Hezkuntza Lege hau iruzur handia da
Hezkuntza Lege hau iruzur handia da –
Azaroaren 29an, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ontzat eman nahi du hezkuntza legearen Proiektua, bere onarpenerako bide emateko. Horri aurrea hartuta, Euskal Eskola Publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunok, Hezkuntza Legeari gure ezezko borobila emango diogu bozketa sinboliko honekin.
Lege honek Irakaskuntza Publikoaren gehiengoaren gaitzespena du: hiru lurraldetako tokian tokiko hainbat herri-plataforma, EHIGE, HEIZE, gehiengo sindikala (Steilas, ELA, CCOO), Ikasleen mugimendua, EHUko hainbat irakasle…
Legearekiko gure erabateko desadostasuna adierazi dugu azken bi urteetan, bai Legebiltzarrean egindako agerraldi ugarietan, bai milaka herritarron kontrako jarrera bilduz hiru hiriburuetan, azkena urriaren 29an Donostian. Ez dute aintzat hartu sare publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunon proposamen bat ere.
Berriro esan behar dugu, onartu nahi den Hezkuntza lege hau gizarteari egiten zaion iruzur handia dela:
- Babes sozialik gabea eta adostasun eskaseko legea da. Hurrengo hamarkadetarako estrategikoa beharko lukeena ahula da jatorriz.
- Geure Hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe egin den legea da, hain zuzen ere, Eskola Publikoaren kaltetan egindakoa da. Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio, Eskola Publikoaren izenean esandako guztiari.
- Hezkuntza-sistemaren pribatizazioan sakontzen duen legea da, sare publikoa eta pribatua berdinduz. Sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen dien bitartean, eskola publikoa bazter uzten du finantzazio planik ezean.
- Ez die erantzuten hezkuntza-sistemak dituen erronkei:
- Ez du neurri eraginkorrik proposatzen eskola-segregazioari aurre egiteko, ezta ghetto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere.
- Ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen eta hizkuntza-ereduek indarrean jarraituko dute.
- Ez du ezer zehazten segregazioaren, euskalduntzearen eta laikotasunaren inguruan, eta “zelaia” libre uzten du autonomia faltsu baten izenean, ikastetxeen arteko lehia bultzatzeko, merkatuaren logika hutsean.
- Soilik itunpeko sarearen interesei erantzuten dien legea da, eta sare pribatura bideratzen ditu ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak.
Horregatik, oinarrizko eskubideen eta gizarte-kohesioaren izenean, Eskola Publikoa lehenetsi dezatela exijitzen diegu alderdiei, eta beharrezkoak dituen baliabide guztiekin hornitu dezatela irakaskuntzako zerbitzu publikoa sistemaren ardatza bihurtu dadin, pribatizazioak eskubideen urratzea dakarrelako beti.
Hezkuntza lege txar hau bere onarpenaren azken txanpan dagoen honetan, Eskola-komunitate osoari deitu nahi diogu mobilizatu dadila berriro ere hekuntza lege honi EZ esateko.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
Hezkuntza Lege hau iruzur handia da