Jadanik salgai dago kxo!, Elhuyarren aplikazioa smartphoneen bidez euskara ikasteko

Elhuyarrek euskara ikasteko smartphoneetarako aplikazio bat garatu du, eta gaur goizean aurkeztu du Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian. kxo! Ikasi euskara / Aprende euskera / Learn Basque / Apprenez le basque euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazio bat da, eta haren bidez gaztelania, ingelesa edo frantsesa abiapuntutzat hartuta euskara ikasi ahalko du erabiltzaileak.

Aplikazio honek euskararako lehen hurbiltze bat izan nahi du, eta haren helburua da euskaraz ezer ez dakienari edo euskara apur bat baino ez dakienari ohiko egoeretan euskaraz komunikatzeko tresnak eskaintzea. Horretarako, entzuteko ariketak, mintzatzeko ariketak eta irakurri eta idazteko ariketak erabiltzen ditu.

kxo! Aplikazioarekin, erabiltzaileak euskaraz azkar eta erraz ikasi ahalko du bere smartphonean (Android edo iPhone plataformetan). Egokia da euskara ikasten ari den edonorentzat, Euskal Herria bisitatzen duten turistentzat edo kanpoko ikasleentzat.

Elhuyarrek Moblang europar ikerketa-proiektuan parte hartu zuen, beste hainbat erakunderekin batera, eta, proiektu horretan ikertutakoaren ondorioz, hizkuntzak ikasten lagunduko duen mugikorretarako aplikazio bat sortu zuten, balio izango duena, besteak beste, euskara mugikor bidez modu ludikoan eta erraz ikasteko. Elhuyar arduratu da euskara ikasteko aplikazioaren garapenaz eta kxo! da lan horren emaitza. kxo! aplikazioaren edukia, beraz, Moblang proiektutik hartua da (Moblang Basic Language Courses by Moblang Project). Aplikazioaren garapenean Anspear eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoa aritu dira, eta Eusko Jaurlaritzak 2011ko IKT deialdian diruz lagundutako proiektua izan da.

kxo! Android Market eta App Store dendetan dago salgai 3 €-an, eta doako demoa deskargatu daiteke. Aplikazioari buruzko informazio gehiago Elhuyarren webgunean dago eskuragarri.

Euskara ikasteko aplikazio honekin, Elhuyarrek dagoeneko sei aplikazio ditu smartphoneetarako egokituak (Android eta iPhone plataformetarako): kxo! euskara ikasteko aplikazioa bera eta Elhuyarren bost hiztegi.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.