur handia da –
Joan den astean, Legebiltzarrean, Hezkuntza Legearen Proiektuari egindako osoko zuzenketak atzera bota eta, orain, alderdi politikoek emendakinen eztabaidari ekingo diote. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen ustez, Lege-proiektu honek ez du emendakinen beharrik eta erretiratua behar du izan.
Izan ere, segregazioaren iturrietako bat den sistema bikoitia betikotuko du eta ez du eskola publikoa lehenetsiko, kohesio soziala eta ikasleen euskalduntzea oztopatuz.
Iruzur handi baten aurrean gaudela salatu nahi dugu: sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen zaion bitartean, eskola publikoa sustatzeari eta bere erronkei modu eraginkorrean erantzuteari uko egiten dio. Lege berria sare pribatua indartzera dator, sare horrek, orokorrean, doktrinamendu ideologikoarekin, ikasleen segregazioarekin eta euskalduntzeko konpromezu ezarekin lotura estua badu ere. Hori guztia gutxi balitz, legeak hizkuntz-ereduak mantenduko ditu, ikastetxe guztien arteko lehia sustatuko du kontratu-programen bitartez, eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea murriztu.
Kohesioan oinarritutako hezkuntza euskalduna, laikoa, feminista, kalitatzezkoa, modu demokratikoan kudeatuta… behar dugu, eta, horretarako, lege-proiektu hau oztopo bat da. Horregatik, Hezkuntzan ere, pribatizazioaren kontra ari gara.
Dei egiten diegu herritar guztiei eta bereziki hezkuntza komunitateko eragile guztioi, guztiona eta guztiontzat den Euskal Eskola Publikoaren alde egin eta hezkuntza legearen kontra mobilizatu daitezen, urriaren 29an, 12:30ean Donostiako Boulevardtik abiatuko den manifestazioan parte hartuz, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE HEZKUNTZA LEGE HONI EZ! lelopean.
.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
(Donostia, Oarsoalde, Ordizi, Aiztondo, Urola, Debagoiena, Bilbo, Santurtzi, Gasteiz, Oion eta Aiaraldea Plataformak, EHIGE (gurasoen elkartea), HEIZE (zuzendaritza taldeak), STEILAS, CCOO, ESK, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza eta Gazte Komunistak)
Hezkuntza legea iruzur handia da