Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak

Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak –

Ezinezkoa dut Hego Euskal Herrian dugun kanpaina politikoan aztertzaile segitzea (ikusle moduan batzuetan, komunikazio-irakasle bezala besteetan) Alderdi Sozialistaren mezuen inguruan ezer esan gabe.

Lehena, estatu mailako hauteskundeetan asko gustatu zitzaidala sortu zuten mezua: gertukoa, laburra eta esperantzaz betea, egizu posible. Eta niretzat bereziena: gutxietan funtzionatzen dute mezuok euskaraz gazteleraz baino hobe, publizitatean ere gazteleraz sortu eta euskarara hala moduz itzultzen delako, kasu honetan haz que pase delakotik, literalki pasa dadila (nor, edo zer pasa?). Euskaraz, sozialistek asmatu zuten antza. Gazteleraz, ez hainbeste.

Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak

Pedro Sanchezentzako erdal bozak beste titular baten laguntza behar zuen beraz: La España que quieres(:) –haz que pase–, kasu honetan euskarara itzuli ez zena, agian Espainia esatea agresibo xamarra izan daitekeelako Euskal Erkidegoan –Foru Elkartean ezin jakin sikiera euskaraz erabili ote zuten edo ez–. Kontuak kontu, bazirudien euskal mezua gaztelerazkoaren aurretik sortu zutela, eta ez ohiko moduan aldrebes. Emaitza goresten da.

Iturria: PSOE

Pattalago ibili dira ordea sozialistak datozen udal-hauteskundeetarako. Bilbon, EAJrekin duten (gehiegizko) sintoniak jeltzaleen mezua ia kopiatzera eraman ditu, Muévete por Bilbao, azkenok Nos mueve Bilbao erabili dutelarik –euskaraz, Bilbao bat eginik, aurrekoarekin zerikusirik gabe eta Bilbo ez beste gainontzeko udal zein probintzietarako baliagarri–.

Iturria: EAJ (Twitterretik)

Juan Mª Aburtorenak euskal-erdal jokoan argitasun gutxirekin ibili badira, are gutxiago Alfonso Gilenak: euren slogana itzuli ez eta Muévete delakoarekin batera, Beti aurrera aseptikoa jarri dute, gazteleraz Siempre hacia delante, azken hauek udalerri guztientzat. Hori bai: dena bihoztxoez dekoratuta (/?), orain modan, eskuin bihozgabeak ere bere logora ekarria –eta hauteskundeen ondoren apurtu zaiona…–.

Iturria: Bilboko Sozialistak (PSE-EE)
Iturria: Bilboko Sozialistak (PSE-EE)

Baina jeltzaleen kasuan formatua berdin-berdin mantendu badute, sozialistek ez. Horrek esan nahi du berdin bat eginik dabiltzala Bilbon, Donostian, Eibarren, Mutrikun edo Agurainen, eta Nafarroan sartuko ez badira, gauza bera Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. PSOE zaharrak nahiago izan du hiper-lokalizazio estrategia, eta udalerri bakoitzerako mezu desberdin bana erabili, beti aurrera ziztrinarekin bat. Zalantzarik ez azken hauen esfortzua handiagoa dela, eta herri bakoitzean zentratuagoa, baina ildo beretik aurrekoek irudi bateratua baliatzen dute, denak bat, sozialistak desberdin dabiltzala toki batetik bestera.

Ez al zitzaien sozialistei errazago aurretiko La España que quieres hartuta, euskarara pasa akaso, eta Espainiaz pasata, herri bakoitzaren izenez ordezkatu? La Lasarte que quieres – Nahi duzun Lasarte (/?), eta mugimendua jeltzaleentzat. Baliteke hala erabaki izana, Iglesiasen oinordekoek Euskadin botere-puntu oso zehatz eta irregularrak dituztelako, Arana Goirirenak edonon homogeneo xamar dabiltzala.

Amaitzeko, azken hauentzat badut ezer: koherentzia sintaktikoaren alde, bat eginik hori mugiarazi izan zitekeen, hitz bakarrekoa, herriaren izena deklinatzea eskatzen ez duena, eta erdal adierazpenarekin lotuagoa: Nos mueve LEGUTIO mugiarazi. Laburrago, zuzenago eta hartzailearengan zentratuago, ez igorlean (nos mueve). Tamalez, baliteke Eusko Alderdi Jeltzalean Partido Socialista de Euskadin bezainbeste euskaldun egotea, eta normalean mezu erdaldunak lehenestea. Sormen zein hezkuntza gehiago jarri beharko hurrengoan

 

Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak f
Aitor Gastañeta

EHUko komunikazio-irakaslea. Margolari eta diseinatzailea. Pozik bizi naiz.

Zer duzu buruan “Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak”-ri buruz

  • EAJren kasuan ez dut uste arazoa euskaldun falta denik, elebitasunaren bidez mezu bikoitza helarazteko asmoa dute. Gero beste kontu bat da hitzaldietan gaztelerazko mezua (nos mueve Euskadi) lehenstea, baina biak maila berean jartzen dituzte, bi hizkuntza erabiliz mezua indartuz: “Eraiki Euskadi mira al futuro” (2016), “Nos Mueve Euskadi zurea, gurea” (2019), eta orain “Nos mueve Euskadi bat eginik”. Azken hauteskundeetan EH Bilduk egindakoaren ildo berean doa, “Erabaki. Para avanzar”, mezu elebiduna, bere osotasunean bi hizkuntzetan ulertzen dena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude