Hedabide berri bat jaio da: beitu!
Hedabide berri bat jaio da: beitu! –
Nola iritsi mugikorrera itsatsita dauden nerabeengana? GAZTEZULOk proposamen berria aurkeztu du Donostiako Convent Gardenen egin duen ekitaldian.
GAZTEZULOk proiektu berri bat aurkeztu du gaur: BEITU! gaztetxoentzako komunikabide digitala! BEITU! plataformaren erabileraren eta gainontzeko datuen inguruan azalpen guztiak eman ditu gaur, hilak 8, Donostiako Convent Garden espazioan, 11:00etan. Bertan izan dira Zuriñe Maguregi GAZTEZULOko zuzendaria, Telmo Trenado eta Ane Atxutegi youtuberrak eta baita Mr. Euskaldun ilustratzailea ere. Baina, zer da BEITU!?
.
NERABEENTZAKO HEDABIDE BERRI BAT JAIO DA
BEITU! nerabeei zuzenduriko hedabide digitala sortu du GAZTEZULOk. 14-18 urte bitarteko gazteentzako diseinatuta, aisialdiarekin lotutako euskarazko edukiak jasoko dituzte mugikorrean zuzenean. Helburua? Gazteek aisialdian kontsumitzen dutena euskaraz eta eskura jasotzea.
Azken hamarkadetan gazteen euskara maila hazi bada ere, erabileraren bilakaera ez da horren nabarmena izan. Hedabideok badugu horretan ardura, adin guztietako gazteengana iristeko bidea esploratzeke baitago. Sare sozialak etengabeko informazio eta aisialdi iturri bilakatu dira nerabeen artean eta mugikorra da aisialdi honen kontsumorako erabiltzen duten gailua.
Bestalde, hizkuntza erabileraren inguruko ikerketek diotenez, gazteek denbora librean kontsultatzen dituzten edukien artean euskarak ez du ia presentziarik eta gaztelania eta ingelesezko edukien bilaketak, ordea, gora doaz. Horregatik, belaunaldi berriei egokitutako proiektuak garatzeko premiaren aurrean BEITU! sortu dugu, gazteek kalitatezko euskarazko edukiak eskainiko dizkien komunikabide digitala.
.
BEITU! GAZTEEK GAZTEENTZAT SORTUTA
Zer da BEITU! zehazki? Kontuz, ez baita aplikazio bat. Teknologia berrietara egokitzen den plataforma digitala da; hilero, izena eman duten gazteek WhatsApp bidez beren mugikorrean jasoko dituzte beraiek kontsumitzen dituzten aisialdi gaiekin lotutako edukiak, hala nola, elkarrizketa labur eta dibertigarriak, bideoak, umorea, sexu eta drogen inguruko kontsultak –modu pribatuan egiteko aukera eta adituek eskainitako zerbitzua–, lehiaketak… Baina beti modu entretenigarrian eta hizkuntza argia eta zuzena erabiliz.
Kolaboratzaile sare bat osatzeko helburua ere badu BEITU!k, gazteek gazteentzat sortutako plataforma izan dadin. Besteak beste, Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak, Mr. Euskaldun ilustratzailea, Xabi Martin iparra.eus proiektutik… gurekin kolaboratzen ari diren gazte hauek primeran asmatu dute publiko gaztearekin konektatzen.
Bestalde, sare sozialen bidez, erabiltzaileek BEITU! osatzeko aukera izango dute, gustuko dituzten edukiak proposatuz. Instagrami esker –@beitu_insta– egunero BEITU!ren jarraitzaileekin harreman zuzena mantentzeko aukera dugu, euren interesak, iritziak eta zalantzak entzunez, eta norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantenduz. Landutako beste sare sozial bat Spotify da; bertan sortutako zerrendaren bitartez, euskal musika taldeen aldeko apustua eginez.
.
NOLA JASO BEITU!
BEITU! hilero jaso ahal izateko, izena eman behar da. Hau doakoa da, eta bi modutara egin daiteke: Instagram kontuko portadan azaltzen den estekan klik eginez edo zuzenean www.gaztezulo.eus/beitu orrialdean sartuz. Behin harpidetza eginda, erabiltzailea BEITU! komunitatearen kide izango da eta hilero WhatsAppean jasoko du. Gustuko dituzten edukiak klik bakarrean eta lagunekin partekatzeko prest!
.
GEHIAGO JAKIN NAHI? GAZTEZULO.EUS