Heineken garagardo etxea da Gasteiz berdearen ikur berria
Heineken garagardo etxea herbeheretarrak milioi 1 euro ordaindu dizkio Gasteizko Udalari. Europako hiriburu berdearen bazkide gisa bataitu zuen atzo Heineken Javier Maroto alkateak, Richard Weissend Espainiako Heinekenen buruarekin batera. Bazkide izendapena jaso duen lehenengo enpresa da Heineken, hau da, milioi bat euro inbertitu duen bakarra. Heineken da Gasteizen irudi berria ala Gasteiz da Heineken irudi berria? Argi dagoena da, Heineken izena ahaztea ezinezko egingo dietela gasteiztarrei.
Heineken publizitate markak hirian nabarmentzeko hasiko da laster. Aurrerantzean Gasteizen egiten den programazioan lekua izango du etxeak, adibidez jaietako kontzertuetan. Aisialdirako ekitaldietaz gain, Heinekenek jasangarritasunari buruzko Green Capital Expo aretoan izango du lekua, baita kirol jardueretan ere.
Publizitate kanpainetan ere Gasteizko hiriburu berdearen logoa erakusteko eskubidea izango du enpresak. Weissenden arabera, Heinekenen helburua “munduko garagardo etxerekin jasangarriena” izatea da eta “ahaleginak batu” nahi dituzte “etorkizun hobea” lortzeko.
Gasteiz Heinekenentzako ingurumenaren aldeko baloreetan eredugarria da, eta horri lotu nahi dio bere irudia ere. 2011 urtean Heinekenek jasangarritasun plana jarri zuen abian, CO2 isurketak murrizteko eta edukiontzien birziklapena bermatzeko batik bat. Langileen soldata jasangarritasun planaren aurrerapenen arabera moldatzen du enpresak. Interneten ideia jasangarrien lehiaketa bat ere jarri du martxan.
Kontsumoa, Alkohola eta Jasangarritasuna. Hirurek bat egin dute Gasteizen, eta, udaleko kutxarentzako zorionez, milioi bat euro ekarri ditu besapean.