Adarra jo digute

Mjc5MA==

 

Atzotik indarrean da Hego Euskal Herrian Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa, Abortuaren Lege berria, alegia. Araudiak ezarritako epeen sistemaren arabera, emakumeek azalpenik eman gabe abortatu ahal izango dute haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan, eta osasun sistema publikoek zerbitzu hori bermatzeko betebeharra izango dute.

Baina zerbitzua ez da zertan osasun sare publikoan jaso, ezta autonomia erkidegoan bertan ere. Legearen arabera, erkidegoetako administrazioek hamar eguneko epea izango dute abortatu nahi duten emakumeei haurdunaldia non eten dezaketen jakinarazteko. Osasun etxe publiko batean zein itunpeko klinika batean izan daiteke; baina erkidegoan aborturik egiten duen zentrorik ez badago, emakumeak beste erkidego batera bidera ditzake administrazioak, hartarako gastu guztiak bere gain hartuz. 

Osasun zentroen eguneroko jardunean beraz, ezer gutxi aldatuko da Abortuaren Legearen eraginez; are gutxiago Nafarroan, non ez bait den aborturik egin azken hogei urteotan, eta lege berriak berdin jarraitzeko parada emango dien osasun etxeei.

Borondatezko haurdunaldi etena eskatzen duten emakumeak itunpeko klinika pribatuetara bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezen esanetan “emakumeek klinika pribatuetara jotzen jarraituko dute haurdunaldia ingurune pribatuago batean etetea nahiago dutelako”. 

Baina EAE eta Nafarroako ospitalen babes haustezinena osasungintzako langileen “kontzientzia eragozpena” delakoa da. Sailburuordeak adierazi duenez, horren arabera erabakiko dute Osakidetzan borondatezko haurdunaldi etenak har ditzaketen ala ez. Eta Nafarroako osasun zentroek jarrera berdina hartu dute, azken hogei urteetan bezala, emakume nafarren eskubidea beren moralaren menpe jarriaz.

Hego Euskal Herriko mediku guztiek kontzientzia eragozpen berbera sentitzen dutela sinestaraziko digute? Nafarroan bezala, isilpean aritu beharko dira EAEn ere Abortuaren Eskubidea babesten duten medikuak? Eta denek kontzientzia arazoa pairatuko balute, nolatan ez dituzte halako eragozpenik ez duten medikuak kontratatzen? Nork du eragozpena, medikuak ala administrazioak? Ez dezagun gure burua engainatu, arazoa, orain arte bezala, emakumeok izango dugu, adarra jo baitigute.

Irudia | haserrea | Victor Oliver | Creative Commons By SA
abortuaren legea
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude