Herriko Batasuna (6) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Beñat Laxaguen –

Berokuntza eta arropa-garbiketa

Herriko Batasunak berokuntza segurtatzen du. Galdara batek edo pare batek beroa komunitateko berogailu guzietara igortzen du.

Halaber arropa-garbiketa tokian, batasundarren arropa eta linja guzien garbitze, idortze eta pedaxatze guziak egiten dira. Kide guziak bere linjarako zenbaki bat edukiko du. Bere linja ekarri eta berreskuratuko du astean behin garbiketa tokian. Geroxeago ikusiko du nola kideek asebeteko duten beren beztitzeko beharra.

Aisialdi-tokia

Aisialdi-gela, edo hobeki erraiteko, aisialdi-etxea beharrezkoa da bizitza komunitario batean. Hor daude liburuak, aldizkariak eta egunkariak, telebista eta beharbada disko-jogailua edozeinek noizean behin etxera eramaten ahalko duena.

Beste batimenduak

Batimenduen deskribapenaren jarraian, haurren etxeak aipatzea gelditzen zait. Hauek toki handia daukate batasundarren gogo bihotzetan: eta gai honi buruz hausnarketa bat eginen dut haurren hezkuntzari kontsakraturiko kapituluan.

Beñat Laxaguen
Arg: JacksonDavid

 

BARNE ANTOLAKETA ETA ERABAKITZE ZENTROAK

Zerbitzu kolektiboak biziki garatuak diren marko horretan, giza harremanak eginen dira bide biziki zehatz batzuetatik. Kaserna diziplina oro baztertuz, hautaturiko funtzionamendu modua egiazko demokrazia da maila guzietan. Horrek soilik, elkarrizketa denei erraztuz, ahalbide dezake masaren aitzinamendua. Jende guzia komunitatearen martxa orokorrari interesarazteko bide bakarretarik bat da. Gainera horrela hartutako erabakiak sakonagoak eta eraginkorragoak dira gizaki bakar baten nahikundeak har litzakeenak baino. Demokrazia biziki zabal hori gauzatuko da batzordeetan eta batzar nagusian idazkaritzaren bidez ekiteko.

Batzar nagusia

Batzar nagusia Herriko Batasunaren erabakitze organismo inportanteena da.

Hemezortzi urte gutiagoko gazteez aparte, batasundar guziez osatua da. Bilduko da astean behin edo bi astetik behin. Gehienetan, lehendakaritza idazkariak du segurtatuko. Bertan, kideen nahiaren araberan, edozein gai-ordenaz eztabaida daiteke; funtsezko arazoak ala detailekoak aztertuko dira: adibidez lantegiaren funtzionamendua haurren hezkuntza bezala.

Batasundar orok boz bat dauka. Erabaki guziak hartuak dira eskua altxatuz eta batzar horren autoritatea guztiahalduna da.

Herriko Batasunaren funtzionamendu onerako, batzar horren bilerek garrantzia berebizikoa daukate. Bilera horietan agertuko da komunitatearen aitzinamendurako kide bakoitzaren interesa. Eztabaida horien bidez da pixkanaka osatuko Herriko Batasunaren izpiritu propioa. Eztabaida gogorren zauriak eta gaitzidura posibleak laster sendatuko dira komunitate beraren kideen arteko kontaktu jarraiagatik.

Bakoitzak erantzukizun bat hartu beharko du tratatutako arazoaren gainean. Bere baitako jujamendua egin beharko du eta ahalegin horri esker du bakarrik egiazko demokrazian parte hartzen ahalko.

Idazkaritza

Batzar nagusiak legegintzaren boterea dauka. Idazkaritza deituriko batzordeak botere exekutiboa dauka. Sei kidez osatua dago, alegia: idazkaria, diruzaina, lanaren antolatzailea, lantegiaren zuzendaria, hezkuntzaren zuzendaria eta zerbitzu sozialena. Idazkaritza denek hautatzen du urte baterako. Karguak errepika daitezke bakarrik diruzainarentzat eta lantegi zuzendariarentzat, lanpostu horiek konpetentzia berezi bat eskatzen baitute.

Batzorde exekutibo horrek batzar nagusiaren agindupean dihardu. Herriko Batasunaren kudeaketa orokorraren erantzule da. Batzordeen lana gainbegiratzen du eta askotan batzar nagusiaren gai-ordenaren gehiena osatzen du. Pentsa genezake handinahi ugari izan daitezkeela kargu horiek hartzeko; aitzitik, usu ez da batere horrela. Gertatuko da arduradun horiek beren nahia kontra batzar nagusiak izendatuak izaitea.

Batzordeak

Batzordeek betetzen dute komunitatearen barnean aktibitate arlo sorta bat ongi zehaztua. Batzuetan azpi-bateordeek batzordeak laguntzen dituzte. Okupatzen dira hezkuntzaz, kulturaz, kirolaz, herriko batasuneko egunkariaz, gizarte- arazoez, jin berrien integrazioaz, eta abar. Laupabost pertsonako batzorde horiek urte baterako hautatuak dira eta errepikagarriak dira. Haien lana nahikoa espezializatua da baina batzar nagusiaren onespena behar dute. Normalean kide batek behar du batzorde batean bederen parte hartu.

Demokrazia zuzena eta erantzukizun-postuen txandakatze lasterrak burokraziaren kontrako neurri eraginkorrak dira.

Giza faktoreak bere errola osoki betetzen ahalko du, teknokraziak ordeztua izan beharrean.

Beñat Laxaguen  Beñat Laxaguen

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude