Euskaldunak, galeperrak, lurrikarak

Euskaldunak, galeperrak, lurrikarak – 

Euskarak egiten omen gaitu euskaldun. Gaztelaniaz bortitzago gertatzen da. Euskaraz ohituta gaude esaldia kantatzen. Kanta berean esaten da «bota dezagun demokrazia zerri askara». Horretara ez gara ohitu, ez da bestea bezainbat errepikatzen den leloa bederen. Gaitzerdi. Kantatzeaz gainera sinesgarria da euskara eta euskalduntasunarena: hitz biek, «euskara» eta «euskaldun»-ek erro bera dute. Hitz jokoa. Arinago dirudi edozerk hotsen oihartzunen hegoetan. Gaztelaniaz «el vascuence nos hace vascos» esan beharko litzateke, hitzen antzarekin jokatzeko. Berez «nos hace vascongados» izango litzateke, hori baitzen garai batean euskara izatea adierazten zuen adjektiboa, baina ezjakintasun idelogikoagatik utzi zen adjektibo hori alde batera. Ezjakintasunak dakartzan paradoxak, ironia historikoak: hitz bat izan erdaraz euskaraz jakitea adierazteko eta garbizaletasunagatik desagerrarazi.

Purismoak aurrera darrai: orain gaztelaniazko hitzgehiago ere saihesten ditugu gaztelania jatorragotzeko gurutzadan. Horrela desagertu dira gure hizketatik «vascongado», «vasco», «lengua vasca» edo «vascuence» bezalakoak (Fuenterrabía, Pasajes edo Mondragón leku izenen aldapa beretik behera).

Ez dago ezjakintasuna bezalakorik, norberaren sinesmen eta gogoari sendo eusteko. Etimologia «errazek» eskaintzen diguten interpretazio xinpleak mundua konpon dezake di-da batean. Zein ederra «euskaldun» «euskara+du(e)n» izatea. Dena garbi.

Baina, orduan, «galeper» bat («gari+eper») gari arteko eper bat al da? Ez, ez da eperra, antzeko hegazti bat baizik eta ez dio uzten galeper izateari «gari» artean ez dabilenean ere. Berdin euskalduna ez da (egun behintzat) euskara duena bakarrik, antzeko zerbait baizik eta ez dio euskaldun izateari uzten euskaraz egiten ez badu ere. Pentsa momentu honetantxe gertatzen ari den bilakaera linguistikoaz: orain arte «lurrikarak» lurrean gertatzen ziren. Zein polita: «lur+ikara», «terremoto» edo «earthquake» bezalakoxea. Baina duela egun gutxi astronomoek kontatu digute izarretan ere ikusi dituztela «lur-ikarak».

Bestalde «euskara» bada «euskaldun» egiten gaituena, nola esan «muchos vascos no hablan euskara»? Alex Ubago ez al da euskal kantari bat? Ramón Barea ez al da euskal aktore bat?

Historiaren puntu honetan, uste dut hobe litzatekeela jatorrizko «euskaradun» erabiltzea euskaraz dakienaz hitz egiteko. Esango nuke Atxagaren aspaldiko proposamena dela, baina ez dakit gerora berak erabiltzen duen. Horrela «euskaradun» bereiziko genuke «euskaldun»-etik, gaztelaniaz «vascoparlante» bereiz daitekeen bezala «vasco» edo «vasca»-tik. Horrela euskara pixka bat normalduko genuke, hizkuntzarekin batera geure buruak normalduz, esentzialismoetatik libratuz.

Tentazioa ulertzen da: euskara da nazionalistek Euskal Herria osatzea nahi duten herrialdeetan gertatzen den zerbait. Guztietan objektiboki eta ezbairik gabe gertatzen da. Neurri handiago edo txikiagoan baina presente dago eta, gainera, aldameneko lurraldeetan ez dago! Desberdintasunaren bikoka, mugaren lilura, binarismoaren tranpa.

Zer egin ordea herritar euskaragabeekin? Ikasi nahi izan ez dutenekin? Ezin izan dutenekin? Ahalegindu arren euskaradun oso izatera iritsi ez direnekin? Edo ez direnekin nobela bat euskaraz irakurtzeko gauza eta, erosotasunagatik edo enteratu ahal izateko, euskarazkoen itzulpenetara jotzen dutenekin? Horiek ere euskarak egiten al ditu euskaldun? Euskararen aldeko gogoa, «kaixo», «zer moduz», «agur» esatea aski, nahiz eztabaida sakon bat ezin garatu euskara duinean? Euskaldun izatea gogo kontua al da orduan? Ideologia politikolinguistikoa, pentsamendu mota bat behar al da euskaldun izateko?

Hala bada, arrazoi guztia zuen Egibarrek esandakoarek inizutu zenak eta denoi komeni zaigu esaldia gaztelaniaz jartzea, esan nahi duenaren pisuaz ohartzeko.

Galde 37 uda/2022

Euskaldunak, galeperrak, lurrikarak

21 pentsamendu “Euskaldunak, galeperrak, lurrikarak”-ri buruz

  • Beno, gari ez den galbururik ez dateke munduan, ez bizarrik ez duen bizardunik ere…
    Euskararik gabe euskaldun izan nahi direnek ziri polita sartzen digute, euskaldun batzuei behintzat, beren opilari su ekartzeko hitzen esanahia aldatuz.

  • Lotsa. Zer gertatzen da euskara ez dakitenekin? Gaixoa! Euskalduna hizketan hasi baino lehen besteen eskubideak errespetatzen hasten da. Bere duintasunak ez du ezer balio. Terrenoa prestatzen ari zaizkigu datorkigunerako. Orain ez gara ezta euskaldunak ere.

  • Baina, baina, bainaaaaa, andra honek zer hartu du orain? Falta zaiguna! Hizkuntzaren aldeko borroka “profesionalen” esku uztea erabaki genuenetik, euskara galbidean dago eta euskaldunok umezurtz gabiltza. Aktibismoari heldu behar diogu, antola gaitezen!

  • Euskaldun berrizahartua 2022-07-14 11:05

    Egun on.
    Azkenean, Oñederra anderea da galimatias etimologikoetan eta sofismo errazetan jausten dena (bestalde, bere oinarena egia den, hau da, ederra ote den, inork ba al daki?).
    Folk ezagutzatik beste ezagutza teorian zientifikoagoak erauztearen nahiak traizio egiten dio eta etoi horrek erakusten nola aglutinazio eta integrazioaren tranpak gure galbidea zedarritzen duen.
    Batzuetan badirudi gurea ez dela independentismo nazionalista/nazionala edo etnizista/etnikoa, baizik eta zapaltzen gaituzten nazio-Estatuen aurkako mugimendu bat (negatiboan oinarritutako mugimendua, positiboan oinarritua izan ordez).
    Bestetik, badirudi identitatea edo zerbaiten parte sentitzea eskubide bat dela, integratzen dutenen nolakotasuna gora-behera. Egitan, identitateak, oinarririk badute, baztertzaileak dira hala beharrez, Oñederrak proposatzen duen totum revolutum hori saihestu ahal izateko.
    Ez dakit zertan dabiltzan, baina herritartasun eta hiritartasun kontzeptuak nahasten dabiltza, nazionalismoa eta regionalismoa, ius sanguinis eta ius soli… Euskarak daraman bide okerra ikusita ez dakit ez duten nahiko, lehenbizi, espainiari eta frantziari uko egiten dion independentzia bat eratu nahi, hor sartzen ditñren guztiak aglutinatuz eta gero gerokoak (horrek dakartzan arazoekin), euskararen inguruan ardazturiko nazio bat eraiki ordez.
    Are gehiago, nola gorpuztu nazio identitatea, hizkuntzaren bidez ez bada, egungo mundu gainglobalizatu honetan? Lourdes Oñederra anderea gutaz trufatzen ari da.
    Onkeria multikulturalaren gezurrak irentsiko gaitu halabeharrez.

  • Proposamen zoragarri ona “gal-eperra”-rena, barka, “Oin-ederra”-rena.
    Horrela, gure anomiaren gainditzeko normalizazio-bide horretan, “euskaradun”/”euskaldun” bereiziko genituzkeen bezala, “erdaradun”/”erdaldun” ere bereiziko genituzke: lehena “hablante de lenguas universales no vascas” adierazteko eta bigarrena “sujeto de nacionalidad universal no vasca” (frantsesak eta espainolak bereziki) izendatzeko.
    Euskal ondasun linguistiko-ideologikoa aberrhaztea da erronka.

  • Nazionalista espainiarrak, Euskal Herriko nazionalismoaren zirrikituetan hazka eta bazka, etengabe. Pena da Oñederra andereak ariketa zaharkitu eta ezagunegi horietan denbora galdu izana, abildaderik ez baitzaio falta uzta oparoagoko langintzetan aritzeko.

  • Arratsaldeon:
    Nafarroako Artaxoako Udal izkribu batek, buruz ari naiz, baina esanen nuke XIII. XIV. mendekoa dela, deitura zerrenda luzea dakar eta Luzea, Jurio “”Zuria”, Gorriz, Lasterra,Handia, Beltza, eta horrelako hamaika abizen nafar. Bada bat, ordea, ezin garbiagoa, Martin (ez dut ongi gogoan) Erdaldun. Zergatik ote? Errefentzia beti ere Espainia bada ez digu balio. Munduan barrena Bask gara, Basque…Navarre. Iparraldekoak ere vascongadoak ote dira? Nafarroan erdaraz euskaldunak baskoak izan dira beti, sekula vascongadoak, ez bada izan eskribau Edo idazle atzerritar baten luman Edo bertako akulturizatu batenean.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2022-07-14 22:59

    Oiñal ederra!

  • “Vascoparlante” gaur egun “euskal hiztun” esaten da; “euskalduna” esateko “bascongado” esan izan dute gazteleraz euskaldunok duela asko; hala ere, Hego Euskal Herritik at “Vascongado”-ri (V-a ez da kasualitatea) beste adiera bat esleitzen saiatu ziren (eta ezkerreko abertzaletasunak tenk egin zuen).
    Ondo dago geure buruarekin kritikoa izatea baina iruzur egin barik, geure buruari nahiz besteoi.

  • Txirritarenak gogora ekarriz:
    “Erdara ez zen bakarrik kapaz,
    euskarak lagundu dio”.

  • (Oraingo) espainerazko « vasco » hitzak ez badu euskarazko “euskaldun” hitzaren esanahi bera, zer egin behar dugu ? Euskarazko hitzaren esanahia aldatu? Horretan ere sometituz, euskararen egitura eta sistema propioak erdararen pean ezarri behar ditugu?
    Bitartean, euskaraz hitz bat aurkitu behar litzateke erdarazko “vasco” adierazteko (“euskotar” asmatu zuen Sabinok). Eta, aldi berean, “euskaldun” espaineraz esateko beste bat beharko dute, “euskaldun” hitza bera gustatzen ez bazaie.

  • ¿Asmatu? ¿Nortzuk? Guk, euskaldunok (nahiz euskal herritarrok)? Nire ustez hobe da gure tradizio eta erabileran oinarritzea: euskaldun = bascongado.

  • Gaztelaniaz badugu euscaldún edo euskaldún hitzac:

    https://dle.rae.es/euscald%C3%BAn

  • Ez nago batere ados artikuluaren planteamenduarekin. Aldez aurretik esan dezadan ez dakidala aipatutako bi pertsona horiek euskaraz dakiten ala ez, baina ez baldin badakite, ez dira euskaldunak. Argi eta garbi. Euskaldun=vascoparlante. Ez badakite euskaraz, ez dira euskaldun.

    Euskaldun ez, baina euskal dira? Euskal aktore, euskal abeslari? Galdera ona da. Euskaldun izan ez arren, euskal herritar diren heinean, euskal aktore edo abeslari lirateke. Baina beti ere «euskal» horrek «euskal herritar» izendapen politikoari erreferentzia egiten diolako, eta ez hizkuntzari, kasu honetan. Erreferentzia hizkuntzari soilik egiterakoan, «euskal-dun» hitzarekin egiten den bezala, desberdina da.

    «…Uste dut hobe litzatekeela jatorrizko «euskaradun» erabiltzea…» Geldi hemen. Erabat puskatu dizkit zirkuitoak honek. Nola jatorrizko «euskaradun»? «Euskaradun» berria da, eta gainera erabilera errealik izan ez duena. Jatorrizkoa «euskaldun» da, zeinak ‘euskara duena’ edo ‘euskaraz egiten duena’ esan nahi duen. Ez diot nik, Euskaltzaindiak dio. Beraz, ez dakit. Asko bihurritu behar dira gauzak baieztapen jakin batzuk egiteko.

    Estatu-nazioen sortzeak paradigma aldaketa bat ekarri du semantikara. Historikoki herria eta hizkunza adierazteko hitz berbera erabili izan da, ‘euskal’ gure kasuan. Herriek/etniek/nazioek beren kultura eta hizkuntza zuten, bereizteak zentzurik ez zuen. Ez zen herria ulertzen herriaren hizkuntza gabe. Baina esan bezala, estatu-nazio artifizialen sorrerak fokua kulturatik politikara aldarazi du, lurralde baten azaleraren kontrolpean dauden herritar guztiak politikoki nazio-deitura bakar batera sometituz. Puntu horretan hautsi egiten dira jatorrizko esanahiak. Espainiak, esaterako, “castellano”=”español” bihurtu du, eta guztioi inposatu. Berdin egiten du ‘vasco’-rekin, jatorrizko ‘euskaldun’=”vasco” egin, eta gero vasco hori politizatu, lurralde instituzionalizatu batera murriztuz, kasu honetan EAEra. Ikuspuntu manipulatu horretatik bakarrik ulertzen da espainol askoren ikuspuntua, beren begietan Bilboko erdaldun bat vasco edo euscaldún izatea, baina Goizuetako bat ez vasco ez euscaldún ez izatea.

    Euskal politikak, bizirauteko, joko politiko berbera egiten du, jatorrizkoa politizatu eta bortxatu, baina EAE-ra murriztu beharrean, 7 probintzietara hedatuz, eta edozein kasutan ere estatu-nazioen ikuskera artifizialarekin bat eginez. Hortik ‘euskal’ hitzaren suntsitze semantikoa.

  • Euskal naziotasuna duena euskaldun.
    Euskaraz dakiena euskal hiztun.
    Horretan sartu nahi badugu, nafar hiritartasuna duena nafar.

    Ez dakit zergatik behar dugun gurpila berrasmatu… euskaldun euskalgabeak daudela ukatzeak gure herriaren desesperazioaren sintoma bat da, naziotasuna hizkuntzara murriztuz.

    Horrela jarraituz gero, naziotasunak bi ulerkera soilik edukiko ditu: euskaltzale erradikal minoria bat, eta munduko hiritar “kohesio soziala” gehiengo bat Espainia eta Frantziari uzkia miazkatzen. Arrazoizkoena ukatuz, zeinean euskal naziotasuna egitate historiko-etniko bat da, hein batean anitza, bere hizkuntza euskara den arren, eta bere estatu independentea izateko eskubidea, beharra eta betebeharra duen.

  • Oker zaude, Batik Bi. Zure planteamendua da gurpila berrasmatzea, euskaldun hitzak inoiz izan ez duen zentzua eman nahi baitiozu, estatu-nazioen ikuspegi berriari jarraiki. Euskaldunak ez diren baina gure lurraldetasun instituzionalaren barruan erortzen diren horientzat neologismo bat asmatu zen, nahiko egokia. Eusko. Gure herrikideak beraz euskoak lirateke, eta euskoen artean batzuk bakarrik euskaldunak. Beste deitura politiko batzuk ere badira, hala nola euskal herritar bera. Edo nafar, antzinako erreinuaren hedadura osoa izendapen politiko modernora ekarriz. Badira aukerak, ‘euskaldun’ hitza bortxatu behar izatea baino hobeak.

  • Ados Julen. Orain, joan zaitez auzokoarengana, edo lankidearengana, eta aipatuiozu eusko hitza. Agian Eusko txanpon bat emango dizute, baina ulertu, inola ere ez.

  • Eusko Jaurlaritza zer den ere ez dute jakingo orduan. Edozein kasutan, aukerak asko dira, izendapen politikorako. ‘Euskal Herritar’ da zabalduena. ‘Nafar’ ere beste aukera bat izan liteke.

    Izendapen politikoa, “gure” botere instituzioen pean dauden herritarrentzat: euskal herritar/nafar/basko/eusko…

    Hizkuntza izendapena: euskaldun vs erdaldun.

    Politikoki herrikidea dena izan daiteke erdaldun, eta politikoki kide ez den baina euskaraz dakien Boiseko bat, esaterako, euskaldun dugu, ez erdaldun.

    ‘Euskaldun’ eta ‘erdaldun’ hitzek hizkuntzari egiten diote erreferentzia.

  • Euskaltzaindiaren hiztegia:

    euskaldun
    adj./iz. Euskaraz dakiena, euskaraz mintzatzen dena.

    Amaitu da eztabaida, Lourdes.

  • Ezjakintasuna zer den! Giputz batek, giputza esan ote daiteke ezjakina izanik? Ez du sekula ere, eta sindudarik gabe, berorrek, ez daki eta ez du sekulasantan galeper bat bizirik ikusi, eta bai, ezjakinak badakigu XX. mende hasiera arte gari, olo, zekale eta garagar alorrak, galdetu zure inguruan alorra zer ote den, orain dena soro duzue eta, ohikoak zirela ipar Euskal Herrian, baina galeperrak ez. Eta zergatik dute galeperrak euskal izena? Ez da izanen giputzengatik. Nork bere izena du, daniarrek Daniar, ez espainolek jarritako dina, Espainolak, eta frantsesak ere, ez diegu frantziarrak deituko, ez espainiarrak, iaioak dira oso jendearen, herrien eta baita mendi eta ibaien izenak akulturizatzen. Baduzu aukeran deitura polit bat, neronen podologoarena, eta ez de broma, Planto.

  • Beti kexaka 2022-07-17 22:14

    Beno, izan dugu gure katarsi dosia. Eta orain zer? Xaxatzen gaituen hurrengo artikuluari itxoingo al diogu berriz ere gure lerde katarkikoa botatzeko edo antolatuko al gara behingoz eta serioki, euskaldunok?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude