Hauteskundeak, gabonetako loteria, Lenin
Boterea eta dirua, dirua eta boterea. Oso preziatuak biak. Eta, preziatuak diren ia gauza guztiak bezala, geureganatzeko nahi baino nekezagoak ere bai gehienetan. Bada, baina, biak ala biak eskuratzeko bide errazak saldu nahi dizkigunik bazterrotan. Horra hauteskundeen eta loteriaren arteko lehen analogia.
Sineskeria oso hedatu baten arabera, papertxo magiko batzuk ontzi are eta magikoago batzuetan sartuz boterea eskuratu ahal da. Ontzi barruan besteek baino papertxo gehiago zenbatu ahal izatea, horixe magia gauzatu ahal izateko gakoa. Loteriaren kasuan, berriz, ontzitik guk dugun txarteleko zenbaki bera duen bolatxoa ateratzean datza misterioa. Gure bozak besteenak baino gehiago badira, edo gure zenbakia atera bada, bapo! Bejondeigula! Biba Pellot, biba festa! Eskuratu dugu boterea edo dirua!
A zer pagotxa hala balitz, ezta? Edonola ere, bada bigarren analogia bat: ilusioarena. “Ilusioa, ilusoendako den zera hori”, bai. Bi prozesuek sortzen (omen) dute ilusioa gugan. Euren garaia iristen den aldiro, aspertu arte errepikatzen digute hitz hori mantra baten moduan: I-LU-SI-O-A. Baina ilusioak desilusioa dakar ia beti ondoriotzat. Izan ere, denok dakigun zerbait da zozketak ez direla antolatzen dirua galtzeko, biltzeko baizik. Oso begi-bistakoa zaigu hori. Horregatik galdetzen dugu “zeren alde da?” norbaitek txartelen bat eskaintzen digun aldiro, eta ez “zer zozkatzen da?, zenbateko probabilitatea dut saritua izateko?”. Zozketa nork antolatzen duen jakin nahi izaten dugu, hari laguntzea merezi duen ala ez erabaki aurretik. Baina beti galdetzen al dugu hori? Ez, beti ez… Gabonetako loterian batzuek ez diogu galdetzen hori saltzaileari (ez eta geure buruari ere).
Hirugarren analogia parte hartzeko ohitura hedatua da. Hauteskundeetan abstenitzeagatik edo Gabonetan loteria ez erosteagatik zigor espliziturik ez egon arren, haiek antolatzen dituztenek mekanismoak dituzte herritarron jokabide patroiak erregulatzeko (instituzioak, alegia), eta ia-ia gaizki ikusia ere egon daiteke zenbait egoeratan hauteskundeetan parte ez hartzea, edo loteriarik ez erostea. Ukaezina da, ordea, gure borondatez egiten ditugula (egitekotan) biak, gaur-gaurkoz ez baikaitu inork zigor esplizituen bidez horretara derrigortzen. Zergak ordaindu ezean, zigorra dugu zain; abstenitu edo loteria ez erosteagatik, ez.
Loteriaren atzean ezkutatzen den amarrua ikusteko gai gara; dirua banatu beharrean diru gehiago biltzeko antolatzen dutela, alegia. Hauteskundeen kasuan, baina, amarrua ikusteko oraindik ezgauzak garelakoan nago. Alegia, oraindik sinesten dugu boterea bezain preziatua den zerbait daukana prest dagoela hura galtzeko, boterea guri oparitzeko, berak baino boz gehiago lortze hutsagatik. Eta, gainera, aukera hori aldiro-aldiro jarriko duela botererik ez dugunon esku, guk horretara behartu gabe. Imajina dezakezue antzeko zerbait beste edozein botere harremanetan? Enpresa jabeak bozkak antolatuz euren enpresetan duten egoera pribilegiatua mantendu edo bertan behera utzi eta enpresaren jabetza eta kontrola langileen esku utzi behar ote duten ebazteko, adibidez? Surrealista litzateke, ezta? Ba, bai, hala litzateke. Horregatik ez da halakorik gertatzen, eta, horregatik, hauteskundeak antolatzen dituenak bere botereari eusteko ditu antolatzen, eta inoiz ez hura galtzeko arriskua izateko. Ez da inongo magiarik hor! Mago-ilusionista asko eta onak, eta iluso-inuzente oraindik eta gehiago baino ez!
Axioma hori baldintza guztietan da balekoa, gainera. Hauteskundeen aurretik eta hauteskundeen ondoren, boterea esku berberetan dago, beti. Kontua da arazo nazionalik ez duten demokrazietan (halakorik inon bada) boterea herriak lukeela beti, hauteskundeen aurretik eta ondoren. Hautes-sistema herriaren boterea mantentzeko antolatuko lukete halakoetan, botere hori bolada batez nork kudeatuko lukeen erabakitzeko. Gurea bezalako herri menderatuetan boterea esku berberetan dago hauteskundeen aurretik eta ondoren. Haien esku, alegia. Guk bozetan parte hartzearen ondorioz kudeatu genitzakeen erakundeek (gureak ez baitira instituzio) otapurrak baino ez dituzte kontrolatzen ahal; hor ez da botere errealik. Goxokiren batek egon behar zuen, jakina! Bestela, ez genuke parte hartuko (nik ere parte hartu bainuen oso gaztetan), hain inozoak ere ez gara. Logika berari jarraituz, loterian inork saririk jasoko ez balu txartelik erosiko ez genukeen bezalaxe. Baina otapur horiek ematearen truk sari nagusia irabazten dute boterean daudenek, hauteskundeak antolatzen dituzten aldiro: inposaturiko botere arrotz hori legitimatzea herri menderatuak, eta benetako boterea euren eskuetan atxikitzea. Eta gu biharamunean pozik, emaitza onengatik. Edo burumakur, hurrengoan izango dela sinetsirik. Baina betiere galtzaile, irabazteko aukerarik ez dugun “jolas” maltzur batean parte hartzearen ondorioz. Boterea eurena dela baieztatuz, eta hauteskundeak izate hutsagatik demokrazian bizi garela onartuz, gainera. Mago inperialistei prestidigitazio ariketa sublimea egitea ahalbidetzen diegun publiko inozoa gara, “eUsklabo alaiak”.
Badira antzekotasun gehiago ere hauteskundeen eta loteriaren artean: botoa nori eman zaion sekretu handi samarra izan ohi da, loterian zenbat gastatu dugun izaten den bezala edo; gustuko izan edo ez, hizketagai ohikoak dira biak, datak hurbildu ahala; askotan, gurasoengandik seme-alabengana pasatzen dira ohiturak, bati edo besteari bozkatzekoa, edo diru asko/gutxi jokatzekoa; adin batetik aurrera soilik hartu genezake parte, eta abar.
Baina, azken analogia bati helduaz, Lenin gonbidatuko dugu gurera. Nola hauteskundeen kasuan, hala loteriarenean, nork antolatzen dituen ezkutatzeko nahi bat dago. Nekez entzungo dugu “Espainiako loteria nazionala” dela saldu nahi digutena; “Gabonetako loteria” edo “loteria” entzungo dugu gehienetan, nik orain arte propio idatzi dudan moduan. Beste horrenbeste gertatzen da hauteskundeekin; “hauteskunde orokorrak”, edo “erkidegokoak”, edo “foralak”, edo “munizipalak” edo auskalo nongoak direla entzungo dugu sarritan, eta oso gutxitan, berriz, “espainolen hauteskundeak” direla (antzera frantsesenekin). Berriki, espainolen hauteskunde orokorretan parte hartzearen aldeko batek Leninen aipu bat atera du sare sozialetan, zeinean Lenin, parlamentua instituzio burges eta atzerakoitzat jo arren, bertan parte hartzearen aldeko agertzen zen. Instituzio burgesa izaki, abstentzioa eskatzeari ahobero hutsen pare gelditzeko arriskua sumatzen zion Leninek, parlamentua desegiteko behar besteko indarrik izan artean behintzat. Baina aipua ekarri zuenak esan ez zuena da Leninek hori bere aberriko parlamentuaz zioela, eta ez potentzia okupatzaile baten mendeko parlamentuaz. Orain galde diezaiogun geure buruari zer diren espainolen parlamentuak (Lakuakoa, Iruñekoa eta, zer esanik ez, Madrilgoa) guretzat: parlamentu burgesak edo okupaziopean gauzkan estatu arrotz baten parlamentuak. Erantzunaren arabera Leninen aipua balekoa izan daiteke, edo erabat testuingurutik kanpo egon.
Dena den, abstentzioa menderaturiko herrien erreakzio logiko eta naturalena baino ez da, erreakzio basiko eta espontaneoena. Abstentzioak, besterik ezean, ez du miraririk ekarriko. Ez gara kontrakorik saltzen hasiko. Bozkatzeko irrikaz gaude, baina askatasuna berreskuratu eta euskal botere instituzionalizatu batek antolaturiko hauteskundeetan, bistan dena. Bitartean, erresistitzea dagokigu, eta gure boterea instituzionalizatzen hastea lehenbailehen. Baina, horretarako, urrats beharrezkoa zaigu hauteskundeen magiaren ipuinean sinesteari uztea. Herriak berea du boterea, ez dio inork eman ahal. Herria da boterea. Harena izango da azken hitza.
Mikel Erauskin, Orreagako kidea.
Giza historiaren pelikularen garaiera honetan ikusten ari naiz, nire herrian bertan, garai batean ezker abertzalearen epika koktel molotobianoa eta gaztetxeñoaren inguruan zebiltzan gazte taldeak banatu egin direla eta ari direla elkarri esaka: ni zu baino iraultzaileagoa naiz; ni zu baino leninistagoa naiz; iraultzaileagoa da hauteskundeetan parte hartzea ez parte hartzea baino zeren eta estatua atzemateko beharrezkoa da bozkak irabazi; eta besteak, ez, parlamentu burgesaren jokuan sartzea suposatzen du legearen jokuaren barruan hesitzea zure iraultza indarra… eta abar, eta abar, eta abar. Batzuk besteei “ezkertiar infantillak” deitzen diete; besteek batzu horiei, “erreformista” edota “sozialdemokratak”. Zeinek markatzen duen pakete gorriena, hori da beren arteko jostailutxo intelektual-praktikoa. Baina, noski, Vox-ekoak mitin bat eratzen dutenean Kursaalen, orduan batekoak eta bestekoak batu egiten dira hostiak emateko. Bai, aldian aldiko etsai nagusiaren inguruan, orduan sortzen da beren artean ditxosozko anaitasun iraultzailea.
Gogoratuko nahiko nuek, besterik gabe, gure Leninek hauteskunde batzuk galdu ondoren iraultza errusoa montatu zuela eta horren ondorioz ezkerreko alderdi guztiak (sozialista-iraultzaileak, kadeteak, mentxebikeak, anarkistak…) garbitu egin zituela. Berak montatu zuela lehen polizia politiko gorria (Txeka delakoa); berak egin zuela lehen prozesu politiko faltsuak etsai politikoa gartzelan ala paredoira eramateko; berak egin zuela lehen Gulag delakoa Zembla Berriko intxuar jelatuetan; bera izan zela lehen gosete planifikatua egin zuena Ukrainiaren kontra (para miloi pertsona hiltzen utziz). En fin, horrelako giza-santu baten aholkuei jarraitzen dieten kolektiboak ez gaituztela salbatuko esatera ausartuko naiz. Portzierto, Orreaga taldea? Orreagako euskaldunak leninistak al ziren?
Argi dago ez duzula artikulua irakurri Bentazar ahobero. Irakurtzazu urrengoan, arren, ez zaitut ikusi nahi eta erridikulua egiten
Oierrkin nago, ezin det ulertu irakurri ba dezu arreta pixka batekin besterik ez ba da ere, nola esan ditzakizun astakeri horiek. ¿Zein gorroto ezkutua daukazu zure barruan? Beldurra ematen du. Beste zakarkeri batekin ez erantzuteagatik.
Gorroto hitza aipatu duenak jar dezala bere gain hitz hori, nire bihotzan ez baitago gorroto batere. Ni Leninen aipua ekarri dut eta artikulugileek Lenin autoritate gisa aipatzen dute. Nik bakarrik esaten dut horrelako bati autoritatea ematearen ordaina zer izan daitekeen.
Ez dute Lenin autoritate gisa aipatu. Aitzitik Leninen aipuak modu absolutuan eta testuingurutik at erabiltzen dituen iluminatua kritikatzen du artikuluak. Ez zaitzadala gezurretan harrapatu berriz Bentazar 😉
Ene Oier, iluminatu horiek egiten duten Leninen aipua beren kontestuan eta bere ideologiaren azpian erabat zuzena da, kontuan izanda 21 mendeko Sozialismoaren estrategia hori dela. Baldin eta Orreaga taldearen ideologia abstentzionismo abertzalea bada ez luke zertan egiazki hartu behar nazionalki eta gizalegeari begira desastrosoa den aipu hori.
Nahasi banaiz Orreagakoekin barkatu, Oier. Ez nago beraiekin konforme baina gutxienez (leninistak ez bezala) benetako abertzaleak dira (testuaren beste hainbat gauzekin ez nago ados baina ez naiz orain sartuko, nahiko debaldeko iskanbila sortu baitut dagoeneko).
Kaixo Mikel eta foroko beste partaideak.
Zer da boterea?
Tradizio webertarrean, aktore batek harreman sozial batean haren borondatea nagusitzeko eta horren aurreko erresistentzia gainditzeko lukeen ahalmena litzateke boterea. Eta hiru botere-mota bereizten dira: (1) eragiteko ahalmena —manipulazioa barne—, (2) autoritatea —tradizioa, karisma…—, eta (3) indarra —zigor materialak…—
Nork dauka gure bizitzak bizitzeko eragiteko ahalmen handiena?
Diruaren kudeaketaren boterea eta enerjia kudeaketaren poterea. Hau da ,sistema finantzieroa eta sistema enerjetiko fosilista, funtsean. Kapitalaren sistema filosofiko materiala estatuetatik sustatua dena orokorrean. Transnazional korporazio handien konzentrazioak areagotzen ari dena aberastaasunaren pilatzea eta pobreziaren zabaltzea munduan. Munduko aberastasunaren % 82a(monetario- patrimoniala) munduko %1 aberatsenaren esku dago (OXFMAN 2017-2018).Aberastasunaren konzentrazioa eta pobreziaren zabaltzea areagotzen ari da tendentzia orokorrean. 821 milioi pertsona gosetearen mugan(ONU 2018) , 5.500 milioi pertsona oinarrizko beharrak ez dituztenak asetzen erabat. Eta munduko jakintsu askoren arabera , ezberdinatasun eta behar larri hauen tendentziekin ( mundu aberatsetan bizi garenak sostengagaitz egiten dugun kontsumo eta ekizpena , aztarna ekolojikoari kasu) kolapso ekolojikora goaz, hondamendira. 35 gerra daude gaur egun irekiak eta deklaratuak ( kontuan eduki gabe Estatu islamikoak praktikatzen duena, adibidez, noski)
Nola definitu dezakegu kolonialismoa edo inperialismoa hitz gutxitan gaur egun ?
Nere ustez “herri” batek bestea menperatzen duenean gertatzen da inperialismo edo kolonialismoa. Nere ustez euskal herria bagera herri bat eta kolonizatuak gaude “herri” askoren eraginez. Alemania , estatu batuak , Txina( beraien aparataje finantzierio enpresarialen bitartez)…eta historikoki eta hurbil, barrukoan eta era berezian espainiako eresumarengatik eta frantziako errepublikarengatik.
Non dago arazo nagusia egoera injustu, inhumano , kriminal hau gertatzeko?
Nere ustez arazo sistemiko mundiala da . Hau da kapitalismoa. 8 kritika inportanteenak kapitalismoari, nere ustez.
1- Klaseko harreman kapitalistak betikotzen ditu gainditu daitezkeen pertsonen sufrimendu egoerak.
2- Kapitalismoak pertsonen osotasun humanoaren unibertsalizazioa oztopatzen du.
3 -Kapitalismoak justizia sozialaren hastapen liberal berdinzaleak kontraesanean jartzen ditu.
4 – Kapitasmoak ezaugarri sistemiko bat dauka kontsumismora bultzatzen gaituena.
5 – Kapitalismoa ingurugiroa suntsitzen du.
6 -Estatu nazioen mundu batean kapitalismoak militarismoa eta inperialismoa sustatzen du.
7 – Kapitalismoak komunitatea jaten du.
8 – Kapitalismoak demokrazia mugatzen du.
Gaur egungo datu gordin batzuk gure Euskal – Herri Aberats honetan.
1.- Suizidioak Hego EHn 2017(INE) 220 pertsona ( errejistratuak ofizialki). Trafiko istripuak eragindakoak(104pertsona) bikoiztuaz.
2.- Laneko istripuez hildakoak 2018 (Hego EH) 68 pertsona. %20 gehiago 2017 baino ( OSALAN-ELA)
3.- Droga eta psikofarmakoen gaindoziez hilakoak 2017(INE)67 pertsona.
4.- Biolentzia matxista. Hego EH (2018) 6 pertsona(Emakunde)
5.- Euskararen erabileraren jaitsitze orokorra.Euskal herriaren osotasunean %12,6(2017) ari zirela euskaraz. 1997tik izandako portzentajerik txikiena da hori.Soziolinguistika klusterra
Dauzkagun datu estatistiko ofizialen arabera sisteman errotzen diren biolentzien ondoriozko hildako pertsonak Hego Euskal Herian2017 an 361 pertsona datoa utzi zigun. Siuzidioak,Laneko istripuak, Droga eta psikofarmakoen gaindoziez hilakoak, bioentzia matxista .361 pertsona. urtebeteko ratioan eta tendentziak gora jotzen dute . Hau da besteak beste sistema kapitalistaren zoru etikoak uzten digun arrasto kirminala.
Ni pozik naiz euskal herrian bukatu berri den ziklo armatua bukatu delako . Arrazoi politiko-etikoak asko zeudela uste dut aspalditik. Baina aberrantea iruditzen zait nola desnfokatzen eta manipulatzen diren gertakariak ( nere ustez dena baita politika) sufrimendu humanoak eta beraien zergatiak aztertzen direnean.Iraganekoak eta oraingoak . Harduragabekeri handia somatzen dut( beste arazo sistemiko larri bat , noski)
Gutxi gora behera arazoi hauengatik uste dut euskal herriaren burujabetzatik eman ahal diogula munduko arazo larriari euskal erantzun eraginkor bat . Humanista.Ez biolentziatik. Kapitalismoaren kontrakoa. Horregatik uste dut abertzaletasunak ekarpen handia egin dezakeela bizi dugun itolarrizko egoera honi.
Nik horregatik ez det jokatzen loteriara . Ez “Loteria nazionalera” ez besteetara. Uste dudalako ludikotasuna manipulatzen dela jokoaren dinamikaz , boltsaren eta ekonomia kapitalistaren jokoaren “ilusioa” sustatzeko .
Ta Lenin baino nahiago det oroitzea orain dela lau urte utzi gintuen Eduardo Galeano handiaren hitzak . ” Bozkatzeak zerbait aldatuko balu jada debekatua egongo litzateke”
Eta Eduardo asko miresten baneun ere , nik bozkatuko dut . ta orain bereziki gogo handiagorekin . Ilusioak ez ditut asko egiten bozkatzen dudanean normalean . Nik nahiago egunez egun gauza txikietan aritzea. Euskaraz bizitzen saiatzea. Saiatzea ulertzen eta saiatzea laguntzen.
Uste dut hauteskunde bereziak direla . Begira nola dauden katalandarrak eta oso kaltegarria iruditzen baizait PP,Ciudadanos edo VOXek espainiako gobernuan egoteko aukera egotea( gertatubaitaieke).
Uste dut era guztietako menpekotasun , zapalketa eta inperialismoak astintzeko noski administrazioen poterea disputatu behar dela baina ohartuaz non dauden gure egoera baldintzatzen duten potere zapaltzaile handienak.
Horra hor nere arrazoi abertzale ta burujabetzazaleak Orreaga taldeko Mikel Eruskinen ezterketa eta proposamenekin ados ez egoteko .
Primerako artikulua, pedagogikoa eta argigarria.
Ezkerreko zein eskuineko autonomistei ez zaie gustatu. Abertzale-independentistoi (ez leninista zein leninistoi) bai.
PNV-Bildu gaindituz herriaren indartzean eta askapen bidean aurrera egiteko bidean baliagarri izan bedi!!
Mikelen testua da zentzuonekoa eta oso neurtua. Ez da hauteskundeen kontra absolutuan. Independentista delako salatzen du soilik hauteskundeen perbertsio ezkutatua menderakuntza egoeran gaudenontzat. Hau ez da bate erraz esplikatzea zeren eta gehienek oneski pentsatzen baitute hobeto dela bozkatzea etxean alfer egoitea baino.
Difikultate horretaz Mikel erabat kontziente da gehitzen baitu:
“Bitartean, erresistitzea dagokigu, eta gure boterea instituzionalizatzen hastea lehenbailehen.”
Tamalez momentuz gure aldean bederen hau oso lauso da eta jendeak ez du imaginatzen ere zer erran nahi duen.
Lenini dagokionez, nik uste, Mikelek ez zuen erraiten baizik beste baten aipua ez zela egokia kontestuak erabat desberdinak zirelako. Ez du nehun egin Leninen apologiarik. Mikelek jakin badaki zer krima ezin barkatuzkoen erantzule den zuzenki edo saiheski.
Horretaz aparte pertsonalki Lenini aitortzen diot faltatzen zaigun inteligentzia taktika nabarmen bat.
Adibidez beti gogorratuko dut ” egoera konkretuaren analisia konkretu”aren inportantzia, edo, oportunismo politikoaren karakterizatzeko esaldi hau” Mugimendua da dena, eta, objetiboak ezer”
Eskerrik asko Mikel eta Orreaga.