Arte[faktua] 152: ‘Dena ametsa den irudipena’ Leire Vargas poeta gaztearen lehen olerki-bilduma

Arte[faktua] 152: Leire Vargas – 

Leire Vargas idazle durangarra izango da larunbat honetako ‘Artefaktua’ programako gonbidatu nagusia. 2021ean eskuratutako Irun Hiriko Kutxa Literatur Sariari esker eta Elkar argitaletxearen eskutik, Vargasek lehenengo lan literarioa duen Dena ametsa den irudipena poema-liburua plazaratu du. Nahiz eta olerki-sorta azken hiru urteetan zehar idatzi, umetatik eta, batez ere, familiatik datorkio hitzekiko zaletasuna eta beharra. Azkenean, pasio berak Itzulpengintzaren munduan lehen urratsak ematera eraman du. Yolanda Mendiola aurkezlearekin Durangoko Sorgiñola Gaztetxean elkartuta, Vargas bere poesiaren atzean dagoen munduari buruz solastuko da.

Miren Amuriza bertsolari eta idazlea gonbidatu du saiora Vargasek, batetik, bertsolaritza eta literatura amankomunean izateagatik eta, bestetik, lagun eta konfidente onak ere badirelako. Amuriza 2019. urtean argitaratu eta zeresan handia izan zuen Basa (Elkar) nobelaren egilea ere bada.

Bestalde, Gurutze Eizagirre irakurle azpeitiarraren eskutik iritsiko da aste honetako liburuaren gomendioa. Horretarako, Mikel Ayestaran idazlearen Jerusalén, santa y cautiva: Desde el corazón de la Ciudad Vieja a la eternidad (Península) liburua aukeratu du.

Letren bidaiak atalarekin hizketaldi oso berezia partekatuko dugu PEN elkartearen mendeurrena dela eta. Laura Mintegi Euskal PEN elkarteko lehendakariaren eta Carles Torner mendeurreneko zuzendariaren eskutik ezagutuko dugu mundu osoko idazle talde honen ibilbidea: adierazpen  askatasunaren eta hizkuntzen alde eginiko lana.

Emanaldiaren amaiera aldera, @faktua atalean Cocó Hurtadoren (SF IP) booktubea erakutsiko dugu, neskatoak Patxi Zubizarretak idatzitako ‘Arroza eta tinta’ (Erein) liburuaren inguruan egindakoa, hain zuzen.

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en

Arte[faktua] 152: ‘Dena ametsa den irudipena’ Leire Vargas poeta gaztearen lehen olerki-bilduma

Arte[faktua] 152: ‘Dena ametsa den irudipena’ Leire Vargas poeta gaztearen lehen olerki-bilduma

Arte[faktua] literatur saioa ETBn