Hezkuntza-akordio hau ez da euskal gizarteak behar duena

Hezkuntza-akordio hau ez da euskal gizarteak behar duena –

Aste honetan aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko presidenteak EAEko Hezkuntza-Akordioaren zirriborroa, emendakinak jaso ondoren, Hezkuntza Lege berriaren oinarria izango dena. 

Joan den otsailaren 3an, “Euskal Eskola Publikoaz Harro” Topaguneak Prentsaurreko bat eman zuen bertan azaltzeko gure ustez, zer lau muga ez zituen zeharkatu behar Akordio horrek edo, beste era batean esanda, zer eskatzen genion Akordio horri. Etsita ikusten dugu Eskola Publikotik egin genituen lau eskaerak ez direla aintzat hartu. Bat bera ere ez.

  1. Hezkuntza-akordio hau ez da euskal gizarteak behar duenaEskola Publikoa sistemaren erdigunean jartzea:

Akordioak ez du jasotzen inolako konpromisurik sare publikoak lehentasuna izan dezan. Kontrara, parekatu egiten ditu bi sareak, pribatua eta publikoa, ezberdinak direnei trataera berdina ematen, eta sistema dual eta diskriminatorioari eutsiz. Publiko izaera ematen dio pribatua denari, zerbitzu publikoa eskaintzen duen aitzakiarekin. Ez du egiten eskola bakarren alde eta ez du publifikazio prozesurik jasotzen. Gobernuaren betiko bide pribatizatzailetik jarraitzen du denon diru publikoarekin denonak ez diren ikastetxeak sostengatuz.

  1. Ikastetxe pribatuek duten finantzaketa ezbaian jartzea:

Akordioak ikastetxe kontzertatuen finantzazioa handituko du guztiz doan izan daitezen. Alderantziz jokatu beharrean, “izan doan diru publikoa jasotzeko” (legeak dioen bezala), diru publiko gehiagorekin hornituko dituzte orain arte legea bete ez duten eta horri esker zerbitzu hobeak eskaintzen dituzten zentroak. Legeak bermatuko du, beraz, diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeen finantzazioa.

  1. Eskola-segregazioari modu tinko eta eraginkor batean heltzea:

Akordioak asmo onak baino ez ditu aipatzen gure hezkuntza sistemak duen arazo larrienaren gainean. Ez da neurri zehatz bat ere aurreikusten segregazioari aurre egin eta gizarte-kohesioa bermatuko duten politiken, planifikazioaren eta matrikulazio prozesu gardenen inguruan. 0-3 zikloa guztiz publikoa izateko inolako aipamenik ere ez da egiten.

  1. Euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduak ez onartzea:

Ez dago hizkuntza-ereduak gainditzeko borondaterik. Akordioak hiru eleko markoan sakontzen jarraitzen du eta ez du murgiltze-eredu bakarra ezartzeko beharrari erantzuten. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, haustura soziala baizik.

Akordio honek, beraz, eskola publikoa baztertzen du, ez dio segregazioari aurre egiten, sare pribatuaren finantzazioa handitzen du eta ez du murgiltze eredua unibertsalizatzen; labur esanda, egungo egoerak bere horretan jarrai dezan uzten du. Ez da euskal gizarteak, kohesioaren, berdintasunaren, justiziaren eta euskalduntzearen bidean behar duena.

“EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO” 

Hezkuntza-akordio hau ez da euskal gizarteak behar duena