Herri kooperatiben loratzea
Herri kooperatiben loratzea –
Alazne Arruti Bengoetxeak Noaua Usurbilgo aldizkarian.
Gizarte honetan bada zer aldatua eta batzuetan kosta egiten da nondik hasi ere erabakitzea. Tamaina ezberdinetako erronkak ditugu eta oraindik, haiei heldu baino, elkarri bizkarra astinduz jarraitzen dugu gehienetan. Ez da berria, ez da makala eta egiaz, zerbait aldatu nahi dugunaren seinale da. Baina jarrai dezagun kritiko izaten, eta indarrak alferrik ez ahitzen. Eta hasi gaitezen nonbaitetik, guk ez bada beste norbaitek egin beharko du eta.
Duela urte eta erdi pasatxo, BeƱat Irasuegik, artikulu interesgarri bat idatzi zuen Argia aldizkarian, ohi bezala. Komunikazioaren eta Teknologia Berrien arloan aditua da oreretarra, eta besteak beste, Olatukoop mugimenduko kide ere bada. Artikulu hartan, iragarpen bat egin zuen. Herri Kooperatiben garaia zetorrela zioen, ez zirudiela erraza, baina bazirela proiektuak (Igeldoko IKO Kooperatiba kasu) eta berriak ere bazetozela. Eta gaurkoan, hori berrestera nator.
Zuetako zenbaitek agian, ez du Herri Kooperatibak zer diren irudikatuko. Eta ez da harritzekoa, norberaren beharretik identifikatu ezean, definitzeko lausoa den kontzeptua dela esatera ausartuko bainintzateke. Baina zorionez, ekintzailetza sozialean diharduten eragile eta norbanakoek, kontzeptu honen mamia osatu eta elikatzeko lanketan jarraitzen dute (https://etzi.pm/2021/01/herri kooperatibak/). Eta horri esker irudikatu genezake gero eta errazago ideia hau. Izatez, forma juridiko zehatz bat ez duena. Malgua eta beharren arabera egokitu baitaiteke. Plataforma bat ere ez dena, baina baduena zerbait haren izaera eta izateko arrazoitik. Udala ordezkatzeko baliabide bat ere ez dena, baina baliatu daitekeena, zerbitzu publikoak birformulatu eta indartzeko tresna gisa.
Beraz finean, auzo, herri edo eskualde batek beharrezko dituen zerbitzuak eskaintzeko herri egitura moduan definitu genitzake figura hauek. Eta bertako ekonomia sozialeko agenteak, herritar talde antolatuak eta eragile publikoek, elkarlanaren bidez, helburu komun baten baitan biltzen dituen kooperazio mota litzateke. Beraz, bada zer eginik, antolaketa eredu hau baliagarria izan dadin. Helburu ekonomikoetan oinarritu daitekeen arren, inguruaren saretze eta elkar ulertze osasuntsu bat behar baitu oinarrian.
Akaso, oraindik nekez irudikatu dezakezue tresna hauen beharra. Beraz, hemen doa kokatzeko kasu bat. Demagun, 500 biztanle azpiko herrigune batean bizi zarela. Udalarekiko menpekotasun handia izanik ere, bertako baliabide minimoak bermatzeko zailtasunak jasaten dituena denboran zehar. Fisikoki erdigunetik bereizia dagoena. Garai batean, lehen sektore indartsu eta oparo batean sostengatzen zena. Ibaia eta lurra bizimodutzat izanik, ahalmen ekonomiko esanguratsu bat izan zuena. Herritarrei zerbitzu bikain eta kalitatezkoa ematen zien familia batek kudeatzen zuen denda bat izan zuena. Irekita mantentzea kosta egiten den taberna bat duena. Herri Eskola publiko bat iraunarazi duena, zailtasunei aurre eginez. Eta gainbeheran doana, abiada esanguratsuan. Besteak beste, zahartze tasa handia duen populazioa izatera heldu delako, etxebizitza nahikorik ez eta gazteak kanpora joan beste aukerarik ez dutena. Eta auzolanean jardun izan duena aspaldidanik.
Bada, arazo hauei erantzuna emateko tresna bizi eta herritar bat litzateke Herri Kooperatiba bat. Eta batek daki, klima aldaketaren eragina are eta nabarmenago den honetan, bero olatu jasanezin eta muturreko egoera hauen artean; pandemia eta osasun larrialdi artean, noiz eta zein modutan jarraituko duten loratzen Herri Kooperatibek. Baina etorri badatozela esatera natorkizue. Beraz, adi ibili, eta ekin eraldaketari.
Herri kooperatiben loratzea