Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarra

Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarra –

Urtea kabalkada-toberaz mukuru etorri zaigu eta ez da seinale txarra, horrek erakusten baitigu badela Herri bat bizirik eta euskaldun jarraitu nahi duena. Kolonizazioa, globalismoa, turistifikazioa eta lurraren espekulazio basatia nehoiz baino handiagoak diren garai honetan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bertako herritarrek ere, nehoiz baino indar handiagoa erakusten  dute gure mintzaira eta gure kulturaren aldeko ekintzak antolatzen. Bizirautea irabaztea dela erran zuen norbaitek, eta horrela delakoan nago ni ere.

Arrosa izan da aurten lehen herria kabalkada jokatzen, ekainaren 17an eta uztailaren 9an, eta gero segida hartu dio Heletak, uztailaren 30ean eta agorrilaren 5ean. Mehaine herriak “Buhameen erreka” kabalkada itxurako ikuskizuna jokatuko du agorrilaren 15ean, eta Luhusok bere  kabalkada jokatuko du agorrilaren 26an eta buruilaren 2an. Gehiago ezin!

Nik Arrosako kabalkada ederra ekainaren 17an ikusi nuen, euri erauntsiak utzi zuen tenorean jokatua eta uztailaren 30ean Heletara hurbildu nintzen lehen kabalkada saioa ikustera. Aipatu egunaren goiza Baionako bestetan eman nuen eta eguerdirako Heletara joan nintzen. Jadanik, antolatzaileek bideak hertsirik zeuzkaten eta aparkamenduak ongi antolatuta. Harmailak berehala bete ziren eta 3,30etan, ttanko, arizaleak plazara sartu ziren.

Buruan zaldizkoak zihoazen, eta hauen ondotik, euskal ikurrina zeraman banderaria, gero makilariak, oilarrak, zanpurrak, beste banderariak, zigantak, bolantak, dantzariak, epaileak, herritarrak, zirtzilak, bertsularia, musikariak… eta gainerakoak. Tropa ederra zen eta berehala, musikaz, dantzaz eta kolorez bete zuten herriko plaza. Jendeak txaloka hartu zituen.

Ikusgarri oso-osoa izan zen, bi oren eta erdiz plaza betetzen zuten entzule-ikusleak loriatu zituena. Epaileak protagonismo handia hartu zuen tobera zuzentzen, eta haren ondoan Maria eta Serafine xukaz mintzatzen ziren adineko amatxi kalakariak eta tarteka erramolde zaharrak botatzen zituen adineko aitatxia ari izan ziren bazterrak inarrosten. Horien inguruan denetarik ikusi eta entzun genuen: herriko kontuak, espekulazioaren inguruko gertaera irringarriak, auzapezaren iritzi eta deliberoak, erretorearen otoitz bitxia, turisten xelebrekeriak… eta abar luzea. Dantzari on eta alegerak,  120 inguru kontatu nituen, adin guztietakoak.  Heletak badu harrobi aberatsa, alajinkoa!

Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarra
Behi-orgaz ura banatzen.
Arizaleak plazara sartzean.

Aipatzekoa da, Miarritzen, 1987ko ekainaren 21ean, modu tragikoan zendu zen Maddi Hegi ekintzaile heletarraren omenez eta oroitzapenez egin zuten dantza eder eta hunkigarria; horretarako, Eneko Labegeriek egin zuen “Uda”  izeneko kantu ezaguna baliatu zutelarik. Maddi Sarasua izan zen bertsulari bakarra, eta bi saio egin zituen, lehena hasiera aldean eta bigarrena bukaeran, biak biziki ederrak. Azken saioan, 1983an, poliziarekin izan zen enfrentamendu batean, desagertu zen Popo Larreren oroitzapenezko bertso sentikorrak  eman zituen, bertan geunden guztion gogoak eta bihotzak astinduz. Heletak erakutsi du, berriz ere, memoria duen herria dela. Eta hala bedi luzaz!

Bukatzeko tenorean, arizale guzti-guztiak plazara sartu ziren musikaz eta dantzaz, eta bi itzuli eman zituzten agur gisa, kabalkada guztietan egiten den bezala. Eta ondoren azken kantua eman zuten denek batera. “Herriari” izena du, Antton Alkhatek egina da eta Kamila Zubeldia dugu doinu egilea. Zinez, ederra. Horratx:

Herriari

Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarraErakutsiz ikus entzule axeri edo ta bele

herri biziaren egile bizi dela seinale.

Egungoarekin dira xixtatu xuxen makur,

plaza huntarat ekarriz ainitz egi ta gezur,

erranekilan ez dadila nehor egun ez bihur

ta hurbildu zireztenei milesker eta agur.

Batzuek ahantzia zuten, besteak aldiz uzkur,

ikasi edo hobetu gaindituz hainbat beldur.

Hizkuntza xaharra ez dadila iraganeko bihur,

euskara ta bere kultura zabalduz berriz segur.

—————–

Hemen bizia goxo al da? Ez zazuela galda,

duela ordoki ta malda, Baigura ta Garralda.

Nor ez da sekulan jina gure herri huntarat,

Feria ta Pesta Berri, zikiro pestetarat

ibiltzerat edo lanerat, nola ez ostaturat.

Ongi etorria duzue hurbiltzean hunarat.

Plaza huntan bizia hasi baitzen aspaldi,

ikusi izan da dantzan, joka, asto ta zaldi,

ezagutza, amodioa sorturik Agerraldi,

hemen denek oroitzapenak, bakotxak bere aldi.

—————

Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarraBakotxak ekarriz harria bilduz gure herria,

xutitu araziz jarria, ekar dezan irria.

Eri, ezin hurbilduak, nola ez gogoetan,

musu bat ere daudener izarren arteetan,

biharkoak aldiz ditugu altxo ta besoetan,

gaurkoak segi dezan luzaz menderen mendeetan.

Harrotasuna, irria, trixtura ta malkoak,

azkartuz gure artean ezin ahantzizkoak,

“Gauden Bat”  diola betikotz herriaren leloak,

Gora Heleta, heletarrak milesker ta txaloak.

Kantu luze bezain ederra, zinez! Eta gero, gerokoak. Heletarrak eta hurbildu ziren gainerakoak txosna eta ostatu giroan bildu ziren. Hor izan ziren kalakak eta umore ona. Talo beroen eta arnoaren tenorea zen, eta herritarrek eztarria bustitzeko eta gosea apaltzeko baliatu zuten. Gero izan ziren euskal dantzak, mutxikoak, zortzikoak eta fandangoak. Amaiera alaia kabalkada-tobera eder batentzat. Heletarrek ongi erakutsi zuten, kabalkada kontu hauetan maisu handiak direla. Aupa heletarrak eta Heletako kabalkada!

Heletako kabalkada. Tradizioa eta herri-indarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia