Euskaldun ona eta akongojatua

 

Gure hizkuntza-egoera ez dago arranguratarako, baina egia da kezka handiz jaso duela Euskararen egoeraz eta etorkizunaz kezkatzen den hainbatek Soziolinguistika Klusterrak saritu dituen lanen berria.

Kezka handiz diogu, zeren eta saritu diren lan horien izenburuek ez dirudi garai onik iragartzen dutenik.

Garbi gera bedi, dena dela, lanak gutxiesteko asmorik gabe ari garela honetan, behar-beharrezkoak baitira horiek ere.

Baina besterik da hemen planteatzen dena, lan horien aitzakiarekin bada ere.

Belarririk duenak, beraz, entzun beza!

Lan horiek hautatzean, beste hobeagorik ezean beharbada, soziolinguistika-estilo bateko lanak saritu ditu Klusterrak.

Eta hortik dator kezka.

Zeren eta, suposatzen den bezala, izenburuak bat badatoz lanetan garatu den mamiarekin, haiek irakurri gabe suma daiteke panorama postmoderno horietako baten aurrean egon gaitezkeela Euskal Soziolinguistikaren alorrean ere.

Panorama teknologiko-teknokratikoa, arazoaren erroetan sakontzako premiarik ez duena, ideologien amaiera laudatzen dutenetakoa, konponbide estrukturalak behar dituzten kontuen aurrean partxeoak bideratzen dituena…

Kezkatzekoa litzateke, beraz, errealitate soziolinguistikoaren azaleko gabeziak bakarrik aintzat hartuz jokatzen hasiak bagina. Ikuspegi politikoetatik ihesean doazen diskurtso eta baliabide aseptikoak garatuz jokatzen hasiak bagina. Edo hizkuntza eta gizatalde menderatzaileekiko kritikarik gabeko ustezko soluzio neutroak eskaintzen hasiak bagina.

Kezkagarria, egiatan, tokian tokiko ekintzatxoak prestatzera mugatzen diren proiektuak bakarrik sustatzen hasiak bagina: zuk hor lantegian, nik hemen eskolaz kanpoko ekintzetan, hark han mendi-elkartean…

Besterik behar du gure hizkuntzak, normalkuntzarako erreferentzia makroa galdu nahi ez badu behintzat.

Bide okerretik goaz, guztiz okerretik, saguteran harrapatutako sagutxoek eskapatzeko egiten dituzten azken ahalegin alferrikakoak bezala irudikatzen hasten bagara gure lana.

Eta ematen du horretaraino urritzen eta murrizten ari garela gure jarduera, gure gogoa eta gure pentsamendua.

Baina kezkagarria litzateke halaber, sari-banaketan izango den Hizkuntz Politikako ordezkariaren presentziarekin nolabaiteko onespena eskainiko balitzaio hizkuntzaren errealitatea ikusteko eta “konpontzeko” planteamendu horri.

Horrek ez luke, noski, hizkuntza-gatazkak atzemateko, aztertzeko eta gatazka-korrelazioak aldarazten saiatzeko Aroa itxiko, baina susmatzekoa da, ordain gisa, buru-zuritze eta lasaigarri ezin hobea eraman lezakeela Boterean dauden agintari politikoek.

Eta tolerantziaren eta gatazken errosoluzioen garaian egonik ere, inoiz baino gutxiago utzi behar zaie orain Hizkuntza-Politikaren ardura dutenei lasaitasun egonkorretan erortzen eta euskaldun onaren “buenismoak” sustatzen ibiltzen.

Ez da, ez, han eta hemen partxeatzen ibiltzeko momentua. Ezta ere argia gero eta lausoago duen putzu honetatik aterako ez gaituzten programak eta tekno-txantiloiak betetzen ibiltzeko garaia.

Funtsezko analisi eta planteamenduen premia dugu, haien gordinak inoren kontra jartzera eraman gaitzakeen arren.

Euskaldunak ezin du boterean dagoena lasai utzi, pentsatuz hark ongi dakiela nola jokatu behar den, eta gero, harengan itxaropena jarriz, ondo bideratuko gaituela sinetsi.

Gure eginkizuna ez da euskaldun-fededun onak bagina bezala haren jarduera sustatzea.

Hangoa zein hemengoa izan, Agintean dagoenak dagiena kritikatzea dagokigu lehenik eta behin. Planteamendu politikoen hariak, nondiknorakoak eta ondorioak agertzea dagokigu. Eta baita, behar denean, salatzea ere.

Eta taxuzko ezer egingo bada, diskurtsoa ideologizatzetik hasi behar da; gatazkak eta arrazoiak, historikoak zein soziopolitikoak, agerian uztetik hasi behar da; hizkuntza-zapaltzaileak, gizakiak zein erakundeak edo mekanismoak, identifikatzetik hasi behar da…

Eta hori da, hain zuzen, sustatu behar dena eta lehenetsi behar dena.

Eta saritu behar dena.

                                                             (F. K.)

Zer duzu buruan “Euskaldun ona eta akongojatua”-ri buruz

  • Orain dela urte batzuk antzeko kritika bat egin nuen Klusterreko lehiaketa horretara aurkeztutako lan batean, gai estrategikoak ukitzen zituena. Orduan esan nuen euskalgintza, oro har, ihesi zebilela, eta ihesbide-sorta bati lortzen zitzaiola, ihesbide ohiko bat teknozalea, Klusterraren eremuan ohikoena. Ez zen saritua izan, agian merezimendu eskasagatik, baina saritutakoak ikusita zalantza handia sortzen zait motiboen gainean. Gero lanaren laburpen bat argitaratu zuten BAT aldizkarian; merezimendu handiagoa aitortu zion Jakinek, han osorik argitaratu zuten eta. Lehengo batean gai estrategiokoen ur handietan sartu nintzen BAT aldizkariko ale batean, azpiegitura handiak eta euskaldunon etorkizuna hizpide; artikuluak, antza denez, aipamen berezia merezi izan zuen 2014ko hizkuntza eta lurraldearen gaineko jardunaldietan. Aitortu behar dut euskalgintza desbideraturik eta, are txarrago, konponbiderik gabe ikusten dudala; neuk ez daukat gogorik ez asmorik idazten jarraitzeko.