Hekimen elkartearen arabera dirulaguntza deialdi berrian aurrerapausoak eman dira baina oraindik bada zer hobetua

Hekimen elkartearen arabera dirulaguntza deialdi berria – 

Sektoretik balioan jartzen dira bai deialdi berriak erakunde publikoekin adosten saiatzeko egin den lanketa eta, oro har, Euskal Hedabideen Mahaian sektorearen arazo eta erronken inguruan erakunde publikoetako ordezkariekin aritzeko ireki den aukera. Baina, era berean, azpimarratu behar dugu oraindik ere sektorearen benetako beharretara iristeko neurri eta baliabide gehiago beharko direla, besteak beste, berrikuntza sustatzeko.

Dirulaguntza eredu berriak hiru urte egin ditu jada eta, orokorrean, sektorearen egonkortasunerako aurrerapauso garrantzitsua suposatu duen arren, oraindik ez da sektorearen benetako beharrak asetzera iritsi eta horregatik sektoretik ahalegin berezia egin da 2022-2024 urteetarako deialdi berrietan hutsune horiek gaindi daitezen. Zentzu horretan Euskal Hedabideen Mahaian lan handia egin da deialdi berriak erakunde publikoekin adosten saiatzeko eta aurrerapauso batzuk egon diren arren, oraindik badago zer hobetua, oraindik ez baitira gauzatu sektoreak mahaigainean jarritako hainbat oinarrizko eskaera.

Gainera, beste hainbat sektoretan gertatzen ari den moduan, hedabideen sektoreak digitalizazio eta berrikuntza behar handiak ditu. Beste hitz batzuekin esateko, sektoreak hartzaileengana iritsi nahi badu trantsizio digitala egin beharra dauka, berrikuntzan sakondu beharra dauka, eta bide hori, bai ala bai, erakunde publikoek lagundu behar dute, ezinbestekoa den zerbitzu bat daukagulako jokoan. Zentzu horretan, administrazioari gai honekiko engaiamendu erabatekoa eskatzen diogu. Ezinbestean, erakunde publikoen bultzada beharko baitugu gure egitasmoak errealitate berrira egokitu, gure komunitateari ahalik eta eskaintza onena egin eta hartzaile berriengana iristeko. Gaur herri ekimeneko euskal hedabideek eta erakunde publikoek irudikatutako argazki anitzak erakusten duen moduan, euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesurako euskarazko komunikabideak estrategikoak gara. Hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen edozein egitasmorentzat berebiziko garrantzia du euskarazko komunikabide sare zabal eta sendoa izateak. Izan ere, eskaintza horri esker, milaka lagunek euskaraz bizitzeko aukera gehiago dute. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada, eskaintza aniztasuna baita iritzi aniztasunaren oinarrietako bat. Eta ez dezagun ahaztu, iritzi aniztasuna da demokraziarako bermea.

Eskaintza zabal eta aberats hori azken hamarkadetan egin den lan eskergaren ondorio da, baina bidea ez da erraza izan, ez da erraza izaten ari. Euskarazko komunikabideen sektoreak era guztietako krisialdiak gainditu behar izan ditu honaino iristeko. Komunikazioaren mundua bizitzen ari den egiturazko krisiari, 2008ko krisialdi ekonomikoa gehitu zitzaion eta azken bi urte hauetan horri guztiari pandemiak eragindako ondorioak (gastuen handitzea, publizitatearen murrizketa…).

Eta gure kasuan, noski, hizkuntza gutxiagotu batean aritzeak eragiten duen desabantaila. Orain dela zenbait urte, sektoreak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publiko nagusiek (Jaurlaritzak eta hiru aldundiek) elkarrizketak abiatu zituzten euskarazko komunikabideen egonkortasuna bermatu asmoz eta 2019 hasieran iragarri zen erakunde publiko horiekin landutako dirulaguntza eredu berria. Euskarazko komunikabideen sektoreak sistema berria norabide egokian emandako lehen pauso gisa baloratu zuen, oro har sektoretik historikoki egin izan diren eskari nagusiak jasotzen zituelako, norabide berean pauso berriak eman beharko zirela azpimarratuz.

Testuinguru horretan dirulaguntza eredu berria lantzeko sektorearen eta erakunde publikoen artean garatutako bilera dinamika mantendu eta indartu beharra ikusi zen eta 2020an Euskal Hedabideen Mahaia jarri zen abian bi aldeetako ordezkariekin. Mahaia sektorearen arazo eta erronken inguruan hitz egin eta ahal den heinean irtenbideak bilatzeko helburuarekin sortu zen eta azken bi urte hauetan sektorearentzat garrantzitsuak diren gaiak landu dira bertan, tartean 2022-2024 aldirako deialdi berriak.

Mahaia eratzea bera pauso garrantzitsua izan da sektorearen inguruan hitz egin eta hausnartzeko, baina bere ibilbidea hasi besterik ez da egin. Sektoreak eta erakunde publikoek bide bat hasi dugu eta pauso berriak ematen jarraitu beharko da, besteak beste, berrikuntzaren eremuan. Izan ere hori izango da, sektoreak ondorengo urteotan sakontasunez landu beharko duen ildo garrantzitsuenetako bat.

hekimen

Hekimen elkartearen arabera dirulaguntza deialdi berrian aurrerapausoak eman dira baina oraindik bada zer hobetua

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.