Sumendien herrialdean, aihotza eskuan

Sumendien herrialdean, aihotza eskuan –

Latinoamerikari dion maitasuna islatu du «Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak» komikian Dani Fanok. Donostiarrak zortzi urte eman ditu El Salvadorreko borrokalari komunistaren biografia marrazten.

Sumendien herrialdean, aihotza eskuan«1932ko matxinada gertatu zenean sumendi batek eztanda egin zuen» dio Dani Fanok, komikiaren aurkezpen ekitaldia bukatu eta bertaratutakoei liburuak sinatzeko behar beste denbora hartu eta ale bakoitzean marrazki bat egiten dagoela. «Guk gaitasun hori galdua dugu jada, baina han oraindik ere oso presente dute magia» jarraitzen du, zirriborratu duen herrialde eta istorioak erabat harrapatuta.

Bi Euskal Herriko azalera du El Salvadorrek, eta 22 sumendi ditu. Bertako alderdi komunista sortu zuen Migel Marmol borrokalaria nahikoa ezazaguna izan da, Fanok komikira ekarri duen arte.

“Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” aurkezterakoan, -edo “Los doce nacimientos de Miguel Marmol”, Astiberri argitaletxeak komikiaren euskarazko eta gaztelerazko edizio bana plazaratu baitu- David Zapirain komikizalea, itzulpen lanak egin dituen Koldo Izagirre -hizkeran ere pertsonaiari nortasun bat ematen ahalegindu dena-, eta Mundo Salvadoreñoko Cristo Calderón lagunak izan zituen ondoan Fanok.

Calderónen esanetan komikiak «gure memoria historikoaren berreskuratzea dakar, Migel Marmolen bitartez gure herriaren borroka zorroztasun historikoz kontatzen den heinean». Mundo Salvadoreño elkarteko kidearen aburuz, «Aldaketa soziala izan zuen amets iheskorra Migelitok, eta bere herrikideen bizi baldintzak hobetzeko borrokatu zen, eskuzabal eta baikortasunez». Salvadortarra herri borrokalari eta langile gisa aurkeztu izana eskertu zion Dani Fanori.

Zapirainek, bere aldetik, Migel Marmolen biografia ez ezik, «azal adierazgarridun komiki magiamarxista honetan Dani [Fano] bera dago; sorkuntza prozesua hurbiletik jarraitu dugunok sumendiak bezala ikusi ahal izan dugu, sutan, hautsa eta zipriztina dariola…».

.

Eduardo Galeano

Donostian baino lehen, irailean, El Salvadorren bertan komikia aurkeztutakoa zen Fano hunkituta agertu zen Donostiako ekitaldira, eta lanaren nondik-norakoak ezagutarazi zituen, abiapuntutik hasita; «Euskal herritar batek El Salvadorri buruz komiki bat marraztea exotikoa dela ere esan baitit bateren batek».

Sumendien herrialdean, aihotza eskuan«Eduardo Galeanoren “El libro de los abrazos” lanari esker ezagutu nuen aurrena Migel Marmol, eta “Memoria del fuego” trilogiako azken liburuari esker, “El siglo del viento”, gero. Eta gainera, gezurretazko gizona zela iritzi nion hasieran». Pertsonaiarekin txundituta, ikertzen hasi zen donostiarra, eta Roque Daltonek idatzi zuen salvadortar komunistaren biografia aurkitu zuen. Hauexek izan ditu komikia marrazteko oinarri izan dituen liburuak.

«Hala ere puzzlearen pieza bat falta zitzaidan -dio Fanok elebitan, hizkuntza batetik bestera saltoka-, ezin bainuen egin El Salvadorri buruzko lan bat hemendik; harrokeria hutsa litzateke». Zorionez, Radio Venceremosen ostetik sortutako Museo de la Palabra y la Imagen proiektuko Santiagorekin egin zuen topo, gerra ostean memoria historikoa berreskuratzearen eta bizikidetzaren alde diharduen egitasmoarekin, eta honen laguntzarekin uxatu zituen komikia marrazterakoan izan zitzakeen segurtasun ezak.

2013an beraiengana jo zuen, eta El Salvadorren egin zituen 10 egunetan makina bat elkarrizketa egin, besteak beste Migel Marmol beraren semeari.  «Gabeziak gainditzeko modu bakarra dago, lana, lana eta lana egitea, `bokadilo´ bakarra idazteko hiru liburu oso-osorik irakurri behar badituzu ere».

“Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” komikiak egiten duen ekarpenik handiena, egilearen arabera, El Salvadorreko alderdi komunista sortu zuen gizonaren azken urteen berri ematea da, 50-60ko hamarkadatik aurrera bizi izan zituenak, ordura artekoaz ez bezala apenas idatzi baita Migelitoren bizitzako azken bi hamarkadez.

Baina badago, guzti honetaz gain, erantzun beharreko galdera garrantzitsuago bat, Dani Fanok bere buruari egin izan diona: Zergatik istorio hau marraztu? «Migelitoren historia irakurtzean nirea ere ikusi nuelako, zure burua ikusten duzu». Han nawatera debekatu zuten, hemen euskara bezala, hango legeak hemengo Francorenak bezalakoak ziren, errepresioa ikaragarria… «Gurasoak aurrean ditudala, eskertu nahi diet beraiek galdu zuten edo beraiei galduarazi zieten hizkuntza eman izana, horrekin mundu bat jaso baitut, kultura eta identitate bat, Sarrik zioen bezala euskara baita gure territorio libre bakarra; euskalduna izateko euskara jakitea baino ez da behar, ez da beharrezkoa inon jaioa izatea».

«Gainera, nire aiton-amonek Venezuelara jo zuten gerra ostean, nire gurasoak bertan ezagutu ziren eta bertan jaio nire anaia nagusiak. Etxean oso presente egon da beti latinoamerika, eta maitasun hori, nire aiton-amonak jaso zituen lurrarekiko maitasuna itzuli nahi izan dut -zinez hunkitu da Fano-, Venezuelara joan ez bada ere, bai El Salvadorrera».

Lan emozionala izan dela onartu, eta borrokarako deia eginez bukatu du donostiarrak jarduna. «Komiki hau etorkizunera begirako liburu bat da. Borrokatu egin behar da, beti. Eta pozez borrokatzeak merezi du, pena ez baita komunisten arma. Beren auzokideen alde borrokatzen denaren arma poza eta alaitasuna da».

Liburu bat eman eta jada bere barnean duen herri bat, kultura bat jaso duenaren sentipenarekin, jendaurreko aurkezpena bukatu eta komikiak sinatu eta sinatu jarraitzen du luzez Dani Fanok, oraindik El Salvadorren magiaz txunditurik. «Herrialde aluzinagarria da -diotso sinadura eskatu dion hurrengoari-, gainezka egiten duen energia telurikoa dute!».

Sumendien herrialdean Sumendien herrialdean Sumendien herrialdean Sumendien herrialdean Sumendien herrialdean Sumendien herrialdean
Astiberri, Dani Fano, El Salvador, komikia, Migel Marmol

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude