“Hemen Gaude” edo Podemos-en abesti ofizialaren castinga

Nori ez zaio “Hemen gaude” irakurrita gogora etorri Ken Zazpi-ren abestia? ala ez da Itoitzen kanta? “Hemen gaude, ta poztutzen naiz…”, Lau teilatu! …  bai zera! Berri Txarrak-en “Izena, izana, ezina” letrakoa da.

Hirurak dira aukera zuzenak. Zimur kontua da -nagusiki-, bataz ala besteaz akordatzea.
podemos-en song

Podemos-Ahal dugu-ren Gasteizko hautes zerrendaren izena da “Hemen gaude”, marka zuri bezala ere ezaguna. Ez zaio ereserki edo abesti ofizial aukerarik falta (twitterren inspirazioa).

Zeinek ordezkatzen du hobekien Pablo Iglesias-en alderdikide(ez horren fidatzeko)-en izpiritua?

1. “Lau teilatu”, Itoitz (1978).

Inork gutxik daki zergatik pozten den aita, eta Felix Felix hori nor den. Baina, hemen gaude eta poztutzen naiz (?). Ez dizkiogu ba maitemindu bati esaldi txepelak aurpegiratuko, ezta?, are gutxiago doinu mitiko hau sortu badu. 1970eko hamarkadako bizar handien eta adats luzeen nostalgia samurtzeko perfektua. Madrileko Podemos-en mitinean Ana Belen eta Victor Manuel jartzea bezalakoa. Modernoago ezin.

2. “Hemen gaude”, Ken Zazpi (2010).

Itoitzen garaiko asko jabetu ez diren arren, Ken Zazpiren “Hemen gaude”-k ere oiloipurdia jartzen die musikazale hainbati. Pentsa, Armagedon filmaren BSO epikoan sartzekotan egon ziren. Podemos-ek hau ereserki gisa erabili ahal izateko erabakitze eskubidea babestea baino gehiago beharko du: “Iraultza”, “borroka”, “euskaldun”, “El Puerto kartzela”… eta errima bakoitzeko azken letrak ekuazio batean txertatuz “Maite zaituztegu. Euskal Presoak Etxera” esaldia agertzen da. Argi dago: gehiegizkoa Ahal Dugu-rentzat. Donostiko PPko Ramón Gómez Ugalderen test abertzalean aztertu ez duten arren, berrogeialdian jartzea hobe.

3. “Izena, izana, ezina”, Berri Txarrak (2003).

“Ta hemen gaude”… Nafarrek Ramón Gómez Ugalderen test abertzalea ketan jarri dute. “Batzuk mila kilometrora, bihotzetik gertu alegia, beste batzuk bertan bizita, horren urrun”. Gorka Urbizu ez da letretan dena hitzez hitz kontatu zalea, baina tribuko edonork ulertzeko modukoa da “Izena, izana, ezina”. Presoak… sakabanaketa… (Ken Zazpi-renean ez?)… argi dago hau ere: Podemos-en aurkezpen txartela izateko ez da nahikoa anbiguoa.

Pena da Gasteizko Podemos-en zerrendak, “Hemen Gaude”-k, hain eskura zituen abestien castingeko hirurek kale egitea. Edonork daki abesti on batek esnatu dezakeela diskurtsoak lozorroan murgildu duena ere. Are gehiago, Complutense-koak komunikazio politikoan hain aditu izanik. Baina, ondo pentsatuta, akaso nahita jarri diote “Hemen Gaude” eklektikoa. Hobe delako izen eskas bat erre (D3M, gogoan zaitugu) “Podemos-Ahal Dugu” zikindu baino. A ze marka!

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan ““Hemen Gaude” edo Podemos-en abesti ofizialaren castinga”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2015-03-05 09:44

    Egia da Lau Telaiatu kantaren letra oso iluna dela. Ederki damutu nintzen aurre-prestaketa handirik gabe euskaltegiko ikasleei eraman nien batean!! Baina, nire ustez, letrak ez du esaten “Felix, Felix”; “felix-felix” baizik… “zoriontsu” edo esateko modu xelebre bat.