Boto kontzienteaz normalizazioan eragin

taldeko-argazkia“Euskaraz bizi nahi dugula adierazteko aukera irekitzen da maiatzaren 22an, euskararen alde egingo duten alderdiak hautatuz”.

Agerikoa da Euskal Herriko herritarrek euskaraz bizi nahi dutela. Hainbat aldiz kaleak hartuz adierazitako grina eta Herri Mugimenduak euskara normalizatzeko sortu eta garatutako proiektuak dira horren adibide.

Ordea, azken 30 urte hauetan garatu diren hizkuntza-politikek ez diote nahi horri erantzun. Geure herrian administrazio ezberdinek modu zatikatu batez aplikatu dituzten hizkuntza-politika ezberdinek eragotzi dute euskararen normalizazioak behar adina aurrera egin dezan. Maiatzaren 22an konpromisoen garaia irekitzen da. Herritarrok badugu euskaraz bizi nahi dugula adierazteko beste bide bat eta bide hori euskararen normalizazioaren aldeko boto kontzientea da.

Beraz, garrantzi handikoa da ezagutzea hautagaiek zer proposamen egiten duten eta baloratzea azken lau urte hauetan gure udaletan euskararen normalizazioari dagokionez zer neurri hartu diren. Hor kokatzen da Kontseiluak 2010ean 116 herritan, alegia, Euskal Herriko biztanleriaren %80arengan eragina duten udaletako hizkuntza-politiketan egindako neurketa.

Bilbon Kontseiluak Bilboko Euskalgintzarekin batera egin duen agerraldian, Bizkaiko irakurketa eta Bilboko Udalari buruzko datuak eskaini dira.

Bizkaian 28 herri aztertu dira. 956.249 herritarrengan eragina duten hizkuntza-politikak, beraz. Herri guztietan euskararen estatusa ofiziala da. Rankineko lehen postua Aulestik du (9,38) du eta Euskal Herri mailan 1go postua berea da, azkena Portugaletek (1,7). Azpimarragarria da Bizkaiak hizkuntza-politikarik polarizatuenak dituen herrialdea dela adierazte: Euskal Herri mailan eremu ofizialeko puntuaziorik altuena eta baxuena bertan kokatzen dira. Euskararen normalizazioa bideratzeko hizkuntza-politika egokia 7tik gorako notak definitzen du.

Puntuazio horrek euskara lehenesten dela adierazten du. Diskriminazio positiboaren terminoa ezaguna da, ezinbestekoa minorizatua den hizkuntzak berreskurapen prozesua egingo badu. Zentzu honetan 9 herri baino ez da ari hizkuntza-politika egokiak garatzen: Aulesti, Bermeo, Ajangiz, Lekeitio, Ondarroa, Gernika-Lumo, Markina, Igorre eta Elorrio. Herri hauen perfila 10.000 biztanletik beherakoa da (Bermeo eta Gernika-Lumo salbu) eta guztietan ere ezagutza tasa %75etik gorakoa. Alegia, 956.249 herritarretik 66.475 herritarrek baino ez ditu hizkuntza-politika egokiak gozatzen.

Hizkuntza-politikarik makurrenak eta biztanleria gehien barnebiltzen dituenak Bilbon eta inguruetan metatzen dira. Bereziki kezkagarriak dira Ezkerraldeko herrietako hizkuntza-politikak. Kasu hauetan guztietan PSE-EE eta EAJren udalak dira. 4 puntutik behera daude Bilbo, Basauri, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Barakaldo eta Portugalete. Zentzu honetan bereziki kezkagarria da Ezkerraldearen kasua, lau herri horietan (Trapagaranekin batera) baitaude Bizkaiko hizkuntza-politikarik eskasenak.

Datuek agerian uzten dute alderdiek ez dutela irizpiderik hizkuntza-politikak diseinatzeko orduan. Alderdi berdinak kudeatzen dituen herri desberdinetan oso puntuazio desberdinak topa ditzakegu: EAE-ANV, puntuaziorik altuena Aulestik dauka 9,38 punturekin eta baxuena Elorriok 7,28 punturekin; EA, puntuazio altuena Gernika-Lumok dauka 7,83 punturekin eta baxuena Muskizek 5,75ekin; EAJ, puntuazio altuena Bermeok dauka 9,32 punturekin eta baxuena Santurtzik 3,70ekin; PSE-EE, puntuaziorik altuena Ermuak dauka 4,65 punturekin eta baxuena Portugaletek 1,70ekin.

Paul Bilbaok datu orokorrekin batera hizkuntza-politikak ezagutza tasen baita definitzen direla adierazi zuen eta honek dituen ondorioez hitz egin zuen: “alde batetik, Nafarroako Vascuencearen legeak duen oztopo nagusia EAEn praktikan gertatzen dela adierazten du. Alegia, zonifikazio estali bati erantzuten diote hizkuntza-politikek, ezagutza tasek definitzen baitituzte hauek.

Euskararen legeak herritar orori euskaraz aritzeko duen eskubidea aitortzen badio ere, lege horren garapenerako plangintzetan lanpostuen Hizkuntza Eskakizunak herritarren ezagutza tasaren arabera definitzen dira, esate baterako. Bestalde, egun dagoen errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak dira eta euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraldatzaileak behar ditu, egoera iraultzera joko dutenak. Bizkaian bereziki azpimarratzekoa da ezaugarri hau”, ebatzi du. “Herritar guztiok gara hizkuntza-eskubideen jabe. Bizi zaren herriak duen ezagutza tasaren arabera eskubideak aitortzea etikoki eta politikoki zitala da”.

Kontseiluko kideekin batera Bilboko Euskalgintzak bere kezka adierazi du hiriburuan garatzen den hizkuntza-politikaren ondorioz euskaldunak bigarren mailako herritar baitira: Bilbon, biztanleen % 40 baino gehiago euskalduna edo ia-euskalduna da; Bilbon 90.000 euskal hiztun baino gehiagok bizi eta lan egiten dugu; Bilbo da Euskal Herrian euskaldun kopuru handiena biltzen duen gunea.

Gauzak horrela, eta euskarak estatus ofiziala izanda, ezin gara pozik egon azken 4 urteotan Udalak hartutako neurriekin. Izan ere, aurrerapenik izan bada, ezin txikiagoak izan dira ia arlo guztietan”. Irakurketa xeheagoa ere egin dute: “Ipar Euskal Herriko hiriburuekin batera, euskararen ordenantzarik ez duen Euskal Herriko hiriburu bakarra da Bilbo. Udalaren erabilera planean aurrerapauso garbirik ez da izan; udal-langile berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik.

Euskara ikasteko dirulaguntzetan aurrera baino, atzera egin dugu, aurten oinarrizko errenta kobratzen dutenei laguntza kendu baitie. Euskarak izan duen aurrekontua  % 0,51 izan da, euskarak dituen beharrak asetzeko ez-nahikoa, dudarik gabe. Ez da kasualitatea Bilbo 43. postuan (66 udalerritik) agertzea 2010eko udalerrietako hizkuntza-politikaren neurketaren rankinean”.

Esandakoak kontuan hartuz, Maite Indak, UHP Neurketaren arduradunak, gogorarazi du “Bilboko alkatetzatik ez zaiola euskaldunen euskaraz bizitzeko nahiari bide ematen. Iñaki Azkunak ez du euskararik ikasi urte hauetan guztietan, Osakidetzako buru eta ondoren Sailburu izanik ez zuen abiatu euskara planik, Bilboko alkatetzan dagoenez geroztik ez du euskararen ordenantzarik indarrean jartzeko pausurik eman, bere alderdiak beste herri batzuetan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen dituen bitartean (Bermeo eredugarria da). Barcina Andereak ere ordenantzak dituela kontuan hartuz gero, nekez esan liteke Bilbo euskaldunaren aldeko politika egiten duenik”.

Bilboko euskalgintzako kideek adierazi dutenez, “ezinbesteko jotzen dugu, Kontseiluak egindako neurketaren emaitzen ondorioak aintzat hartuta,  honako arlo hauetan benetako aurrerapausoak ematea bilbotarron hizkuntza-eskubideak bermatze aldera: Bilbok Euskararen ordenantzak behar ditu, aurrekontu handiagoa behar du, euskara ikasteko diru-laguntzak unibertsalak behar dute izan, hiriko esparru guztietan erabilera eta sustapen plan eragingarriak jarri behar dira abian, udalak erabilera plana berrikusi behar du, bertan langile guztiak parte hartu behar dutelarik eta kontratatu berri guztiak euskaldunak izateko erabaki hartu behar du, udalak diruz laguntzen dituen entitate guztiei hizkuntza-irizpideak ezarri behar zaizkie eta amaitzeko, Bilboko euskalgintza aintzat hartuta, Udalak Euskara Biziberritzeko Planean parte hartzeko bide eman behar die nahi duten eragile guztiei, horretarako Planak berak aurreikusten dituen jarraipen batzordeak eratuz eta konbokatuz”.

Bide honetatik, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak definitua duen euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria aintzat hartu eta datozen 4 urteak euskararenak izan daitezen arduraz jokatzera deitu ditu Paul Bilbaok bertaratutako ordezkari politiko eta sozialei, elkarlanean aritzeko prestutasuna adieraztearekin batera.

Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituen proposamenak, datuak eta irakurketak www.udalenhizkuntzapolitika.org web gunean jaso dira.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.