Herri Sanferminak

Herri Sanferminak –

Iaz Herri Sanferminen bultzatzaileok bi prentsaurreko egin genituen O Plazan, Udalak hiriaren erdiguneko plazetan txoznagunea jartzea debekatu zigula salatzeko eta hala ere, haien eredu pribatizatzaile eta merkantilistaren aurrean, kaleak gureak direla eta erdigunean programazio herrikoi bat antolatu genuela iragartzeko. Esan eta egin, Herri Sanferminek aurrera jarraitu zuten, traba guztien gainetik.

Aurten, antzeko prozesua bizi izan dugu UPNren Udalarekin, haiek etengabe erdigunetik kanpoko espazioak eskainiz eta guk erdiguneari eutsiz. Azkenean, Herri Sanferminen biziraupena bermatzeko, egun bakarrean kontzentratu behar izan dugu egitaraua, eta O Plaza izanen da Herri Sanferminen gune nagusia. Aurtengo honetan, txoznagunea izanen dugu uztailaren 10ean! Erresistentzian bizirik jarraitzen dugu, jai eredu kapitalistaren eta UPNk indartutako bazterketa politikoaren aurrean, Sanfermin herrikoiak eraikitzen!

Herri SanferminakIaz UPNk bidean jarritako harri guztien artetik LORATZEN ari ginela esan genuen. Ba aurten, harri horiek jaso eta GUZTION IRUÑEA ERAIKITZEN ari garela diogu. Agian, botako digute pareta bat, edo bi… Baina jarraituko dugu gurera. Iruindar guztiok kabituko garen etxe anitz, koloretsu eta aske bat eraikitzen. Iruindar guztiak elkar zaindu eta bizilagun berriak beso zabalik jasoko dituena, inork inor zapaldu edo erasotzea onartuko ez duena, eta guztiok guztiontzat auzolanean aurrera aterako duguna. HERRI SANFERMINAK guztion etxea dira. Etxe antikapitalista, ekologista, feminista, euskaldun, kultural, parte-hartzaile eta anitzak. Ongi etorri denon etxera!

Hori bai, ezin dugu ahaztu Sanfermin hauek, berriz ere, egoera prekarioan ospatzera behartuta ikusten dugula gure burua eta dinamika hau ezin dugula normalizatu. Horregatik, antolatu dugun egun horretan Sanfermin herrikoien alde jaigunea goraino betetzera dei egiten dugu. Udalari mezu argi bat helaraziko diogu beste behin: “HEMEN GAUDE, EZ GOAZ BAZTERRETARA”.

Horrela, egunpasa osorik egiteko herri bazkari erraldoia antolatu dugu eta txartelak Katakraken, Meson de la Nabarrerian eta Herriko Tabernan daude salgai. Gainera, gizakiz besteko animaliek ere aske eta duintasunez bizitzea merezi dutenez, zapalkuntzarik gabeko jaiak sortzera bidean, bazkaria %100 begetala izatea erabaki dugu.

Azkenik, Sanferminak elkar errespetatuz eta zainduz gozatzeko deia luzatu nahi dugu. Ez dugu inolako eraso sexista, arrazista edota LGTB+foborik onartuko. Erasoren bat jasan edo ikusiz gero, salatu! Horretarako, datozen egunetan telefono zenbaki bat zabalduko da.

Beraz, gorde agendan 10a eta bultzatu Sanfermin herrikoiak! Traba guztien gainetik, aurten ere gure jaiak gozatuko ditugu. Gora Herri Sanferminak!

Herri Sanferminak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude