Hego Euskal Herriko 23 diputatuak Madrilen

Hego Euskal Herriko 23 diputatuak Madrilen

Hego Euskal Herriko 23 diputatuak MadrilenAtzoko Espainiako Hauteskunde Orokorretako emaitzen arabera, gizon-emakume hauexek izango dira Madrilgo Gorteetan hurrengo legegintzaldian izango diren hogeita hiru diputatu euskal herritarrak.

Orain hamabost eguneko aurreikuspenetan kale egin genuen, Ahal Duguk irabazi baititu bozak, eta EH Bilduk zazpi eserlekuetatik bost galdu. Diputatu kopuruari dagokionez, Podemosek zazpi ordezkari erdietsi ditu, EAJk sei, PSOEk eta PPk lau (hauetako bi UPNrekin bat), eta EH Bilduk bi baino ez. Gainontzeko taldeek ez dute lortu ordezkaritzarik.

.

ARABA

  • Juan Antonio López de Uralde (Podemos) 1963an Donostian jaioa, ekologiaren aldeko ekintzaile ezaguna da; hamar urtez Greenpeace Españako zuzendari izan eta Equo alderdiko partaidea da. 2010ean “El planeta de los estúpidos, propuestas para salir del estercolero” liburua plazaratu zuen.
  • Alfonso Alonso (PP) 1967an Gasteizen jaioa, Filologia Erromaniko eta zuzenbide ikasketak burutu zituen eta abokatu lanak egin. Gasteizko alkate izan zen 1999tik 2007ra eta EAEko Alderdi Popularreko lehendakari izateaz gain Espainiako Osasun ministroa da egun.
  • Mikel Legarda (EAJ) 1956an Indautxun jaioa, Bilbon, Gasteizen hiru bizi da orain dela hiru hamarkada. Jurista ezaguna, profil teknikoa du eta ibilbide luze eta zabala egin du euskal administrazioaren baitan. Bi semeren aita da.
  • Javier Lasarte (PSOE) 1961ean Miranda de Burgos-en jaioa, Ekonomia Zientziak ikasi zituen, eta Espainiako Kongresuan diputatu izana da 2011ra arte. Vital-Kutxako zuzendari-orde izandako arabarra EHUko irakaslea da egun.

.

BIZKAIA

  • Aitor Esteban (EAJ) 1962an Bilbon jaioa, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Doktore egin zen eta bertako irakasle izana da. EAJren Bizkaiko zerrendaburua Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko kide da 2004a geroztik eta bozeramailea 2012an Erkoreka ordezkatu zuenetik.
  • Pedro Azpiazu (EAJ) 1957an Deustuan jaioa, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen EHUn eta Herrialde eta Hiri Ekonomian espezializatu. Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko ekonomilaria da. Athletic zale amorratu, 2000. urtetik diputatua da Espainiako Kongresuan.
  • Pilar Ardanza (EAJ) 1957an Elorrion jaioa, zuzenbide ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean. Durangoko alkate (1989-2003) eta Hirigintza eta Garraio Foru Diputatu (2003-2009) izana da, besteak beste. Legegintzaldi berrian EAJko emakume bakarra izango da Kongresuan.
  • Eduardo Maura (Podemos) 1981ean Valladoliden jaioa, soziologia ikasketak burutu zituen eta filosofian doktorea da. Eskolak eman izan ditu besteak beste Madrilgo unibertsitate Konplutensean, eta Podemos alderdiko arlo kulturalaren ardura du. J. J. Rousseau eta Walter Benjamin editatu ditu.
  • Maria Rosa Martínez (Podemos) 1975ean Leonen jaioa, Equo alderdiko bozeramailea da 2014a geroztik. Zientzia Politikoak ikasi zituen eta Aranzadi elkartean egin du lan, besteak beste memoria historikoaren gaineko hezkuntza proiektuetan. Ekologista eta feminista da. Bi haurren ama da.
  • Onintza Enbeita (EH Bildu) 1979an Muxikan jaioa, bertsolaria eta kazetaria da, Berria eta ETBn lan egindakoa. Agroekologian eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoko bana du egina. Espainiako diputatu izan da 2011tik Amaiur koalizioaren izenean.
  • Patxi López (PSOE) 1959an Portugaleten jaioa, Bilbon bizi da egun. 1987an izendatu zuten lehen aldiz diputatu eta Eusko Legebiltzarrean aulkia izan du 1991etik hona, etenik gabe. PSEko idazkari nagusi izan zen Idoia Mendiak ordezkatu zuen arte. Eusko Jaurlairtzako seigarren Lehendakaria izan zen.
  • Leopoldo Barreda (PP) 1960an Bilbon jaioa, zuzenbide ikasketak egin eta egun abokatu da. Zazpi legegintzaldiz izan da Gasteizko Parlamentuan PPko ordezkari; 1996an Jaime Mayor Oreja ordezkatu zuenetik taldeko bozeramailea da. PPko Bizkaiko lehendakari ere izana da, 1987 eta 1995a bitartean.

.

GIPUZKOA

  • Nagua Alba (Podemos) 1990ean Donostian jaioa, psikologia ikasketak egin zituen EHUn eta master bat hezkuntzaren psikologian. Gizartetik baztertze arriskuan diren taldeekin egin izan du lan beti, umeekin bereziki.
  • Fernando Iglesias (Podemos) 1970ean Valladolid-en jaioa, Zientzia Politikoak ikasi zituen EHUn, eta kultur kudeatzaile legez lan egin izan du, besteak beste Gasteizko Gauekoak programan. Arabar hiriburuan Podemoseko burua da egun.
  • Joseba Andoni Agirretxea (EAJ) 1966an Ondarroan jaioa, duela 25 urte Donostian bizi da Gipuzkoako EAJren zerrendaburua. Euskal Filologia ikasi zuen Deustun eta ibilbide luzea egin zuen komunikazio munduan, ETBn. Bi alabaren aita da. Egun diputatua da Madrilen.
  • Iñigo Barandiaran (EAJ) 1959an Donostian jaioa, EAJko kide da 1977tik eta era guztietako karguak izan ditu organigrama jeltzalean. Kutxako kontseilari izana da. Bi alabaren aita da, Agirretxea bezala.
  • Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) 1968an Legazpin jaioa, oso gazte zela hasi zen euskal komunikabideetan lanean, ingeniari ikasketak egiteko asmoa zuen arren. Egun Hernanin bizi da eta bertako alkate hautatu zuten 2007an. Egun legebiltzarkidea da Gasteizen.
  • Odon Elorza (PSOE) 1955ean Donostian jaioa, bertako alkate izan zen hogei urtez, 1991tik 2011ra. Aurretik Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen, eta egun diputatua da Madrilen.

.

NAFARROA

  • Iñigo Alli (UPN-PP) 1973an Iruñean jaioa, Biologia ikasketak egin zituen. Nafarroako Unibertsitatean irakasle izana da, enpresa handietako aholkulari eta Nafarroako Kutxako Civicaneko zuzendari.
  • Carlos Salvador (UPN-PP) 1966an Iruñean jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean eta abokatua da egun. UPNko kidea diputatua da Kongresuan. Lau seme-alaben aita da.
  • Ione Belarra (Podemos) 1987an Iruñean jaioa, Psikologia ikasketak burutu eta hezkuntzan egin du lan. Mugimendu sozialetako kide, bereziki etorkinen alde egin izan du; migrazioari buruzko dotkore tesia egiten dabil.
  • Eduardo Santos (Podemos) 1974an jaioa, Zuzenbide Penala irakasten du UPNAn, eta giza eskubideen eta presoen aldeko lanean nabarmendu da. Besteak beste, bitartekari lanak egin ditu ETAko kide ohien eta biktimen arteko hurbiltze prozesuan. Nafarroako parlamentaria da egun.
  • Jesús María Fernández (PSOE) 1957an Iruñean jaioa, PSOEko kide da orain hiru hamarkadatik. Lanbidez medikua da eta eskarmentu handia du kudeaketan, erantzunkizunak izan baititu bai Nafarroako Gobernuan bai Eusko Jaurlaritzan; azken honetan osasun sailburuordea izan zen 2009-2012 artean.

Zer duzu buruan “Hego Euskal Herriko 23 diputatuak Madrilen”-ri buruz