Herritarren parte-hartzea udalaren erabakietan. Atez Ateko bilketaren aldeko beste puntu bat
Errausketaren bultzatzaileek behin eta berriz errepikatzen duten mezuaren arabera Atez Ateko Bilketa (AAB) herritarrei inposatzen zaie. Demagogia merkea egitea erraza da komunikabideak jokoa segitzeko prest egon eta panfleto koloretsuak buzonatzeko behar adina diru daukazunean.
Baina pentsatzen hasten bagara, erakundeetatik datorren zein erabakiren inguruan antolatu izan da herritarren parte-hartzea bultzatzeko AABrekin bezalako prozesurik? Auzoka, sektoreka hainbat bilera erronda egiten dira denon parte-hartzea ziurtatu eta ekarpenak jasotzeko. Herriaren tamainaren arabera, 5-25 batzar artean. AABren “inposaketaz” hitzegiten dutenek galdera horri erantzun beharko liokete.
Aurre baldintza bakarra: Arazoa konponbidean jartzea.
AABren inguruko parte-hartze prozesuak bezalakorik ez dugu ezagutzen Euskal Herrian. Oinarrizko eskubideak diren osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatzeko marra gorria marraztu da aurrez. Udalak, dagokion arduraz, hondakinekin dugun arazo larriari guztiok onartzen dugun irtenbidea jarri dio abiapuntutzat. Murriztu-berrerabili-birziklatu katean benetan eragitea. Kate horretan udalak gehien eragin dezakeen mailari heldu diote oraingoz: gaikako bilketaren bidez birziklapenari.
Subjektuak identifikatzea arrakastaren oinarrizko giltzarria
Gauza jakina da, edozein gaitan eragin nahi bada, emaitzan eragin dezakeen subjektu bakoitza identifikatu behar dela, saritu, irakatsi, eta beharrezkoa irizten bada zigortzeko. Horrela gertatzen da trafikoan, garraio publikoan deskontuak aplikatzean, zergak ordaintzean, e.a.
Hondakinen bilketa ez da salbuespena. Emaitza onak lortuko badira erabiltzaileak identifikatzeko modua egon behar du. Horri, AAB ala nahi den bezala deitu ahal zaio, baina ezaugarri ezinbestekoa da.
Hortik aurrera, nahi adina modutara egin daiteke bilketa. Zintzilikarioekin ala gabe, kuboekin ala poltsekin, halako ordutegiarekin ala bestelakoarekin. Modu batzuk erosoagoak izango dira, beste batzuk merkeagoak, beste batzuk estetikoki txukunagoak… Gaikako bilketan gutxieneko emaitza bermatzea oinarrizkoa da gaur egun hondakinen kudeaketa txarraren ondorioz daukagun arazoa konponbidean jarri nahi bada.
Parte-hartze prozesua: Konponbidea bermatuta, herritarrekin batera sistema herrira moldatzeko bidea.
Parte-hartze prozesua ez da soilik informazioa jasotzeko. Proposamenak egin eta erabakiak hartzeko aukera ematen du. Helburu nagusia, gaikako bilketa eraginkorra, eta eskura dauden baliabideak dira muga bakarrak. Hauek dira parte-hartze prozesuaren helburuak:
Informatzea:
Herritarren egunerokoan aldaketa txikia suposatzen badu ere, herritar guztiei eragiten die. Beharrezkoa da beraz herritarrei dagoen arazoa azaltzea eta eman beharreko konponbidea zein den ezagutaraztea.
Horretaz gain, jarriko den bilketa sistemaren ezaugarri nagusiak zein diren ere azaldu behar zaizkie herritarrei. Ezezagutza handia dago, eta informazio okerra zabaldu da han eta hemen. Garrantzitsua da beraz, herritarrei gauzak argitzea eta AABri buruzko ezagutza zuzena bermatzea.
Herritarrek dituzten kezka eta zalantzak agertzea da bilatzen den helburuetako bat. Kezka asko, zabaldutako informazio oker horrek eraginak dira. Benetan gauzak nola diren azalduta konpon daitezke.
Proposamenak jasotzea:
Badira arrazoizkoak izan daitezkeen zenbait kezka. Batzuk orokorrak eta besteak herriko, auzoko, nahiz kale zehatz bateko ezaugarriek eragindakoak. Arazo hoiek nola konpon daitezkeen proposatzeko gunea da parte-hartze prozesua. Herritarrek ezagutzen dute ondoen bizi diren ingurua eta ekarpen garrantzitsuak egin ditzakete. Arazoak, borondatea dagoen lekuan, konpondu egiten dira.
Erabakiak hartzea:
Bideragarriak diren proposamenak parte-hartze prozesuan adostu daitezke. Adibide bat jartzearren, Usurbilen egutegia eta ordutegia herritarrek erabaki zituzten parte-hartze prozesuan.
Atez atekoaren alde nago. Badakit gaia politizatu eta eztabaida baldintzatu nahi izan dutela eta neurri batean lortu dutela. Badakit zaborrak eragindako arazo potoloaren aurrean herritarrei egin beharreko galdera ez dela atez ateko bilketa bai ala ez, baizik erraustegia bai edo ez da egin behar dugun galdera. Eta ez, nahi duten bezala, jendea nahastuz, galdera zaborraren bilketa ereduan zentratu. Horrerarte ados.
Ulertzen dut ere Gipuzkoako udalerrietan agintean dagoen Bilduk bere programaren baitan atez ateko bilketa sistemaren aldeko apustua jasota zuela eta herirtarrek horri babesa eman diotela. Badakit ere udal agintariek, programa piolitikoan jasota izanagatik eta beren ardura delako, argudio nahiko badituztela, interes orokorra eta osasuna bezalako printzipio eta eskubideak tarteko, atez ateko bilketaren sistemaren aldeko erabakia hartzeko. Finean, sinisten dutenaren alde egitea kontzekuenteki, inolako galdeketarik gabe. Izan ere herritarrak ez du kutsatzeko inolako eskubiderik, birziklatzeko betebeharra izan beharko luke.
Baina nire kritika hemen kokatzen dut: Behin legitimoki atez ateko sistema ezartzea erabaki dutenean udaletxeek eta sistema inplantatzeko fasea martxan jarri behar denean, nola dei diezaiokegu “parte hartzea” sistema inplantatzeko egingo diren bilera informatiboei edo iradokizunak eta proposamenak jasotzeko antolatzeko ekimen ezberdinei??? Hauek prozesu informatiboak edo ekarpenak, iradokizunak jasotzeko prozesuak izango dira, eta akaso parte hartze prozesuak aurrera eramaterakoan erabili ohi diren metodologia edo ariketa parte hartzaileak erabili ahalko dira, bestelako bilerak egite aldera, beste modu batera ekarpenak jasotze aldera….baina ez dut uste horri parte hartze prozesu deitu diezaiokegunik.
Izan ere bilerak beti dira parte hartzaileak bertara jendea hurbildu, proposamenak entzun, iritzia eman eta eztabaidatu egiten duen unetik. Baina uste dut herritarrak egun, eta azken udal hauteskundeetatik bestelako politika eredu bat egin nahi delaren mezua jaso duenetik, beste gauza bat espero duela parte hartzeaz ari garenean. Eta horregatik ez zait egokia iruditzen betiko bilerei, betiko informazio prozesuei (nahiz eta zabalagoak izan, nahiz eta hainbat saioen bitartez egin, nahiz eta modu ezberdin batean gauzatu) parte hartze prozesu izena eman behar zaienik.
Nire ustez nahasmena eragiten du eta espektatibak gutxitu eta nolabaiteko frustrazioa eragiten du, gerora etor daitezken eta herri askotan martxan jarriko diren benetazko parte hartze prozesuak gutxietxiz eta deslegitimizatuz.
Izenak izanari erantzun behar dio eta nago nik parte hartzea egiten dela esan nahi dugula egiazki beste gauza bat egiten ari garenean (eta horrekin ez dut esan nahi bilera edo prozesu informatibo horiek beharrezkoak ez direnik eta burutzen diren modu berriak komenigarriak ez direnik; alderantziz). Baina iruditzen zait nahasmena eragiten ari dela eta jendeak ez dakiela oso ondo “parte hartze prozesuetaz” hitz egitean zertan ari garen.
Deitu iezaiozue “Atez Ateko Bilketa sistema ezartze aldera informazio eta ekarpen prozesua”, aplika hitzazue bertan modu egokian planteatu dituzuen metodologia edo dinamika parte hartzaileak, baina ez deitu horri Parte Hartze prozesua.
Kaixo Garikoitz
Zuk planteatzen duzuna zilegi iruditzen zait, izenaren gaineko eztabaida alegia, baina ez nator bat diozunarekin. Ni Usurbilen bizi naiz eta ondo ezagutzen dut parte-hartze prozesu hori. Informatu baino askoz gehiago egin nuen bertan. Taldeak sortu, eztabaidatu eta proposamenak egin. Erabakiak batzarretan hartu eta hasierako udalaren proposamena aldatu ere bai. Esan beharra daukat inoiz bezala izan dudala aukera herritar naizen aldetik udalaren erabaki baten gainean hainbeste eragiteko.
Parte-hartze prozesuak noski, modu askotakoak izan daitezke eta egiteko beste formulak egongo dira. Baina berriz diot, artikuluak dioenarekin bat, nik neure 43 urteetan ez dudala honen parekorik ezagutu.
Artikuluaren helburua ez da parte-hartze prozesurik egokienak nolakoa izan behar duen eztabaidatzea, nahiz eta pozgarria deritzogun ezxtabaida horri ekiteko balio izan badu. Azken finean horren beharra ere badago eta.
Artikuluak bi helburu ditu:
Inposaketari lotu zaion gai bat, atez ateko bilketa, lotura horretatik askatzea. Azken finean, xelebrea da parte-hartze mailarik handiena daukan gaiari guztiz kontrakoa den ezaugarria eranstea.
Beste helburua Atez Atekoaren parte-hartze prozesuen ezaugarriak ezagutzera ematea, ez baitira informazioa jasotzeko bilera hutsak.
Prozesu hauek hobetzerik baldin badago, hobetu bitez, baina onartezina dena da dena goitik behera erabakitzen den gizarte honetan, gehien aurreratu den alorra, zer eta horretaz salatzea.
Ni donostiarra naiz, eta joan nintzen alkateak auzoetan egin zituen “parte hartze” bileretara. Bertan bi dozena edo izango ginen, baldin baginen, eta auzoari buruzko gogoeta egin genuen. Auzoak uste dut bi edo hiru milatik gora biztanle dituela.
Horri parte hartzaile deitzea eta horrelako bilera batek udal osorako ezarriko den ordutegi bat erabakitzea, ez dakit bada…
Donostiako bileretaz ez gara ari. Atez Ateko bilekta jartzeko egiten direnetaz baizik. Eta hoietan aretoak beteta egoten dira. Usurbilen adibidez azken batzar orokor bat egiteko kiroldegira joan behar izan zen jendea sar zedin.
Ez dauka zer ikusirik zuk aipatzen duzunarekin.
Hemen beste adibide bat. Zaldibin lehenengo bileran 110 herritarrek hartu zuten parte.
http://www.zaldibia.org/udala/albisteak/1156/Antzokia_beteta_aurkeztu_zen_bilketa_sistemen_inguruko_azterketa./
Esan nahi nuena zen bilera horretara joaten diren gehienak aldekoak direla, eta horrela parte hartzea ez dela benetakoa izaten. Joan ez denaren errua dela? Seguru asko. Baina gauzak bere neurrian jarri behar direla iruditzen zait, solitarioari tranpak ez egite aldera.
Oker zaude horretan. Jendeak gauzak aurrera doazela dakienean, berari eragingo diola dakienean eta berak eragin dezakeela dakienean batzarretara joaten da. AABren parte-hartze prozesuetan aldekoak eta kontrakoak azaltzen dira.
Aupa! Berriro ere atez atekoari buruzko debate supernobedosoa. Yupi yei!!!
Gai zinez garrantzitsua da hondakinen kudeaketarena.
Ez da soilik hondakinak biltzeko modu bati buruzko eztabaida bat. Ingurumena babestea, gizartean eskubideak bermatzea (ingurune osasuntsu eta garbia izatearen eskubidea), ardurak banatzea (bakoitzari dagokio besteengan eragin negatiboa duen jarrera, ez birziklatzea kasu honetan, aldatzea), interes sozialak interes ekonomiko pribatuen gainetik jartzea (zementeren lobby-aren interesak)… daude eztabaida guzti honen atzean.
Azken finean, kudeaketa modu egokiago baten aldeko apustua da, Bildu Gipuzkoan egiten ari dena (posible duen leku eta eremuetan). Vocento, Deia… -ren jarrera guztiz lotsagarria da. Gaiari heldu behar zaion moduan heldu beharrean, beren interes partikularrek gidatuta, gizartea nahastea lortu dute, eztabaida guztiz desitxuratu arte.
Guztiz ados testuarekin, eta animo! Gipuzkoa Zero Zabor taldekoie. Intoxikazio mediatikoen gainetik, lan txukuna ari zarete egiten eta.
BLA BLA BLA: ingurumena babestea, ardurak banatzea, kaka zaharra.
Herri honetan beste hainbat gauza bezala, alderdikoikeria da nagusi: X alderdikoa bazara stez atekoaren alde egon behar duzu, eta X alderdikoa bazara kontra egon behar duzu.
Makina bat ezagutzen ditut atez atekoaren alde sekulako plastada ematen dutenak, baina gero etxebizitza unifamiliar batean bizi direnak, eta kotxea pixa egitera joateko ere erabiltzen dutenak (autobusa eta trena kutrea eta deserosoa dira). Hor ez dago gogoeta medioambientalik eta ez dago ezer, konsigna bat dago.
Eta kontrakoen artean berdin, beren alderdiak kontra daudenez aztertu ere ez dute egiten atez atekoak dauzkan onura ebidenteak, agerikoak.
NIRI gai honek gaur egun duen tratamenduak NAZKA ematen dit, herri honek duen konponente higuingarriena islatzen duelako: alderdikoikeria irrazionala eta atrintxeratua.
Zuk diozuna egon badago, nik ez dt ukatuko. Gai guztietan gertatzen da eta hau ez da salbuespena. Baina zintzoki honetan lan egiten ari den jende pila bat ere bai.
Zu salatzen duzuna, alderdikeria, azken finean elikatu besterik ez duzu egiten zure mezua horretara zuzenduz, konponbidea modu eraikitzailean ari direnen ahalegina mespretxuz baztertuz.
Besteak gaizki egiten dutenaren aitzakitan, guztiok daukagun ardurari ihes egiten diozu eztabaida baztertuz.
Azkenik, zure adibidearekin segita, atez atekoaren aldeko argudio bat. Pixa egiteko ere kotxea hartzen duten hoiek ere, atez atekoarekin hondakinak gaika ateratzen dituzte. Zergaitik? Superkontzientziatuta daudelako? Ez. Hondakinak gaika ateratzeko autoa hartzeko baino errazagoa daukatelako. Horregatik da atez atekoa ona, gauzak ondo egitea erraztu eta gaizki egitea zailtzen duelako.
BLA,BLA,BLA: Konsignak eta bestelakoak direla esan… eta ezer ez egitera bultzatu. Total… zertarako? Ezta, Ipurtzuloraino?
Eta zure konsigna ez al da ba, boterea bere horretan manten dadin zabaltzen direnen parekoa? Hau da… “ekologistatzat dutenak bere burua, auto partikularretan ibiltzen dira!!” “Diskurtso ezkertiarra duten askok, etxebizitza propioa dute!” “antiimperialista dela esaten du, eta Cocacola edaten du!”… Modu honetako diskurtso hauetaz ari naiz. Zein da “argudio” hauen benetako helburua? Gizarte hobeago baten alde dauden (edo egon litezkeen askoren, hau da, gauzak arrazoituz ulertzen eta babesten duten pertsonen), argudioari pixua kentzea. Ezkertiar eta ekologistak garen guztiok hipokrita batzuk izango baginake bezela.
Nik ez dut esaten kontraesanik ez dugunik. Bizi garen mundu honetan, gehioago edo gutxiago, guztiok dauzkagu. Aldiz, kontraesanak izanagatik ere, gauzak hobeto egiteko bidean dabiltzan pertsonei (kalean diskurtso bakarretik haratago hitz egiten dutenak barne hartuz ere) honelako argudioekin erantzuten duen jendea, askoz ere mespretxagarriagoa iruditzen zait, etxe unifamiliarra duten eta autoa erabiltzen duten pentsamendu askeko pertsona bat baino, hau da, arazoak ulertu eta konponbide arrazionalen aldeko jarrera eta diskurtsoa dutenak.
Nik ere entzuten ditut, “ahalik eta gehien birziklatu behar da, 5. edukiontzia behar dugu. Atez atekorik ez!”, “atez atekoa inposaketa bat da, erraustegia jarri behar da!” “erraustegia jartzea merkeagoa da, bilketa sistema sinpleagoa delako”. Aldiz, ez dut erabiltzen “argudio” hau, atez atekoaren aldeko argudio gisa. Ez al da obe, gai jakin batean, gai horri buruzko argudioak erabiltzea? Gai serioei, seriotasun pixka batekin heltzea? Neri zer ajola dizkidate pertsonen kontraesanek. Kontraesanak argudioekin “sendatzen” dira.
Bestalde, ni ez naiz inogo partidutakoa. Nik pentsamentu batzuk ditut eta gertukoen dudan partiduari emango diot botua, edo kasuan kasu, ez diot emango, eta bozka eman diodan partidua ozen kritikatuko dut.
Mikel, nik atez atekoa jartzea nahi dut, ez diot ardurari ihes egin nahi. Denek ardura hori izatea nahi nuke. Baina ardura, benetakoa. Kontra daudenak konbentzimenduz (eta ez partidismoz) egotea nahi nuke, eta alde daudenak konbentzimenduz eta arduraz egotea nahi nuke (eta ez partidismoz). Baietz, badakidala asko eta asko konbentzimenduz gaudela, eta pozten naiz. Baina asko eta asko kontsigna politikoa delako daude alde; asko eta asko kontsigna politikoz kontra dauden bezala. Eta egoera HORREK enkistatzen du auzi hau nire ustez.
Nire iritziz, Gipuzkoan herri guztietan (handi nahiz txiki, eta edozein koloreko alkateekin) gertatu den zementizazio brutala agian AA eta zaborraren auzia baino askoz latzagoa izan da. Baina badirudi ez zaiola jendeari askorik inporta izan: ez dago manifarik alde, ez kontra. Tira, izan dira etxebizitzaren kudeaketa razionalagoa eskatu izan duten mugimenduak, baina kolore guztietako alkatetzetan egin izan dira urbanizazio filosofikoki insostenibleak, eta zementismoan sortutako etxe horiek erosi dituzte kolore guztietako erosleek; hor ez da eztabaidarik izan, ez da enkistamendurik izan. Gero AAren aldeko nahiz kontrako manifetan aterako zirenak izan dira etxe horien erosle.
Ze, Katea_apurtu, denak ditugu inkoherentziak. Eta ez naiz “antiinperialistak coca cola edaten du” bezalakoak esaten ari, besteak beste nire salaketa ez delako unidirekzionala.
Baina, nik uste dut debate honi kalte handiena eragin diona irrazionaltasuna izan dela. Baina ojo, bi aldeetatik. Eta biak salatzea da zilegi. Zilegi izateaz harago, sanoa. Mass medien uholde manipulatzailea ikusten badut, atzeraka eragiten dit. Baina beste alde bateko uholde (ez manipulatzaile, ez inposatzaile) baina bai kontsigna monolitiko ezarlea ikusten badut, horrek ere atzeraka eragiten dit. Eta bi atzerakada horretan gabiltza dantzan, klabe negatiboan, klabe positiboan egon ordez. Eta klabe positibora itzultzeko modu bakarra da monolitismoak haustea, eta eztabaida sanotzea.
Nik nahi nuke AAk gizartean harrera hobea izatea, eta horretarako nahi nuke mass mediek eta alderdiek manipulazio monolitikoak uztea eta jendeak benetan neurtzea AAren onura ebidenteak; konbentzituta nago asko alde egongo lirakeela (ezagutzen dut bat baino gehiago). Eta nahi nuke AAren alde dagoena ez egotea alde kontsigna diziplinagatik, besteei kaña emateko. Konbentzituta nago asko kontra egongo lirakeela.
Euskaldunok beti berdin, bigarren mailako gaiekin elkarri mutur joka. Nola liteke zaborra izatea gure arteko zatiketaren arrazoia?
Ez da nolako Euskal Herria nahi dugun eztabaidatzeko garaia, Euskal Herria nola askatuko dugun eztabaidatzeko garaia da!
Jar ditzagun lehentasunak mesedez!
Supernobedosoa ez dakit, baina beharrezkoa bai. Baina klaro, dena da erlatiboa