Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena

Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena –

Iragan urriaren 4a historikoa izan zen, hedabideetan hurrengo egunean irakurritako titularrei erreparatuko badiegu. “Sabin Zubiri, historia egin duen herritarra, Eusko Legebiltzarreko Bilkuran hitza hartzean”.

Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutenaZubirik eskola inklusiborako proposamena defendatu zuen egun hartan, Zubiak Eraikiz Euskadiko partehartzerako eta aldaketarako herritarren plataformaren izenean. 17.000 sinadura baino gehiagoren babesaz iritsi zen proposamena.

Hortaz, gertaeraren garrantzia aitortuta, zehaztapen batzuk egin nahi ditut, funtsezkoak baitira gai hau bere osotasunean ulertzeko:

1.- Egia bada ere lehen aldiz igo dela hizlarien tribunara hautetsia ez den herritar bat, egia da baita ere legebiltzar-taldeok egunero entzuten ditugula gizarte zibilaren eskariak, erreklamazioak eta iradokizunak. Halaxe egiten dugu batzordeetan eta ponentzietan, gogoetak jasotzen ditugu gero jarduera legegilera eramateko.

2.- Ez da lehen aldia Herri Ekimen Legegile bat Legebiltzarrera iristen dena, herritarren sinadurek babestuta. Urrutiago joan gabe, joan den legealdian, X.ean, bi landu genituen gutxienez, eta nik parte hartzeko ohorea izan nuen. Horietako lehena, Kidetzak sustatutakoa, zaintza partekatuari buruz. Talde parlamentarien aldaketak eta hobekuntzak txertatuta onartu zen. Guztion artean, Lege bat idatzi genuen, banatze eta dibortzio kasuetan arau orokor gisa zaintza partekatua ezartzen duena, espediente arautuez, betiere seme-alaba komunentzat onena bilatuz, haurren interes gorenaren printzipioan oinarrituta. Bigarren Herri Ekimen Legegilea Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta aldatzeko izan zen, eta baztertu egin zuen Eusko Legebiltzarrak. Alderdi Popularra izan ezik, beste guztiok ez genuen eztabaidatzeko ere onartu. Ekimenak sinadurak batu zituen, bereziki Gasteizen, PPko kargu ezagunek zuzenean eta aktiboki bultzatuta. Herri Ekimen Legegile horrek ere bazeuzkan une hartan legez eskatzen zen abal kopurua.

3.- Herri Ekimen Legegileak tramitatzeko modua arautzen zuen Legeak ez zuen aurreikusten sustatzaileen partehartzea, beharrezko sinadurak jasotzetik haratago. Herri Ekimen Legegileen sustatzaileek behin eta berriro egindako eskariak entzunda, horiek arautzen dituen Legea aldatzeko momentuan, aukera sartu zen Herri Ekimen Legegilearen sustatzaileen ordezkariren batek Bilkuran hitza hartzeko aukera, defentsa zuzena egiteko.

4.- Egia da “Zubiak Eraikiz” Herri Plataformak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea ez zela aintzat hartu. Ekimen horrek, Sabin Zubiri ordezkariak Bilkuran esan bezala, 17.000 sinadura zauzkan eta horien izenean hitz egin zuen Zubirik.

Jone Berriozabal nire taldekideak ondo gogoratu zion Eusko Alderdi Jeltzaleak 398.168 boto jaso zituela 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Ia 400.000 pertsonak programa bat babestu zuten, eta programa horrek hainbat eta hainbat helburu zeuzkan jasota. Tartean, eskola inklusiboa, ekitatiboa eta sozialki kohesionatua. 400.000 pertsona horiek ez al dute errespeturik merezi? Beste bi alderdik ez zuten onartu Herri Ekimen Legegilea, eta bien artean, beste 234.191 boto lortu zituen. Errespetatu egiten dugu ekimena sinatu zutenen iritzia, baina eurek ere errespetatu egin behar dituzte libreki baztertu dugun alderdiak, herri honetako milaka emakume eta gizon ordezkatzen dituztenak.

5.- Herri txikia da gurea, eta denok ezagutzen gara. Sabin Zubiri herritarrak bere ekimena Legebiltzarreko tribunan defendatu zuenean, babestuko ez zuten alderdiak kritikatzeaz gain, laster entzun genuen ezaguna zela, herritar honen iragan politikoa eta oraina ezaguna zela. Sabin Zubiri ez da lotura politikorik gabeko herritarra.

Sabin Zubiri Eusko Alkartasunako gazte taldeko militante izan zen, eta azken udal hauteskundeetan, 2015ean, Donostiako Udaleko zinegotzi izateko hautagai izan zen Irabaziren hautagaitzan. 2016an Ezker Anitzako Konbergentzia arduraduna izan zen, eta alderdi horrekin aurkeztu zen 2012ko hauteskunde autonomikoetara. Beraz, agerikoa da azken urteotan politikan jarduera aktiboa izan duela.

6.- Arriskutsua iruditzen zaigu alderdi politikoek gure interesetatik gertu dauden pertsonak “erabiltzea” Legebiltzarrean lege-ekimenak aurkezteko. Ikusirik plataforma hori nork ordezkatzen zuen, ezin dugu ekidin konparatzea iragan legealdian PPk Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta aldatzeko egindakoarekin.

Podemos aspalditik dihardu eskola inklusiboa aldarrikatzen, eta zilegi da. Beraz, ez dugu ulertzen oso gertuko herritar bat bilatzea hori Bilkuran defendatzeko, zuzenean bultzatzeko mekanismo guztiak dituela kontuan izanik. Agian ez zuten behar besteko babesik izan Ganberan, eta uste izango zuten herritarrak erabilita lortuko zutela.

Uste dugu Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak errespetuz hartu behar ditugula. Batez ere, herritarren zati baten borondatea ondo islatzen dutenean, eta ez alderdi politikoren baten posizio politiko zehatzak. Bozkatu gaituzten pertsonak ahaztu gabe, ordezkaritza gure esku utzi baitute, eta lau urtean behin aukera izango dute kendu edo berresteko.

Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena
Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena
Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena
eskola, eskola-publikoa, Herri Ekimen Legegilea: esaten ez dutena, hezkuntza, hezkuntza inklusiboa, hezkuntza sistema
Amaia Arregi

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude