Hauxe da sumatzen dudan hizkuntza
Hauxe da sumatzen dudan hizkuntza
Bat nator Amets Arzallusek Zumaian helarazitako kezkarekin: amildegi bat dago joaten ari direnen eta gaudenon hizkuntz kalitatearen artean. Ez dugu ikastolako jolastoki edo Euskadi Irratiko kalakaldi batengana jo behar horren jakitun izateko. Aski da geure aitite-amamek euskaraz egiteko daukaten abilezia eta naturaltasunaz ohartzea, geure mintzatzeko erak zerikusirik ez duela igartzeko. Dena den, ez dezagun pentsa afera euskarara soilik mugatzen denik, gazteleraz ere ematen baita. Adibidez, hain normalizatuta dagoen gaztelera bezalako hizkuntza batean zenbait hiztun entzuteak belarriko mina egiten digu. Aipagarria da “de que” edonon sartzeko joera traketsa edo “para nada” espresio okerra jaulkitzeko trebetasuna. Esan gabe doa, “almóndiga” edo “formacia” aipatzen den bakoitzean geure arima gazteleradunean zerbait goibeltzen dela.
Aitor dezadan, ez dakit zein izan litekeen “potentzialtasun espresiboa”-ren beherakadak duen jatorria. Susmo batzuk baino ez ditut buruan, beraz, ez itzazue serioegi hartu. Adibidez, baliteke inguruarekin dugun azaleko erlazioaren ondorioz, hitz asko geure hiztegitik ezabatu izana. Geure arbasoek hamaika lan-erreminta usatzen zuten eta haien izenak ikasi eta erabiltzen zituzten. Guk, ordea, ordenagailura itsatsita ematen ditugu egunak, kanpoko errealitateari erreparatu gabe, izen eta izen horien ondoren “asmatutako” aditzak ahantziz, seguru aski jakinduri horiekin batera. Era berean, irudiz osatutako gizarte batean bizitzea “potentzialtasun espresiboa”-ren galeraren jatorria ere badela barrundatzen dut. Hitzari baino irudiari berari ematen baitiogu lehentasuna eskuarki, objektu asko bistaz ezagutu arren, ez gara euren izenak aipatzeko kapazak izaten.
Arestian aipatu ditudan ondorioak begibistakoak dira. Hiztunok konturatu gara Euskadi Irratian entzuten diren euskaldun askoren maila espresiboa eskaxa dela edota futbolari ugariren hitz-jarioa nahiko murritza dela, askotan mekanikoa izateraino. Haatik, nago Arzallusen kezka haratago doala, hizkuntz kalitatearen auzia hiztun erkide guztion arazoa dela. Bada, “potentzialtasun espresiboa”-ren galerak beste arrasto batzuk lagatzen ditu eguneroko barriketan, gazteleraz nahiz euskaraz; ikasleengan zein irakasleengan, ezari-ezarian geure egunerokotasunean ohikotzat hartzen hasiak garenak. Hona “sumatu” ditudan jite batzuk eta euren ondorioak:
- Hauxe, zera, “esto”, “aquello” (demostratiboak) erabilerak objektuak edota lekuak deskribatzeko ezgaitasuna islatzen du. Batzuetan memoria kontuak izan litezke, baina besteetan hiztegi faltaren ondorioz gertatzen da fenomeno hau, izan ere, lehen aipatu bezala, objektu askoren izenak ez dakizkigu edo, hobe esanda, ez zaizkigu burura etortzen. Adibidez, “ez nuen hartu mailua” esan beharrean, “ez nuen hori hartu” mailuari seinalatuz esaten dugunean.
- “Hitz generikoak” denerako erabiltzeak xehetasunak adierazteko zailtasunak erakusten ditu. “Gauza” edo “katxarroa” gisako hitz generikoak oso maiz aukeratzen ditugu, trazo potoloz multzo horien barruan jar ditzakegun objektu edo kontzeptuen arteko ñabardurak ezereztuz, gizartea eta ingurua ulertzeko beharrezkoa den konplexatasuna alboratuz. Adibidez, gustuko ez dugun erabaki bat “faxista” dela esateko ohitura handia dago. Berdin digu erabakia hartu duen taldea sozialdemokrata, marxista edo liberala izateak, baita erabakia hartzeko modua unilaterala edo partea-hartzailea izateak ere, erabakia edo erabakia hartu duenak gustuko ez d(it)ugula-eta “faxista(k)” d(ir)a eta kito. Esan gabe doa erabakiak Mussoliniren ideologiarekin zerikusirik edukitzea sarritan kasualitade hutsa dela.
- Deskribapenaz nonahi baliatzeak objektuak edo ekintza konkretuak zehatz-mehatz helarazteko gaitasun-falta adierazten du, fenomeno hau aditzekin ere gertatzen baita. Eguneroko ohiturekin zerikusirik ez dituen ekintzekin lotuta egon litezke, adibidez, hiritar naizen aldetik, lurra “goldatu” esan beharrean, “lurra mugitzea marka uzten” esaten dudanean. Era berean, larritzekoa da eguneroko zereginetan objektu konkretuak aipatzeko “zera egiteko gauza/ katxarroa dela” esaten besterik ez dakigunean. The Simpsonsen episodio batean Homerri koilara hitza aurkitzeko egiten duen ariketak ederto erakusten du fenomeno hau: “Marge, non dago gauza hori? Gauza hori, erabiltzen duguna… taka eta jan!”.
- “Verbes passe par tout” ekintza oro aipatzeko balio duten aditzak dira. Adibidez, “Athletic partiduan nagusitu zen” esan beharrean, “Athletic nagusi izan zen” esatea. Frantsesez faire aditzarekin lez, euskaraz “egin” aditzak ere gertakizun ia guztiak deskribatzeko balio du, dena “egiten” dugulako euskaldunok, hala partidu onak jokatu, nola tontoarena; ekintzak berak (zehatzago) aipatzeko sinonimorik ez balego lez.
- “Clicheak” loroak bezala errepikatzea modan dago. Euskaraz nahiz erdaraz oso ohituta gaude esamolde batzuk errepikatzera baina teknologia berrien garapenarekin ohitura areagotu delakoan nago. Hor dugu “arrisku saria/ prima de riesgo” famatua; taberna eztabaida guztietan presente egon arren, ezezaguna zitzaiguna jende arruntoi, ia inork ez baitzekien zerk demontrek osatzen zuen sari delako hori. Kirol kazetaritzaren esparrutik uzta oparoa ere jaso dugu. Adibidez, Athleticeko partiduak ikusten ditudala, “el jugador ha pinchado el balón” entzuten diot esatariari, zer adierazi nahi duen ez dakidala, baloiak bere horretan jarraitzen baitu.
Oro har, ez dut uste aipatu berri ditudan joerak bitxiak gertatzen zaizkigunik. Adibide erdipurdikoak dira, egunero entzuten ditugunak, beraz, ez dut esango erabilerak berak geure hizkuntzaren kalitatea murrizten duenik, baizik eta baliabide hauen gehiegizko erabilerak geure hiztegi falta agerian uzten duela, beraz ondorio bat dela. Izan ere, trazo potoloz ehundutako diskurtso errepikakor eta aspergarriak botatzera bultzatzen gaituzte, kontzeptualki oso ahulak izaten direnak eta, gai konplexuei dagokienean, nahasmenera mugi gaitzaketenak. Bada, errealitateak eskeintzen dituen xehetasunak ahazten dituzte. Lehen “faxista” hitzaz mintzatu naiz, baina “inposaketa”-k ere balio du, herri honetan oso ohikoa izan baita gustuko ez genuena”inposaketa”-tzat hartzea. Atez-atekoaren aferak argi erakusten digu elea aise erabiltzeko dugun apeta; zaborrak biltzeko ereduaren aurka daudenak udalbatzar batek gehiengo osoz hartutako erabakia “inposaketa”-tzat jo baitute behin baino gehiagotan, udalbatzarra herritarren borotandearen ondorioa dela alde batera utziz.
Hil ala biziko egoeran ikusten dut euskara, eta larritasunaren kontzientzia zabaltzea bide baliagarria iruditzen zait buelta ematen saiatzeko”, dio Arzallusek. Arrazoia du, hizkuntz handien bazka izan litekeelako bide batez. Aldiz, ez gaitezen geure zilborrera mugatu, hizkuntza kalitatearen beherakada nabarmena delako erdaldunon artean ere. Kezka horretatik datorkit testua idazteko bulkada, oso tristea baita eleanitza behar den giza-multzo batek mundua bere ama-hizkuntzan aipatzeko arazo franko izatea. Izan ere, ama-hizkuntza menperatu ezean, ez dago beste hizkuntza zuzen erabiltzerik, are eta gutxiago kalean eta hedabideetan minorizatuta dagoen euskara. Hizkuntzaren kalitatearen galeratik etor dakioke galbidea; euskara latina bezalako “hizkuntz epela” bilaka baitaiteke, baina potentzialtasun espresiboa lantzetik etor dakioke hauspoa ere bai. Bada, asko gara euskaraz bizi nahi dugunok.
Benetan miresten dut zure artikulu guztietan nola edo ahala Athletic sartzeko duzun ahalmen txundigarria
Egun on Kilikili
Ez dut nahita egiten, horrela ateratzen zait.
Ondo ibili
Ados artikuluarekin, baina ezin dira maila berean jarri euskararen eta gaztelaniaren edo frantsesaren egoerak. Euskararen kasuan belaunaldien arteko amildegia askoz handiagoa da, eta hizkuntzaren beraren muinari eta bizi-indarrari eragiten dio, zuzen-zuzenean.
Egunon Peru,
Ados zurekin, susmo horretatik dator azken esaldia, gainera. Dena dela, erdararekin parekatzeak helburu bat dauka; ez dezagun pentsa euskaldunoi baino ez zaigunik gertatzen. Askotan joera hori baitaukagu.
Ondo ibili
Aupa,
“Almóndiga” esatea irrigarria da, arbuiagarria, askoren aburuz, baina gaztelania zuzen jatorra da, bai “albóndiga” bai “almóndiga” gaztelaniaz erabili izan direlako, eta nik esango nuke Erdi Aroko eta Urrezko Mendearen testuetan maizago azaltzen dela aldaera m-duna. Portugeseraz “almôndega” da, bide batez esanda. Izan ere, biak onartzen zituen RAEren zorioneko hiztegiak, nahiz eta gaur “albóndiga” nahiago izan, azalpenik eman gabe. Azalpena “Diccionario panhispánico de dudas” delirantean topatuko dugu, ordea: “No debe usarse la forma ‘almóndiga’, propia del habla popular de algunas zonas”. Azalpenezko aposizioak kausa-perpaus bat mozorrotzen du, noski: “No debe usarse PORQUE es propia…”. Hiztegiaren sarrera horri darion klasismoa ikaragarria da. Izan ere, “almóndiga” ez dugu maiz entzungo Madrilgo Paseo de la Castellana-n, ezta RAEren egoitza nagusia dagoen auzo aristokratikoan; erruz, ordea, Espainiako hiriburuaren gerriko industraleko auzo “popularretan”, eta maiz adineko andreen ahoan. Horixe gakoa.