Hauteskunde kanpainarako azken txanpa heldu da
Gaur gauean hasiko da hurrengo Udal eta Foru Hauteskundeetarako kanpaina. Dudarik gabe, gaur guztiak gaude Auzitegi Konstituzionalak hartuko duen erabakiaren zain, horrek markatu baitezake hemendik maiatzaren 22raino biziko duguna, baina baita ere hurrengo urteetan bizi dezakeguna.
Kanpaina hastear den honetan, hiru desio adierazi nahiko nituzke:
1.- Herritarrok aukera guztien artean aukeratzeko posibilitatea izan dezagula, eta beraz, hauteskunde hauetatik irtengo diren Erakundeetan guzti guztiak egon gaitezela. Hori izango da, zalantzarik gabe, hurrengo urteetan bizi beharko dugun prozesuaren abiapunturik onena.
2.- Hauteskunde kanpaina guztian zehar, bakoitzak proposatzen duenari buruz eztabaidatzeko aukera izan dezagula, elkarren arteko errespetuz eta modu eraikitzailean. Gezurrak ez luke tokirik izan behar ez hurrengo 15 egunetan, ezta aurrerantzean ere.
3.- Donostiarrak jabetu gaitezela gure esku dagoela, dena dela posible, ez dela etsipenerako lekurik egon behar. Aukera gurea da, eta gauzak aldatzeko tresnarik garrantzitsuena gure eskuetan daukagu: Botoa.
Ez dakit gehiegi eskatzea ote den, baina desio horiek izango dira kanpainan zehar nire jarrera zuzenduko dutenak. Eta saiatuko naiz zuzeulari eta zuzeuko irakurleekin ere partekatzen nire iritzi, asmo, proiektu eta proposamenak. Denok ez zarete bat etorriko nik diodanarekin, horregatik gustura jasoko ditut iruzkin, kritika eta ekarpenak, betiere hain beharrezkoa dugun errespetuz eta modu eraikitzailean eginak badira.
Gaur, Donostiarekin hartu ditudan 5 konpromiso nagusiak azaldu nahi ditut. 5 konpromiso horiek oinarri hartuta prestatu dugu Donostiko Udaleko aldaketarako gure egitasmoa.
LEHENTASUNA ENPLEGUARI ETA HERSTURA UDAL KUDEAKETAN
Horixe izango da Donostiako alkate gisa nire lehenengo lehentasuna: egungo krisi ekonomikotik ateratzea, aurrekoetatik ateratzeko gai izan ginen bezalaxe. Guztion artean lortuko dugu, langabezian dauden 10.000 donostiarrentzat enplegua sortzeari lehentasuna emanez, eta hiriko eragile ekonomikoak ahal den gehiena indartuz: turismoa, merkataritza eta ostalaritza, hiru unibertsitate eta 20.000 unibertsitario inguru dituen hiri batek duen ezagutza maila itzela. Hori lortzeko, hiriaren garapenean inbertitzeko aukera emango digun udal kudeaketa zorrotza eta neurritsua egiteko konpromisoa hartzen dut.
EUSKAL KULTURA ETA IDENTITATEA, DONOSTIAREN PASAPORTEA GEROZ ETA GLOBALAGOA DEN MUNDURAKO
Euskal kultura eta euskara Donostiaren identitatearen funtsezko bi osagai dira, hiri hau izanik, hain zuzen, munduan euskal hiztun gehien dituena. Bere iraganaren, orainaren eta, batez ere, geroaren atal erabakigarria dira. Sendo egiten gaituena eta mapan kokatzen gaituena da geroz eta globalagoa den munduan ezberdin egiten gaituena. Identitate propioa, gainontzekoengandik bereizgarria izatea, funtsezko baldintza da gaur egun hirientzat, eta egiazko pasaportea errealitate global honetan mugitzeko. Alkate bezala, Donostiak arlo honetan dituen gaitasun handiak egoki ustiatzeko, eta euskal kulturaren eta euskararen hiria berriro izateko ahaleginak egingo ditut.
BAKEA, BERRADISKIDETZEA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA LORTU
Guztiok antzematen dugu: hainbeste desiratutako bakea lortzeko atarian gaude. Hastear dugun legealdia izan daiteke eta izan behar du bakearen, berradiskidetzearen eta normalizazio politikoaren legealdia gure herrialdearentzat. Eragile bizi gisa jardungo dugu Donostiako Udaletik prozesu hau sendotzeko eta gure etorkizunerako erabakigarria den ekimen honetan hiri osoa inplikatzeko. Ezin diogu bakeari ihes egiten utzi eta ez diogu utziko.
DONOSTIA, GUZTIENTZAKO LEKUAREKIN
Donostiak dituen 185.000 biztanleetariko bakoitzak bere bizi-egitasmoa garatzeko aukera izan behar du. Gazte, heldu, emakume, gizon… guztiek merezi dute leku bat guztiak behar dituen hiri batean. Donostiako Udaletik alokairua bultzatuko dugu irmoki etxebizitza izateko lehentasunezko aukera bezala, auzo ezberdinen arteko orekaren alde egingo dugu, eta udal zerbitzuak donostiar guztiengana irits daitezen bermatuko dugu.
PROTAGONISTA DONOSTIA IZANGO DA, EZ ALKATEA
Partekaturiko buruzagitza izango da Donostiako gobernua aurrera eramateko hautatuko dudan era. Alkate gisa, taldean jardungo dut eta ondo gogoan hartuko ditut gizarte-eragileen iritziak eta donostiar hiritarrenak. Entzuteko, elkarrizketatzeko eta hitzartzeko konpromisoa hartzen dut. Eta hitzarmen horien emaitza eraginkortasunez eta zorroztasunez gauzatzekoa. Ez dut nahi Donostia nire proiektu pertsonala izatetik, donostiarren ametsa baizik. Datozen urteetan Donostia izango da protagonista, ez alkatea.