“Matar siempre estuvo mal”

Matar siempre estuvo mal –

Abuztuan izan zen, 29an edo 30ean, ez dut oroitzen. Cáceresen  nengoen, orduan hantxe zegoen euskal preso emakumezko bakarra bisitatzen. Afaltzen nuen bitartean, Bilbon tiroketa bat izen zela entzun nuen. Handik eta gutxira albisteak zehazten hasi ziren. Bi hildako, horietako bat Juan Mari Ormazabal, Tturko, hernaniarra eta ETAko kidea, eta bestea Mentxaka abizeneko ertzaina, Iñaki zuen grazia, oker ez banago (hildako guztiak ez zaizkigu berdinak, berdinak diren arren). Etxebarria parkean izan zen tiroketa. Tturkoren taldekidea, Poixtiña arbizuarra, zangoan zauritua (tiroa gibeletik sartua). Gero jakin ahal izan genuen arabera, eguerdi horretan Mentxaka etxean zegoen, bazkaltzen, Txorierri bizkaitarrean, eta abisatu ei zioten gauzak prestatzeko, dispositibo bat zegoela arratsalde horretarako. Bizkaia taldeko kideek, nonbait, hitzordu bat zuten hiru laguntzailerekin, eta hara joan ziren ertzainok, hitzordua jagotera, ETAkideak atxilo hartzera, hortik aurrera segimenduak egitera, auskalo. Ondorioa, aipaturikoa. Eta orain sortzen zait niri galdera: heriotza biak izan ziren bidegabeak? Inork izan al zuen gertaturikoan ardura handiagorik besteak baino? Tturkorena zoritxarreko heriotza izan zen eta Mentxakarena erailketa? Edo alderantziz? Nork disparatu zuen lehenago? Indar (armatuen) koerlazioa euskal polizien aldekoa hain handia izaki, zergatik ez zituzten gauzak bestela egin? Zergatik ez utzi taldea etxeratzen eta, gero, laguntzaileak batetik eta taldekideak bestetik, lasai asko atxilotu? Tturko eta Poixtiña ohiko segurtasun-neurriak harturik aterako ziren etxetik. Hitzordu batera zihoazen eta, badaezpada ere, armak eramaten zituzten. Baina euskal poliziek hori baino gehiago zekiten. Bazekiten egun horretan ehizanzihoazela. Berriro diot, bestela egin zitezkeen gauzak, eta gaur familia bik ez zuten izanen duten mina. Beno, bestela egin izan balituzte, baina asmo onez! Izan ere, gauzak bestela egiteak ez baitu ezertarako balio baldin eta, gero, ETAkideak pisuan setiaturik, arma guztiekin sartzea (oroitzen Cabacas?) erabakitzen baduzu. Ina Zeberiori “Aterako al haiz!” esan izan baliote, agian beste familia batek min gutxiago izanen luke egun. Jeltzale lagun horiek, Ina akabatu zenutenean, hori ere bidegabea izan zen, erailketa izan zen, siempre estuvo mal?

Azken 50 urteotan gertaturikoa azaltzeko errelato bakarra ezinezkoa da egun. Denbora beharko da, eta hala ere. Bitartean, historialariek euren lana egingo dute. Eta bitartean gutariko batzuek gure seme-alabei eta bilobei, etxeko supazterrean, gurea kontatuko diegu. Aurreko astean Eusko Legebiltzarreko harmailetan gonbidatu gisan zeuden ordezkari sindikal horiek nola ziren Euskal Herrira etorri, armaz oparo hornituak, soldata berezi batez, ezer galdurik ez zuten paraje arrotz batera, ezagutzen ez zuten eta, are, gorrotatzen zuten hizkuntza bat mintzo zen tokira, edozein gauza egiteko prest, hiltzeko prest, bai, eta hilik suertatzeko prest ere, … Ordezkari sindikalak, hay que joderse.

(Idatzondokoa: pasa den astean Korrika iritsi zen Gasteiza. Haria berreskuratzen dut. Euskal nortasunaren defentsa ezin daitekeela izan estrategia eraldatzaile/iraultzailearen ardatza? Euskal independentismoak beste iturrietatik edan behar duela? Dudarik ez baina, nik ikusten dudalarik, bi mugimenduk baino ez dute horrelako freskotasunik: emakumeen eskubideen aldekoak eta euskararen mugimendu honek. Gogoratu Euskaraldia. Espabila gaitezen.)

Matar siempre estuvo mal

 Matar siempre estuvo mal

5 pentsamendu ““Matar siempre estuvo mal””-ri buruz

  • Gure azken 35 urtetako historiaren kasu bat edo biren kasuistika kiribildua egitea, kontuan izan gabe (Matanzas-ek egin bezala) hemen ehunka pertsona erahila izan dela bonba bat jarri diotelako, tiro bat eman diotelako buruan edo zuzenki ametrallatua izan delako talde terrorista baten kideengatik, iruditzen zait errelatoa faltsutzea eta horrelako ekintzen aurrean eduki behar den epaiketa etikoa kamustea, ETA erakunde terroristaren hobe beharrez.
    Ikuspegi etiko baten aldetik, horrenbeste erahilketa astakeri itzela izan da eta gainera (ondorioz) ez du ezer onik ekarri. Horrelako gauzen aurrean beharrezkoa da ekintzei begiratzea eta niri oso garrantzitsua iruditzen zait ikustea ETA suizidatu egiten dela ezker abertzaleari zama ikaragarria zaiolako, ETAren ekarpena, euskal gizartearen aurrean, lotsagarri delako saltzen ezinezkoa delako eta beraz enbarazu egiten diolako. NIk benetan dirua emango nuke ikusteko zer esango dion bere bilobari Txemak ETAren suizidioari buruz (“erakunde armatua desagertu zen herriak horrela esan ziolako” edo horrelakoren bat botako ote du?)

  • Beñat Castorene 2019-04-23 18:47

    Piskabat kanpotik ikusiz, iduritzen zait sarraski horren deskripzioan falta dela hirugarren parte hartzaile bat, etikaren aldetik zuek biok baino hobendunagoa dena, zeren eta haren existentzia atzean ez balego, bi euskaldun horiek ez baitzuten elgar kalituko.
    Azken 35 urte hauek ez ote dizute erakutsi, batetik Espaniarekin kolaboratzea ez gintuela salbatuko eta bestetik haren kontrako erresistentzia armatu klasikoak ez eta ere.
    Gelditu behar duzue zuen burua elgarren kontra huiatzetik bestenaz egunen batean zuen bilobek ez dituzte espainiolez baizik ulertuko. zuen argumentuak.
    Bainan, aise sumatzen dut ez dela erraz izango zuentzat.

  • Ene Castorene, ETA ez zen inolako erresistentzia armatua, baizik eta diktadura armatu bat, kale borroka komandoen laguntza zuena hego aldeko Euskal Herri askoretan bere odolezko eta zartakozko ordenua ezarririk.
    Euskal enpresariei egin zien gerra ez zen nolanahikoa izan, adibidez, beren abertzale maskara kitatzeko moduko ekintza, gainera. Abertzaletasuna aitzakia izan da ETArentzat bere egitasmo sozialista-iraultzailea inposatzeko. Bai, noski, estatua hartzen zuen etsai bezala eta estatuko poliziak erahil ere, eta era berean ertzainak, kargu politikoak eta bestelako jendea. Estatuaren kontrako borroka heriotza eta biziaren kudeatzaile bihurtzeko aitzaki bat besterik ez zuen izan.
    Eta etika eta politika bata bestearekin datoz, zeren eta hainbeste urtez horrela jarraitu eta gero derrota, heriotza eta gartzela besterik ez du lortu eta gainera suizidatu egin behar izan du ezker abertzaleak eskatuta, ezker abertzaleko mandatariak ez baitira kapazak ETAren ildoa defenditzeko herriaren aurrean (defendiezina delako egindakoa, bai etikoki eta bai politikoki).
    Espainolei indar morala ematea, hori izan da ETAren borrokaren beste emaitzetako bat (eta abertzaleak bere zakuan sartzen gaituzte, gure kausa horrela itsusituko dutelakoan).
    Oso zaila da anaiartea aurkitzea beren odolezko ekintzak eta gure herritan ziren milaka kargu abertzaleei egindako eraso eta markaje bortxazkoa ontzat hartzen dutenekin. Gizalegearen kontrako balioak ezker abertzalearen ideologian txertatu dira eta horiek errefusatu gabe konponbiderik ez dago.

  • Benat Castorene 2019-04-23 22:30

    Beti piskat kanpotik arituz :
    Ez zait iduritzen ETA hasieratik diktadura armatu bat izan zenik, geroztik, dudarik gabe, piskanaka logika horretara joan baldinbazen ere denbora pasa arau.
    Nik ezagutu dtudan lehen etarrak ez ziren denak deskribatzen ditutzun munstro odoltsu horiek eta entseiatzen ziren ixilean gure herrietan integratzen. Gero bai etorri zien beste kategoria bat, arrotz zitzaidana, Baionako tabernetan dena espantu metatzen zena.
    Bainan berriz errepikatzen dut hiru parte hartzaile izan zirela tragedia horretan eta beti hirugarrena ahanzten duzu pasioak eremanda zure ETA kontrako amorru ulergarrian
    Begira, iraganean Elizak eta katolikoek beste horrenbeste egin zuten Erreforma eta hugenoten kontra eta orai biek kolaboratzen dute mundu guzian barna.
    Nahiz ez dudan deus ulertu « ordezkari sindikal » bere historio horretan , ez zait iduritzen Txema basatienetarik den. Erreklamatzen du bi errelatoen beharra ez eta berea bakarrik.
    Erantzun nahi badidazu oraindik mileskerbaian eginazu pertsutan otoi, askoz moderatuagoa baitzira bertsutan prosian baino.

  • Ene Castorene, ETAk berehala galdu zuen norabide etikoa (bere lehen erahildakoa trafiko goardia zibil huts bat zen, adibidez). Gogoan izan zazu ETAk 1974an Rolando kafetegian 13 pertsona erahil eta 70 zauritu eragin zituela. Eta berehala hasiko zela euskal enpresariak bahitzen (eta hiltzen, Berazadiren kasua 1976an). Lehen hauteskunde demokratikoak gertatuta (eta argi zenean ezker abertzaleko aukera politikoak gehiengorik ez zuela) oraindik modu odoltsuagoan hiltzen jarraitu zuen. Kontatuko dizut gauza bat: behin joan nintzen nire Tolosako izebaren etxera bazkaltzera nire gurasoekin: ba bazkaltzen ari ginela bere etxe aurrean bonba batek lertu egin zuen eta polizia nazionala bat eta bere hamabost urteko alaba hilak gelditu ziren (balkoitik ikusi genuen nola jeisten zen poliziaren alarguna, gogoan dut bere sukalde mantala, eta han hasi zen oju eta negarrez, mututurik eta espantaturik zegoen jendetzaren aurrean). Ene Castorene, estatu espainolak torturatu era erahil egin du, bai, hori horrela da, eta nire familian dozena erdi batek jasan behar zuen hori. Baina ETAren papeleta (eta ezker abertzalearen lotsagabekeria atentatu bakoitzaren ondorioz) hamarkadetan luzatu da, hiru negoziazio prozesu puskatu dira, total azkenean abantailarik gabe ez inorentzat eta ez beraientzat, beren presoek kondenak osoki jan behar izan baidituzte. Eta aukera izan zuten hori bideratzeko. Baina trena joan zitzaien. Orain Arnaldo Otegi ikusten dudanean enpresarien bilkura batean (berak euskal enpresari bat, Luis Abaitua, bahitutakoa da) patetikoa iruditzen zait: bera zen ezker abertzalearen buru 1999an. Eta 2006an. Eta bi prozesu horiek puskatu ziren eta dozenaka jende larrutik pagatu behar izan zuen eta bera oraindik pasiatzen du bere granitozko aurpegi hori? Zer da hau? Barkatuko didazu Castorene, baina bizitakoak bizita Matanzas eta Otegiren antzekoen esanak irakurri eta nazka eta pena ematen didate. Beharrezkoa dugu euskaldunok onartu ditzagula balio judeo-kristau ala etiko minimo batzuk eta gainean erori zaigun (eta bota diguten) odol zama hori garbitu behar da. Baina horretarako gauzak gaizki egin zirela onartu behar da eta horretarako ez dago gogorik, hori da pena eta hori da anaiarte baten oztoporik handiena. Bijoa zure ohorez bertso hau:

    Lapurditikan dator
    osoki euskalduna
    aberriko gauzetan
    prestu ta zentzuna
    entzun beza hemendik
    nire ohiartzuna
    gizalegea behar da
    gure erantzuna
    horren ondorioa
    da anaitasuna