Hezkuntza-ituna ke-lainoa baino ez da
Hezkuntza-ituna ke-lainoa baino ez da –
Etorkizuneko Hezkuntza Legearen inguruko azken gertakariak ikusita, STEILASetik berretsi nahi dugu gertatutakoak agerian uzten duela, beste behin ere, hezkuntza-ituna ke-laino bat besterik ez dela, EAJak bere benetako asmoa ezkutatzeko erabili duena: sare pribatua babestea. Hain da agerikoa, non hezkuntza-saila gezurretan ari den 2 urteko ikasgelak hitzartzeko neurria ekainetik ezagutzen zela esatean. 2 urteko gelak ituntzeko oinarriak 2021eko abenduan gauzatu ziren pribatuko patronalarekin, eta 22-23 ikasturterako onarpen-aginduan (14/12/2021) jaso ziren. Doako plaza bat lortzeko helburua duen onarpen-prozesu batean ikasgela pribatuak sartuz. Ondoren, ekainaren 21ean argitaratu zen EHAAn, 2022-2028 sei-urtekorako itunen dekretuaren bidez. Bertan zehaztuta zegoen bi urteko gelen ituntzea, eta Jaurlaritzak 2023rako aurkeztutako aurreproiektuak jasotzen zuen horiek 2023ko irailaren 1etik aurrera aplikatuko zirela, hau da, 2023-2024 ikasturterako. Beraz, neurri hau negoziazio-mahaian eskumako alderdiei eskaintzeko bezain atzerakoia bada ere, lege-proiektua negoziatze-prozesuan hartu da. Era berean, negoziazio-mahai horretan, denbora honetan zehar sare pribatuaren alde hartu diren beste hainbeste neurri gehitu zitezkeen; ituna emateko ratioak murriztea, eta abar.
Bestalde, atzo Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua entzun genuen argudiatzen bi urteko ikasgelen itunak eskolatze orekatua ezartzea duela helburu. Izan ere, bi urteko ikasgelak planifikaziotik kanpo daude, baina ikasleen ibilbidea bermatzeko balio dute. Konponbide hau Hezkuntza-itunaren aurkakoa da. Izan ere, segregazioa saihesteko proposatutako neurria derrigorrezkoa ez den beste etapa bat hitzartzea da, 0-2ko diru-laguntza (urtean 25 milioi eurokoa) eten beharrean, adibidez. Era berean, xedapen gehigarria desagerrarazi zezaketen duela gutxi argitaratutako onarpen-dekretutik, 0-2ko ikasleei onarpen-prozesuan parte hartu gabe ikastetxean geratzeko aukera ematen diena eta, ondorioz, ikasleak ikastetxera lotzeko estrategia desagerrarazten ez duena. Ikastetxe itunduen kopurua handitzea ote EAJrentzat segregazioaren aurka borrokatzeko tresnarik onena?
Zer gehiago behar dute hezkuntza-itunaren sinatzaileek konturatzeko edukiz hutsa den lege hau, baina ez asmoz, EAJk dagoeneko helarazten ari zaizkigun dekretu pribatizatzaileak aplikatzeko aterkia besterik ez dela? Gero eta nabarmenagoa da Euskal Eskola Publikoaren aldeko antzezpen honek ez duela edukirik. Bateraezina da eskola publikoa ardatz duen hezkuntza-sistema defendatzea, eta aldi berean, eskola-segregazioari aurre egiteko sistema duala proposatzen duen eta (sare pribatua babesteko asmoz) publikoa eta pribatua berdintzea helburu duen ituna babestea. Beraz, puntu honetara iritsita, herri honen ezkerreko alderdiek erabaki beharko dute EAJrekin edo Euskal Eskola Publikoarekin lerrokatzen diren. Ez dago erdiko biderik. Une honetan, inoiz baino gehiago, premiazkoa da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jarrera irmoa erakustea; bestela, Jaurlaritza gauzatzen ari den eta betikotu nahi duen hezkuntza-politika pribatizatzailearen konplizeak izango baikara.
Hezkuntza-ituna ke-lainoa baino ez da