Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak

Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak –

Pasa den astean Euskadiko zenbait publizitate-mezuri buruz hitz egin nuen. Gaur badut gogoa pastelari berriro kosk egiteko. Izan ere, Gasteiztik paseoan beste hainbat mezu ikusi ditut garraioetan eta oro har euskarri fisikoa zuten edozein tokitan, publizitaterik har zezakeena. Momentuz, berriro helduko diet sozialistei eta jeltzaileei, eta amaieran popularrei eta ezker abertzaleari, momentuz ikusi ditudanen mezuak.

Pasa den asteko horretan sozialistak nituen ikusmiran, joan diren hauteskundeetako mezu bikainak zirela eta. Aipatua nuen euren hiper-lokalizazio estrategia, EAJk ez bezala, azken honek mezu bera herri guztietan berdin jarri baitu, kasuan-kasu herri-izena aldatuz. Laster helduko diot berriro jeltzaleen publizitateari. Aitzitik, sozialistenak ez nau aurreko kanpainetakoa bezainbeste liluratu: pare bat andre, ezezagun xamarra bata, Etxebarria, alkatetzarako, eta ezagunagoa bestea, Gonzalez, Aldundirako. Traola: #emakumeengaraiada (#estiempodemujeres). Feminista oso, lelo handiago batekin: Ezker aitzindaria. Ez dut ezer ulertu. Aitzindariak, arestiari men egiten dio, pasa denari. Emakumeen garaiak ez lukete berri izan behar, baina jarrita badirela, emakumeen agintaldia egungoa da, ez aspaldikoa. Gaztelerazko itzulpenak, aurrekoarekin loturarik ez: La izquierda que lidera. Lidergoak tiroi gehiago dauka aitzinak baino, baina nik ez nuke esango Gasteizko sozialistak ezker-liderra direnik: pasa den Orokorretan PSOEk irabazi zuen Gastizen, ez PSEk. Hotaz, Pedro Sanchezek martxan jarritako trenari heldu nahi izateak badu logikarik, baina une honetan hemengo politikaz ari gara. Non daude Araba eta Gasteizi erreferentziak?

Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak
Iturria: PSE Álava (Facebook).

Arabari eta Gasteizi modu separatuan bada ere jeltzaleek men egin diete, aurreko Nos mueve/Bat eginik lelopean. Asko gustatu zait mugimenduaren ideia, nos mueve, garraio publikoa, tranbia eta autobus hibridoak gidari dituen hiri batean (eta laster, aireportu dinamikoago bat). Tamalez, bat eginik horrek ez dit (berriz) ezer esaten, ez bada hiriko bidai-txartela Bat deitzen dela. Eta kutrekeriaz jaioa gainera, leloa Bat, solo hay una zelako. Baina hori beste istorio bat da.

Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak
Iturria: EAJ PNV Gasteiz (Facebook).

Tokiko erreferentziatik bizkor jo dute ere popularrek: Leticia Comeronen ekipoa gogor darrai Vitoria (y Álava) por encima de todo jarriz. Batez ere euskarazko mezuen gainetik, noizbehinka erabiltzen dituztenak esan ez dezagun euskararekin oldarkorrak direla (kontuan hartu ordea bere bozkatzaileak erdaldunak direla oso). Orain arte probintziazale sutsu, Euskadiri keinurik ez eta dena kontzentratzen da Vitorian eta Álavan.

Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak
Iturria: Leticia Comerón (Facebook).

Gehien harritu nauena estetika da: alderdi kontserbadorea izateko oso itsura dinamikoa hartu du PPk, kirol-aldizkariena esango nuke. Ez da gutxiagorako: saskibaloia maite duen hiri batek alkate(sa) Baskoniazalea merezi du. Horra Comeron baloi batekin, nahiz eta berak aitortu egiten duen kirol bakarra bizikletaz kaletik ibiltzea dela (euririk egiten ez badu).

Iturria: Leticia Comerón (Facebook)

Aurreko orotatik, gehien gustatu zaidana Bilduren mezua da: Zurekin, Gasteiz/Araba gara. Ez da oso argitsua, baina badu ezer aurrekoek ez dutena: hartzailea seinalatzen duela. Aurrekoek eurei buruz egiten dute berba bereziki: aitzindariak, bat egiten dutenak, Vitorianistak… Hemen inportanteena zu delakoa da. Herria ez dago guztiz osoa zu horrekin ez bada. Alkatea, ahaldun nagusia, ez dira inor zu gabe. Bikaina!

Iturria: EH Bildu Gasteiz (Facebook).

Agian aterako niokeen punta hizkuntza da: jakinda Araba eta Gasteiz ez direla bereziki euskaldunak, gaztelerari leku gehiago egin ziezaioketen. PPk bezala, bere politika propioa da hizkuntzekin, eta bozkatzaileak hala nahi badu, ezin kontraesan. Hala ere, eta transbertsalitatearen bidetik, uste dut egin daitezkeela esfortzuak norberaren larrea zabaltzeko, ardi gehiago sar daitezen. Ez al gaude nekatuta fronteetaz?

Hauteskunde-mezuak (II): Tokikotasuna, hizkuntza eta garaiak

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"