Toño Murori eginiko beste elkarrizketa bat

 Patxi Larrionek eta Joni Ubedak elkarrizketa egin diote pasa den asteko Argia astekariaren zenbakian Toño Murori, Balerdi Balerdi taldeko abeslariari. Beste hau, aldiz, 1994koa da.


Lehenengo eta behin, hona hemen Patxi Larrionek eta Joni Ubedak eginiko elkarrizketaren lotura, behean doana baino dezente interesgarriagoa baita.

Nik egindakoa nire lehenengoetako (eta azkenetako) elkarrizketa da. Irungo Bertso-Hop Info aldizkarian argitaratu zen 1994an, esan bezala.

Balerdi Balerdi: Ez gara galdu diskoarekin berriro

1991. urtean taldearen izena zeraman diskoarekin eman ziren ezagutzera. Halere, ez dira gaurkoak. Musika munduan urte mordoxka daramate. Orain, berriz, hiru urte pasa dira eta kalean dute jadanik beren Ez gara galdu lana. Horregatik, Toño Muro abeslariarekin jardun genuen telefonoz. Ondoren datorrena horren adierazle da.
Bertso-Hop Info: Zuen lehenengo diskoa 1991. urtean kaleratu zenuten. Badakit azken bi urteetan taldea baztertua egon dela. Kontaiguzu bi urte hauetan zer gertatu den taldearen inguruan.

Toño Muro: Beno… baztertua, ez. Arazoak izan ditugu taldeko partaideen lanengatik. Egia esateko aurreko diskoa grabatu eta lehenengo urtean ekitaldi asko eman genituen. Halere, lanean jarraitu dugu kantak eta bestelako gauzak egiten.

Bertso-Hop Info: Orain, berriz, disko berria duzue. Zer nolako aldaketak egon dira? Partaide berak al daude?

Toño Muro: Partaideak lehengo berak dira: Zara baterian, Marino baxuan, Blanka teklatuetan eta ni ahotsean. Kanta pare batetan Batiz sartu dugu gitarran. Oso trebea da bera eta benetan gustu handikoa. Gero, kanta batetan beste ahots bat sartu dugu, Elortzarena, Jotakie taldeko abeslari ohiarena. Eta, hori bai, kanta askotan Patxiren gitarra sartu dugu. Patxi erdi-managerra erdi-partaidea da. Mahaiaz arduratzen dena ere bera da. Denetatik egiten du.

Bertso-Hop Info: Azala Mauro Entrialgok egin behar zizuen, ezta?

Toño Muro: Bai, azala berea da. Guri egindako argazki batzuk erabili ditu.

Bertso-Hop Info: Musika aldetik, aldaketarik egongo al da?

Toño Muro: Aldaketa handirik ez dago. Agian, lehenengo diskoak zazpi kanta zeuzkanez gero, ezberdintasun handirik ez zeukan. Disko honetan erritmo eta moldaketen aldetik, kanta bakoitza ezberdina egiten saiatu gara, hortik ahalik eta gehien ateratzeko. Ez dakit nola esan, baina, agian, ikuspegi oso pop-eroa izan dugu zentzu horretan. Hau da, kanta hartzeko eta moldaketak eta gainerakoak planteatzeko, kantari egokituta eta ez disko osoari egokituta.

Bertso-Hop Info: Pop hitza oraintxe bertan aipatu duzu. Non bukatzen da pop-a eta non hasten da rock-a?

Toño Muro: Ez dakit. Azken finean, etiketak dira. Nik beste bi gauza bereizten ditut eta, agian, nahikoa gogorra izan daiteke bereizketa hau: musika eta kantak. Askotan txantxetan esaten dut: musika ez zait gustatzen, kantak gustatzen zaizkit. Kantetan hitzak eta melodiak sartzen dira. Musikan askotan, nire ustez, dena desbideratzen da, inprobisazio luzeak sartzen direlako, adibidez. Inportatzen zaidana kanta da, bere osotasunean: melodia, hitzak, moldaketak eta interpretazioa.

Bertso-Hop Info: Gogoratuko duzu nola irailaren bukaeran Bad Religion taldea Euskal Herrian egon zen. Oiartzungo Erne Dantzalekuan izandako istripua ere gogoan edukiko duzu. Gaur egun, areto txikiek aurrera darraite, baina, erdi mailakoek ez. Ez dago aretorik eta horrelako istripua tokatzen zaigu. Zer nolako eraginik izan dezake horrek zirkuitoan?

Toño Muro: Betiko hutsunea hortxe dago. Lehen, gaztetxe gehiago zeudenean, gaztetxeak leku aproposak eta nahikoa espezializatuak ziren, nahiz eta bestelako gauza asko ere egin, baina gaztetxeen barruko funtzionamenduan rock-a sartzen zen. Gero, desagertzen hasi ziren eta, enfin, ez dago lokal espezializaturik. Dantzalekuetan ere gero eta gutxiago. Jabeak animatzen badira, kontzertuak antolatzen dituzte, boladaka. Halere, hor ez dago lekurik Euskal Herriko taldeentzat, goi mailakoak ez badira behintzat. Beno, tabernak eta, udan, herriko jaietan jaialdiren bat antolatzen animatzen badira… Halere, Egin egunkaria ostiraletan begiratuz gero, kontzertu asko iragartzen dira, nahiz eta beti baldintza kaskarretan egin.

Bertso-Hop Info: Txori batek esan dit, zuen hurrengo diskoa diskoetxe multinazional batekin aterako duzuela. Hori bai, derrigorrezkoa da ingelesez abestea.

Toño Muro: Niretzat behintzat Balerdi Balerdi taldean hizkuntza da inportantea. Adibidez, gaztelaniaz abesten duten taldeen aurkako aurreritzirik ez daukat, baina hemengoak izan eta ingelesez egiten dutenen aurka, bai. Badakit gogorra dela, baina egia esateko, bai. Okerrena da ingelesez abesten duten talde horiek maite duten musika eta egiten saiatzen diren musika gustatzen zaidala. Ingelesez abestea errezegia iruditzen zait eta kantaren zati handi bat baztertzea suposatzen du. Agian, beraiek oso ondo menperatzen badute hizkuntza eta publikoak ere… Halere, alde honetatik, publikoaren aldetik, ez dut uste egia denik…

Bertso-Hop Info: Beraiek, berriz, rock-aren hizkuntza ingelesa dela diote. Era berean, eta orokorrean ari naiz, ez dut uste letreei inportantzia handirik ematen dietenik.

Toño Muro: Literatura irakaslea izanik, antzeko zerbait gertatu zen XIV. eta XV. mendeetan. Lehenago, poesia kultoa italieraz bakarrik egiten zen. Batzuei, Garcilaso De la Vega tartean, beste hizkuntza batean egitea bururatu zitzaien eta prozesu luzea izan zen. Hizkuntza bat egokitu egin behar da, alde batetik, eta musika ere hizkuntza berri horrekin aldatuko da.

Bertso-Hop Info: Lagunen batek esan dit “galde iezaiozu ea zer musika entzuten ari den momentu honetan”.

Toño Muro: Une honetan, diskoaren grabazioa dela eta, oso gauza gutxi. Adibidez, Neil Young abeslariaren azkena, The Posies taldearen azkena. Horiek, gauza berrien artean. Gero, baditut betiko gauzak: Tom Petty, Little Village, Incredible String Band, etab.

Bertso-Hop Info: Mestizaia: Khaled, Youssou N´dour, Alí Hassan Kuban…

Toño Muro: Nire ustez gaur egun ia-ia dena mestizaia hitz horretan sartzen da, baina aspaldiko gauza da. Hizkuntza aldatzen denean, mestizaia hori agertzen da, musika hizkuntza batek duen ezaugarri fonetikoetara egokitu behar delako, batez ere. Orain, agian, Afrikako herrialdeak gertuago egiten direlako, horiekin lotzen dugu mestizaia hitz hori, baina pentsatzen dut Polonian edo Hungrian horrelako mestizaia egitea ere litekeena dela, baita gure aldetik ere, eta egin egin dugula. Ez dut gauza arrarotzat jotzen, baizik eta logikotzat, naturaltzat. Agian, Ingalaterran ere egin zuten hasiera batean. Niretzat, Ingalaterrako pop-a herriko musika da, ez tradizionala, baizik eta 40.-50. hamarkadako musika. Hor ikusten da nola egokitu zuten musika rock-a jaso zutenean. Beraz, mestizaia ekidinezina da eta, bestalde, gaur egun, kontzienteagoak gara.

Jatorrizkoa Mikel Iturriaren Harrikadak blogean. (CC)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Toño Murori eginiko beste elkarrizketa bat”-ri buruz

  • (Argiako elkarrizketa osoari erreferentzia eginez) jakinminez, Toño: zer zerbitzu dotore dituzte, Iruñean, errekaz “hontaldeko” auzoek? Non egon da orain arteko kartzela? Zenbat liburutegi daude zabalgunean (=zero)? Eta aldez zaharrean (orain, nik dakidala, zero)? 20.000 biztanle izanik, zenbat frontoi publko daude Donibanen (1, eta ezker paretarik gabea)? Zenbat Arrotxapean? Non dago Arantzadiko igerileku publikoa? Donibaneko “sindicales” etxeak eta ingurukoak (San Alberto…) aberatsenak dira? Edo Iturramako Grinaldi taldea? Ez ote da topiko samarra?