Herritarren partaidetzarako bulegoa martxan Gipuzkoan
Ez dira garairik onenak demokrazia errepresentatiboarentzat. Herritarrok, oro har, konfiantza gutxi dugu klase politikoarengan eta oso urruti sentitzen ditugu gure erakunde publikoak. Hori diote behin eta berriz egiten diren ikerketa guztiek. Eta gainera, politikatik, politikariengandik eta erakundeetatik urruntze hori geroz eta handiagoa da. Beraz, badirudi, mendebaldeko ordezkaritzaren demokrazia sistema krisian dagoela, edo gutxienez, zulo dezentea duela.
Testuinguru horretan, batek baino gehiagok azken urteotan demokrazia parte-hartzailearen aldeko aldarrikapena egiten du: parte hartzean oinarrituta aurrekontuak, proiektuak parte hartze prozesuen bitartez aurrera eramatea, proiektu bat egin behar den edo ez erabakitzeko kontsultak, etab. Ados nago horiekin guztiekin, baina ez dut uste errezeta magikorik dagoenik. Ez dut uste politika guztia parte-hartze prozesu zabaletan oinarrituko balitz ere, demokraziak zulo guztiak gaindituko lituzkeenik. Demokrazia partehartzailea eta demokrazia errepresentatiboa eskutik badoaz, emaitzak demokratikoagoak eta efizienteagoak izango direla iruditzen zait.
Herrialde aurreratuenetan, eta batez ere guk baino tradizio demokratiko handiagoa dutenetan, aspaldiko urte hauetan ari dira parte-hartze prozesuak erakundeen funtzionamenduan sartzeko saiakerak egiten. Horregatik, gipuzkoar bezala, pozgarria egin zait Markel Olanoren Foru Gobernuak bultzatu eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengo zabalez onartu den Foru Arau berriaren albistea. Ez da nik nahiko nukeen bezain aurrerazalea eta aurreratua, baina lehen urrats garrantzitsua dela uste dut. Gipuzkoako parte-hartze prozesuak arautzeko, sustatzeko eta marko zabal batean kokatzeko balioko du. Eta horrekin guztiarekin, arauak ahalbidetzen duena martxan jartzen joan ahala, pixkanaka gipuzkoarron artean sustraituko den parte-hartzeko kultura da, nire ustez garrantzitsuena.
Ez da parte-hartzearen foru arau perfektua, eta seguruenik askorentzat gutxitxo izango da. Baina Gipuzkoak pauso garrantzitsua eman du parte-hartze prozesuak arautzeko egindako ahalegin eta legearekin. Orain, demokrazian bestela ezin den bezala, herritarroi dagokigu herrigintzan eta politikan parte-hartzea. Foru Araua horretan lagun izan dezagula, eta ez aitzakia.