Hausturatxo soziala

Hausturatxo soziala –

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren baitan, Irungo finalerdian, Maialen Lujanbiok kartzelakoan egindako lana goraiopatu zuten askok. Iñaki Segurola ez dago konforme; Urola Kostako Hitzan idatzi du.

Badira gai minbera batzuk elkarrekin ozpintzeraino garamatzatenak. Bat haserretu zitzaidan behin IruñaVeleia asuntoagatik; beste batekin gehitxo berotzen naiz beti homeopatia aitatzen dugun bakoitzean; eta, oraindik orain, txapelketako bertsoei buruz hitzegiteari utzi egin behar izan diogu bi lagunek elkarrekin takartzen ari ginelako.

Hausturatxo sozialaTxapelketan puntuak irabazteko botatzen diren bertso horiekin, kasik esango nuke hausturatxo soziala dagoela gure artean; ezin dugu elkar ulertu: ikaragarri desberdin ulertzen edo hartzen ditugu zorioneko bertso-funtziyo horiek. Adibidetxo bat, oso nabarmena: atzo-zortzi Irungo txapelketako saioan oraindainoko bertsolari puntutsuenak botatako kartzelako bertsoak antologikoak izan omen ziren eta inoizko onenak dira batzuentzat, eta nere moduko askorentzat ia kontra-kontrakoa dira; bai: inoizko eskasenetakoak, eta pretentsio gehiegiak izugarri itsustuak. (Oharra, aurrera baino lehen: hola jarduteak hausturatxo pertsonala dakarkit; asko estimatzen dudan pertsona batek egindakoaz ez nuke hola hitzegin nahi, baina egia esatea ere asko estimatzen dut).

Haustura edo etena nabarmena da oso: batzuek liluratu egin dituzte bertso horiek beren osoan, eta beste batzuk aurreneko bertsoa bukatzerako asperturik gaude. Neri bertso horiek ez zaizkit sartzen, besterik gabe, baina beste askotxori atzerakada garbia eta trixtura ematen diete, eta sufrikario bihurtzen dira ia. Nere ezagunen artean bertso horiek maite dituen bakarrak esaten dit guk ez dugula ulertzen gaurko bertsolaritza, eta aitatutako bertso horietan bertsolariak egiten duena dela zeoze performatibizatu eta “esanahi bat transmititu”, eta horretan ondo ari da: ez ditugu gauza horiek ulertzen eta ez gara iristen. Dena dela, beste alderdiko lagun bizkaitar batek idatzi dit esanez bertso-performari hauek egiten dutena dela “asto joan eta mando etorri”; hau da: estereotipo batzuetatik ihesi, beste estereotipo haundiagoetan amildu, eta, bidez batez, hizkuntza betiko pirritxporrotxtuten digutela. Bestela esanda, eta Xenpelarren hitzez esanda, eskola ona” erakusten duenak irabazten duela hemen; eskola edo jarrera on-eguneratuenari neurriak eta oinak jartzen dizkionak eramaten dituela puntuak txapelketan, eta eraman izan dituela beti; garai bateanrelijiyua”, geroeusko gudariak” eta orain “transgorputzak gehiena eta ondoena goresten dituen huraxe txapeldungai sendoena: idealizazio aingerutarrak beti ere, garaian garaikoak. Eta komunio performatzaile hori zoragarria iruditzen zaigu, baina ez da guretzat egiten dena; horretarako, nolabait esanda, itzalik gabeko eguzki betea maitatu behar da gauza guztien gainetik, eta guretzat ezinezko maitasun bat da hori.

Eta bestalde, baina ez oso bestalde, ezinezko maitasuna da belarritik inola ere sartzen ez den maitasun bat. Indarka eta derriorrean sartzen dira bertso horietako puntu gehienak gure belarrietan, eta batzuk ez dira inolako moduz sartzen; adibidez, puntu hauxe, gehitxo esan nahiak ezer pulamentuz ez esatera ekarri duena: “nere gerripe zintzilikako / desira ari da puzten”. Harrapazazue performagunetik! Ez dugu ulertzen transeuskara hori, eta ez dakigu ze trantsiziotan harrapatzen dugun ere: edo euskara izateko bidean den edo bidetik bueltan datorren. (Badakigu epaileek zer egiten duten potoekin, baina ez zer egiten duten holako “petoekin”.)

Guk ez dakigu zer denperformatibizatu”, baina hola hitzegitera jar gintezke, esanez, adibidez, bertso-meza horietara joaten direnek egiten dutena dela, gure ustez, «hiperbentilatu», eta asko gainera. Eta hori beti gertatu izan da era guztietako meza-gauzetan; sermoiak ere txar-txarrak izan ohi ziren gehienak, baina elizako argiak, intsentsuak, organoak, apaizaren seriotasunak eta oroz gain fedeak izugarri edertzen zituzten. Bertso horiek eta horien tankerakoak artea omen dira, eta bai, litekeena da, zeren horixe baita arte garaikideenarekin gertatzen dena ere: erakustoki edo performagunetik kanpora ezer gutxi edo batereza dela.

Nik ez dakit haustura soziala zer den, baina agintariek horren arriskua atera ohi dute mugimendu kolektibo bizigarriak zapuzteko. Dakidana da hausturatxoak eta etentxoak bederen, txapel-bertsoei edo beste zernahiri buruzkoak, oso direla beharrezkoak eta osasungarriak, zeren penagarria bailitzateke “herri hau sortzen segitzea”… aho batetik eta aho batez; txalo batetik eta txalo batez.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

31 pentsamendu “Hausturatxo soziala”-ri buruz

  • Neuc gutiago ulercen deraucot, oraingoan, Segurolari ecen ez Lujanbiori. Eta onsa’ biotaric eceini ere ez.

  • Egia galanta. Gizartean publikoki onartua den horri kantatzea beti izango da erraza (gaiaz ari naiz, ez bertsoen kalitateaz), are gehiago euskal komunikabide guztiak gaiarekin matraka ematen badute (ikus Berriak eman dion kobertura). Momentuko sermoiarekin bat egitea, esan duzun bezala, oso da errentagarria.

    Beste gauza bat da jendeak pentsatu, pribatuan esan baina gero publikoan esatera ausartzen ez diren gaiekin. Horiek iruditzen zaizkit baliotsuagoak, jendearen begietan “markatua” geratuko baitzara ardi beltza bezala. Genero ideologiatik at dauden posturak, ezker abertzalearen leninismoari kritikak, inmigrazioa eta gure herriaren geroa… zein ausartuko da horiek jorratzen?

    Bertsoak, bat batekoa izanik (zentsura ezina) eztabaida librerako parada paregabea ematen du. Gaitasun kritiko nahikoa duen bertsolari ausart bat besterik ez da behar ideologia ofiziala kolokan jartzeko. Bertsozale batzuk irrikan gaude entzuteko. Izan ongi

  • “Ezker abertzalearen leninismoari kritika”??? Edo ez dut ongi ulertzen adierazi nahi duzuna edo ez duzu ideiarik leninismoaz. Zeren leninismoa hain zuzen feminismo burgesaren aurkakoa baita.

    • Herriaren abangoardia izatearen usteaz ari nintzen, ezkerrak hain ohikoa duen superioritate moralarekin. Abangoardia denaren ustearekin bat espero dute beren unean-uneko kakao-mentala/paradigma irentsi behar dugula gainerakook, bestela ez dagoela herri honentzat alternatibarik. Leninismoa ideologia ofizial bezala lurperatua dago, baina bere arrastoak soma ditzakezu ezler abertzaleko edozein antlakundetan. Izan ongi

  • Gizartea zapaltzaile eta zapalduetan, ustiatzaile eta ustiatuetan banatua da. Hori gainditzea moralki goragokoa da? Ba bai. Moralki goragokoa da herrien askatasuna defendatzea inperialismoa defendatzea baino? Ba bai. Ezkerraz abstraktuan aritu baino hobe eduki zehatzez aritzea, Batez ere gaurko ezker nagusiak eduki horiek bazteruak dituenean hain zuzen leninismotik gutxi duelako.
    Abangoardiarena zapaldua den kolektibo ororen beharrizana da. Zapalduen abangoardia ezeko planteamenduak burgesiak hedatu eta ezkerreko korronte burges-ttipiek birproduzitu dituzte. Hippiek adibidez. Azken urteetako ezker abertzalearen ezaugarrietako bat da planteamendu leninistak bazteru eta instituzionalismora bezala hippismora gerturatzea. Baina zuk hori kritikatu beharrean zer eta leninismoa kritikatu!
    Begira, Telesforo Monzon ez zen leninista, baina abertzalea zen eta abertzalea zelako miretsi egiten zituen bere garaiko ETA eta KAS. Orduan ezker abertzalea bai zen nagusiki leninista. Eta EAJko antileninistek ezin zuten jasan Monzonen hautua beraiek abertzale izan ordez, aberria kapitalari saltzen dioten antikomunista kapitalzale gisa ipurdi agerian uzten zituelako.
    Aberriaren alde eta posmodernismo inperialistaren aurka egin nahi baduzu antileninismoa hobe bazter uztea. Ongi izan.

    • Ea, gizartea zapaltzaile eta zapalduetan, ustiatzaile eta ustiatuetan horrela hain sinpleki banatzea manikeoa iruditzen zait. Hala ez duzu zure buruaren gaineko inolako kontrolik?
      Lanean prekarizatua egonagatik mugikor bat erosita ez al zara afrikako herrialde galduren bateko gerra finantziatzen ari? Errealitatea zuri-beltzean baino gris eskalan ikusten dut nik. Moralki goragokoa da herrien askatasuna defendatzea inperialismoa defendatzea baino? Ba bai. Hontan ados. Nire balore eskalan askatasuna goiko mailan dago, baina agerikoa da askatasun kontzeptua definitzetik hasten direla gure desadostasunak. Oinarri filosofikotik hasita.

      Leninen lana politikaren arloan historiako garrantzitsuenetakoa da, baita sozialista gisa definitzen ez denarentzat ere. Baina abertzale gisa ez zait iruditzen Euskal Herria askatzeko bide horretan leninismoa (eta marxismoa oro ar) tresna egokiak denik, bere ideietatik irakaspen interesgarriak atera baitaitezke ere. Bere garaian abertzaletasuna marxismoarekin nahastea gerora etxekalte izan dela uste dut.

      Telesforo Monzon herri honetako estatista handitzat daukat, oraindik bere Egineko artikuluei begiradatxoa botatzen diet. Bere garaian egin zuen hautu politikoa konpartitzen dut, baina gaur egun egoera bestelakoa da, eta erabili beharreko tresnak, borroka moldeak eta marko teoriko-lexikalak ezberdina izan behar duela deritzot. Paradigma politikoa ezkerra-eskuina izatetik mundialista/posmodernoak-soberanista/identitarioak izatera pasa baita, eta euskaldunok gure herriaren geroa ziurtatu nahi badugu egokitu egin beharko dugu egoera berrira. Nik egin dut nire hautua.

      Gogoeta interesgarria dena den. Eztabaida gustuko baduzu gonbidapena luzatu nahi nizuke funtzionamenduan denbora gutxi dabilen euskarazko foro aske baterako. Euskal hedabideen zentsura dela eta sortutakoa da, eta joera jakin bateko erabiltzaileak garen arren ildo guztietako erabiltzaileak dira ongietorriak:

      https://askatasunarenliga.eus/

      Izan ongi

      • Mundialismoa edo globalizazioa kapitalismo inperialisatren fase bat da. Kapital monopolistak mundu mailako merkatu bakarra helburu bultzatzen duen prozesua. Kapitalismoa eta inperialismoa ulertu gabe, prozesu politikoen oinarri materialak ulertu gabe ez dago kokapen egokirik egiterik.
        Leninek hain zuzen analisi zorrotza egin zuen kapitalismo inperialistaz. Afrikako gerrak eta Afrikaren txikizio eta lapurreta inperialismoaren gauza dira. Hango baliabideak bereganatu eta milioika afrikar erreserbako lan-esku gisa bere interes politiko eta ekonomikoen arabera erabili eta desplazatzeko politika bezala.
        Beraz, aferaren ardatza inperialismoa vs antiinperialismoa da. Ezaugarritze hori gabe mundialista-soberanista bereizte hori burgesiaren plantemenduetan gelditzen da. Globalizazioa bultzatzen duen finantza oligarkiak nazio-estatuetan oinarrituriko inperialismoa gainditzeko asmoak bere estatu-nazioetan tresna nagusia ikusten duen burgesiaren fakzioekin talka egiten du. Baina burgesia horrek globalizazioaren aurrean egiten duen “nazioaren” defentsa antimundialista izan arren ez da antiinperialista. Har ezazu Frantziako FN. Zure ardatzean “soberanista” litzateke agian. Zer da euskaldunontzat? Inperialista amorratua. Har ezazu UPN edo Falange espainiarra nahiago baduzu eta “identitario”en aldean kokatuko dituzu agian. Zer dira euskaldunontzat? Nortasun euskaldunaren etsai amorratuak, espainiar kapitalaren parte baten zakurrak.
        Beste hitzez esanik hautu askatzailerik ez dago inperialismo sorosianoaren eta inperialismo neofaxisten arteko aukeran. Askatasunerako hautua antiinperialismoa da eta hortan leninismoa funtsezko izan da eta izango da (atzera begira pentsa ezazu Krutwig-en kasuan ere. abertzale gisa leninismoaren ekarpenak hedatzen aritua).
        Ongi izan.

        • Leninismoa eta bere seme zintzoa stalinismoa inperialismorik gordinenaren eragileak izan ziren eta oraindik dira komunismoa ikurtzat duten herrietan, hala nola Txinan, non eta zenbait nazionalitate zapalduak diren gure lagun leninisten indiferentzia-isiltasunaren azpian. Antinperialismoa kasu honetan inperialismoaren mozorro nazkagarri bat besterik ez da. Gogora dezagun antzinako Sobiet Batasunak estoniarrak, letoniarrak, kareliarrak, kazakoak, txetxenoak, lituaniarrak, poloniarrak eta beste eta beste hainbeste herrien kontra eragin zuen zapalketa eta genozidioa.

          • Stalin eta Leninen gainera zaborra erruz bota behar izan du inperialismo kapitalistak bere proiektua kolokan jartzera eraman zuten etsaiak direlako beretzat. Joera panrusoak hasieratik borrokatu zituen Leninek eta sozial-inperialismoa hain zuen Stalinen osteko aldian hasi zen garatzen Sobietar Batasunean. Adierazgarria da Poloniako kasua aipatzea Leninek argiki egin baitzuen Poloniaren independentziaren alde, Rosa Luxenburgen tesie aurre eginez.Txina berriz lehen maoista eta aspalditxotik estatu-kapitalismoko potentzia sozai-inperialista da. Mundu osoko kolonietan nazio askapen mugimenduen erreferente zein bultzatzaile izan da leninismoa eta zuk burutzen duzun bere kriminalizazioa mundu osoko herriak okupatu, harpilatu eta txikitzen dituen inperialismo kriminalaren ildokoa da.

  • Erabat ados zurekin, Iñaki. Saio horretako benetako bertso antologikoak Sarriegirenak izan ziren, umorez beteak, gozagarriak. Lujanbioren bertsoa ia inork ez zuen ulertu, ia inor ez zun hunkitu, nahiz eta gero denek errepikatu loritoak bezala la ostia izan zela. Jakina, ante la duda, bertso bat ez badezu batere ulertu eta Lujanbiok kantatu badu, baezapere txalo asko egin. Rollo trans hori oso ondo dago, norberaren etxetik urrutik badago, esate baterako Bertso Txapelketa geroz eta extralurtarrago hauetan. Postureo etengabean bizi gara eta gutxi ausartzen dira gauzak diren bezala publikoki esatera; zu bai, eta eskerrik asko eta zorionak horregatik.

  • Herri honek duen lehen arazo soziala bere arazo nazionala da. Lurraldeetan bizi diren “herritarrak” batzuek inperialismoari zilegitasuna osoa ematen diote eta beste batzuek, ordez, garbi uzten dute inperialismoa delitoa dela eta beraz, inperialistak eta bere jarraitzaileak delinkuenteak direla ere. Zapaltzaile eta zapalduen artean gaude banatuak.

  • Leninek haseratik herrien autodeterminazioa gordeko zuela esan zuen eta alderantziz egin zuen, herriak konkistatuz, Georgia mentxebikea adibidez, eta portzierto Polonia inbadituz, nahiz eta gero derrotatua izan. Beraz Poloniaren alde zegoela esatea eta Polonia konkistatzen saiatzea gauza berdina dira, gezur batez estaltzen den inperialismo nazkagarria. Eta Leninengatik miloika ukrainiar gosez hil ziren 1921an, nazioarteko laguntza humanitarioa ukatu zuenean lurralde horrentzako bertako garia esportatu egiten zuen bitartean.
    Stalinen kasua oraindik okerragoa da, oraindik gosete larriagoa eragin baitzuen Ukrainian 30ko hamarkadan, eta Letonia, Estonia, Lituania, Carelia, Moldavia, ekialdeko Polonia eta Besarabia jan baitzituen naziekin itun polit bat egin eta gero. Eta herrialde askotan, Kazakoen artean adibidez, kriston garbiketa etnikoa eragin zuen.
    Leninismoak gosea eta odol isurketa besterik ez dio ekarri munduari. Eta zu bezalako propagandista gezurteroak, nazien aldekoen parekoak.

    • Telesforo Monzonek ederki utzi zintuzteten ipurdi agerian aberria kapitalari saltzen diozuen PNVroak. Aberria kapitalari saldu diozuenok kapitalaren gezurrak hedatzen aritzea zuen ildoan salrtzen da. Inperialismo yankee eta britaniarrak bezainbat ez du inork erail eta zuek haren txotxongilo.Asko axola zuei herrien askatasuna…

  • Gorentasun moralaz ari da munduko hirugarren genozidarik handiena eta bere doktrina defendatzen duena. Komunista bat azaldu beharko litzateke kontraesanaren definizioaren ondoko argazkian, hiztegi orotan.

  • Jojojo Stalin eta Inperialismo kapitalista etsaiak zirela? Jakina, argi ikusi zen euren “etsaitasuna” bigarren guda mundialean, biak kolegak izan zirelarik Alemaniaren aurka. Ea ulertzen dugun: komunistak hasieratik izan ziren kapitalistarik zikinenen txotxongiloak, eta soberan frogatua dago nola finantzatu zuen Jacob Schiff magnateak Leon Trotsky-ren bizimodu “iraultzailea”, eta nola Max Breitung, Felix Warburg, Otto H. Kahn, Mortimer Schiff, Olef Asxhberg, Jerome H. Hanauer, edo Kuhn, Loeb & Co bankari kapitalistek finantzatu zuen konspirazio boltxebike guztia New York, Berlin eta Londresetik.

    Eta errealitatea hori da, biak dira proiektu mundialista, globalizatzaile eta totalitarioak. Marxismo-leninismoa mundu modernoak eman duen zaborrik nardargarriena da Kapitalismoarekin batera, eta biak dira nazio, herri eta arimen esklabizatzaile, bakoitza bere moduan.

    Gauzei “burges” prefijoa jartzearekin komunistak uste du arrazoi duela. Herrien subiranotasuna eta askatasuna ez dago ideologia totalitario eta genozidetan.

    • Stalinen aurka egin eta Trotski aipatu…Ultraeskuinaren zabor konspirazionista txatuxuenak aireratzen hasi eta adibide ederra…Ote dakizu Trotski katalandar leninista batek hil zuela?
      Karkailekeri antikomunista jotake aurretik jarrita, iraingarria.

      • Zurea bai dela tentelkeria, diozu “identitarioak” kapitalaren parte direla, baina logika horrekin Europar estatu faxista eta kapitalistek bat egingo lukete sobietarren aurka bigarren guda mundialiean. Aitzitik kontrakoa izan zen, lagun moduan elkartu ziren Stalin, Churchil eta Eisenhower Europa elkar-banatzeko. Iraultza boltxebikea Kapital handiak finantzatu zuen goian esan dudan moduan, nola uste duzu bestela lortu zutela boterea lortzeko beharreko baliabide ekonomiko guztiak, militanteen kuotetatikan? Berdina egin dute XXI. mendeko “iraultza” ukraniar edo arabiarrekin, eta berdina egin du Kapital handiak eta bere aparatuek Estatu Islamikoa eta Salafismoaren gorakadarekin. Zeren Kapital Handiak bere pertsonai antagonikoa behar du dialektika historikoan aurrera egiteko, eta zure idolo komunistak izan ziren XX. mendeko txotxongiloak. Eta zu genozida horiek gurtzen eta euren sarraskiak zuritzen, ikusten da nola maite duzun herrien askatasuna.

        • Konspirazio teoria txatxuenekin segitu,dena nahastu eta gezur hutsak botatzen dituzu. Stalinek bere momentuan ez erasoko akordio bat gauzatu zuen naziekin. Laguntasun akordio bat zen? Ez, akordio taktiko bat. Eta naziak Sobietar Batasuna okupatzen saiatu zirenean Stalinek, armada gorriak eta sobietar herriek izugarrizko sakrifioz naziei aurre egin eta txikitu arte birrindu zituzten. Ondoren inperialismo yankee eta britaniarrarekin talka geopolitikoak segitu zuela edonork daki. Zure galderaren logikari jarraituz zergatik ez zuten orduan hiru potentzia horiek 2. Mundu Gerra bukatu orduko espainiar erregimen frankista-nazional-katolikoa dida-batean bota adibidez? Edonork daki ere komunismoa ez hedatzeko inperialismoak frankismoa sustengatu zuela edonork dakien bezala Pinochet eta bere gisako beste hainbeste inperialismo anglosaxoiaren eraso zakurrak izan zirela.
          Portzierto, boltxebikeak ez baina Alemaniako kapitalak bai finantziatu zituela naziak. Gernika euskal identitatearen ikurra bonbardatu zuten haiek, edo Gernikakoa ere gorrien konspirazio bat izan zela esango duzu manual ultraeskuindar txatxuenen soka beretik?
          Azkenik, porrusalda bukatzeko Ukrania eta salafismoa aipatzen dituzu zure planteamenduaren zentzugabetasuna argiro utziz. Ukraniako kolpe sorostar proinperialistan ez al dtu ba hain zuzen inperialismoak ukraniar neonaziak baliatu eta bultzatu? Kataluniaren independentzia eragozteko bere burua Españaren alde bolondres aurkeztu duten horiek? Kapitalaren zakurrak horiek ere, islamofaxistak bezala,noski.
          Salafismoa mugimendu gisa inperialismo britaniarrak sustatu zuen hasieratik eta funtzio antikomunistaz erabilia izan dela ere edonork daki. Sobietarren aurkako yihada CIAk bultzatu zuen zuzenki eta inspirazio abertzale eta sozialistako mugimendu antiinperialisten indarra ahultzea izan zen xede nagusienetako bat.

  • Baina ez al ginen Leninetaz hitzegiten ari? Eta Telesforo Monzoni buruz orain hizketan? Kapitala, aberria… Bai, hori da betiko iraultzaile etxekalteen mintzoa ñañu inozoak engainatzeko. Baina Lenin eta Stalinen Sobiet Batasunak argi utzi zuen zenbateraino bertako nazionalitateen abertzaleak zapalduak eta garbituak izan ziren. Eta gero boltxebikeek boltxebikeak garbitu zituzten. A ze eredu paregabea! Eta gure herrian lortu duzuen hondamendia, bakarrik zuen derrota politiko-militarrarengatik konpensatua izan dena? Herrien askatasunaz mintzo zara? Ukrainia, Letonia, Txekia, Polonia, Georgia, Tibeten askatasuna non utzi duzue zuek leninistok? Eta hemen Euskalerrian? Zu bai nazi negazionisten pareko gezurtia zarela.

  • Berez artikulua ez da Lenini buruzkoa,Mikelatsek aipatu zuen leninismoa eta nik erantzun. Gero zu agertu zara eta oso ongi dago hori. Inperialista-otanistak orokorrean eta hemen PNV oso pozik zaudete ezker trotskoarekin eta bere txepelkeriekin. Hortaz leninismoa usaindu orduko jeltzale batek salto egitea primeran dago. Transexual eta istoriekin barre ederrak egiten dituzue zuek ezkerraren kontu baina ostia Lenin, Stalin, Telesforok miresten zuen KAS edo Che Guevara aipatuz gero nola bukatzen diren barreak,e! Felipe VI.aren ipurdi milikariak, espainiar oligarkiaren morroi gustukoenak zuei Euskal Herria bost eta askatasuna langileen izerdiaren kontu sakelak betetzeko besterik ez.

  • Ene nola, Lenin primerako hiltzaile industrial bat zen eta zu bere bertako profeta zara, eta hori da argi dagoena, tipo horrek egin zituen demasiak eta krimenak berezko balio dute eta zuk miloika hildakoen odolaren gainean pasiatzen zara. Zuek ezker espainolaren eskeje miliziano bat besterik ez zarete, eta ahoak betiko Euskalerriaren kontrako gorrotoz darizu. Zuek gizakien odoletan plisti plasta zabiltzaten mesias iraultzaile hiltzaile batzuk zarete eta horregatik laudatzen dituzue atzoko kriminalak.

    • Atzoko eta egungo kriminal handienekin negoziorako akordioak egiten dituzue zuek eta PSOE daukazue sartuta zuen sasigobernuan. Rosa Diez ere eduki zenuten zuek “betiko Euskalerriaren” zerak…

  • Leninetaz ari gara motel. Ez dakizu Lenin defenditzen? Ez al dizkiozu loreak botako? Ez diozu aurpegia aterako? Horrek eragin zituen miloika hilketak, zer iruditzen zaizkizu? Iraultza sozialistaren mesedetan baziren oso komenigarriak zirela?

  • Ez al duzu ikusten konplexurik gabe defendatzen dudala leninismoa? Esan dizudana da hiltzailerik handiena hemen zuk babesten duzun inperialismo kapitalista izan dela eta dela. Beraz, noski leninismoa odolarekin nahasteko odol-isurle handienen amarruari aurre egin behar zaio. Inperialistak ez zarete inolako bakezaleak, alderantziz. Inperialismoak erruz hil du eta erruz hiltzen du. Zu armada zuriarekin zaude eta ni gorriarekin, zu yankeeekin eta ni vietnamdarrekin, zu kontrarekin eta ni sandinistekin, zu Berlingo konferentzian Afrika banatu zutenekin eta ni nazio askapenarekin, zu langile grebak odoletan erreprimitzearekin eta ni langileriaren autodefentsarekin, Zu zapaltzaileekin eta ni zapalduekin.
    Ta zuk zure alderdia ez dakizu defendatzen? Rosa Diez gisakoak sasigobernu baskongadoko kontseilari izatea ez dakizu defendatzen? Edo “Lenin odoltsu” inperialismoaren manualetik ez zara ateratzen?

  • Monzonek, non Leizaola eta bere gobernuak dejazio osoa egin zuten Múnich-en itunean, En bata eta Eta-ri gobernu probisionala osatzea eskatu zien eta sub-politika (erakunde armatuak) uztea. Hori zen bidea, hori da bidea eta horrek jarraitzen du bidea izaten. Behin behineko gobernua inperialismoen instituziotik at.

  • Noski, noski, konplexurik gabe defenditzen dituzu gosetea, estatu poliziakoa, eta nazionalitateen zapalkuntza, hauxe izan baitzen leninismoak munduari eman dizkion ekarpenik bikainenak. Nik ez dut horrelakorik defenditzen, nik bakarrik zure aitajaunaren berezitasunak nabarmentzen ditut eta zuk ezin ukatu inperialismo kapitalista aipatzen didazu. Betiko taktika, baloiak kanpora, miloika jende hil duen tiranoen kasta zuritzeko asmoz.
    Zuk munduak sortu duen tiraniarik odoltsuenarekin zara eta zure konplexu ezarengatik txalotzen zaitut: naziek egindakoa gainditu baidituzte zure kirako tiranoek, Lenin, Stalin eta Mao bera. Zu zapalduekin zarela? Zu borreroen zale bipila zara. Baina Euskalerrian galdu duzue eta zuen idealak kondairaren zabortegian usteltzen ari dira. Segi bertan usteltzen.

  • Esan dizudan bezala hiltzailerik handiena kapitalismo inperialista izan da eta da. Gaur bertan munduan gosez hiltzen diren milaka pertsonak bere heriotzen kontu amaigabean sartzen dira. Zuk defenditzen duzun kapitalismo horrek erruz hil du eta hiltzen du eta biolentzian oinarritzen du bere boterea. Herriek eta langileriak altxatzean biolentzia zapaltzaile horri aurre egin diote. Kuantitatiboki burgesiaren diktadurak eta inperialismoak gosete, guda eta errepresio bidez kontaezin aldiz gehiago eraiil du eta erailtzen du. Miloika hildako herriak menpean hartzeko: India, Irlanda, Australia, Palestina, Malaia, Korea, Kenya, Yemen, Vietnam, Libia, Irak…Eta kopuruaz gain kapitalaren biolentziaren eta leninismoaren arteko alde nagusia hain zuzen kualitatiboa da. Batak herriak eta langileria esklabu mantentzeko egiten du, besteak kate horiek apurtzeko.
    Euskal Herrian amildegiaren ertzean gaude, herri gisa desagertzeko arrisku erreala begiztatzen. Zuek bitartean PSOE eta PPrekin trapitxeatzen. Baina ikusiko dugu kondairak ez baina historiak azkenean zer jasoko duen.

  • ganbaratxotik 2017-11-17 20:40

    Maialenen bertsoa ederra benetan, Xalbadorren asko bezela, nahiz eta garai hartako bertsozaleek ezer ez ulertu. Zerbait aurreratu dugu.

    Ondorengo eztabaida beste upeleko sagardoa. Benetan norbaitek uste du egungo Europako ongizate-gizarteak ez diola ezer zor Lenin-i? Demokrazia kristaua sortuko zela Sobiet Batasunik izan ez balitz? Sozialdemokraziarik existituko zenik muturreko komunismorik gabe? Amerika, Asia eta Afrikako herri, kultura eta nazio zapalduen aldeko askapen mugimendurik Errusiako iraultzarik gabe? Nekez.

  • Nik bakarrik gauza bat galdetzen dizut: ametitzen dituzu leninismoak ekarri dituen estadu poliziakoa, erahilketa masiboa eta zapalketa? Ontzart hartzen dituzu inperialismo kapitalista okerragoa iruditzen zaizulako? Hori horrela bada konplexurik gabe ametitu: erahiltzea ondo zegoen inperialismo kapitalistak erailtzen duelako; orduan nik esango dizut injustizia batek ez duela beste bat tapatzen. Eta gainera leninismoak bere fruituak eman dituela eta badakigu aski pozointsuak direla. Batez ere ikusita leninismoaren aldekoek horrelako itsukeria dutela, beti abstrakzio gaizto bati begira bere gaitza konkretuak makillatzeko asmoz.
    Herria eta langileria abstrakzio hutsak dira, zuk esango didazu edo leninen batek zeintzuk diren horiek, orduan nik esango dizut, zeinek ematen dizu zein den herria, langileria eta zein den zapaltzailea zer diren esateko autoritatea? Leninismoak utzi duen odol bidea? Sekula ere bete ez dituen promesa faltsuak?
    Leninismoak ez ditu sekula kateak puskatu, kate gogorragoak erein ditu, hori bai, askatasunaren eta justiziaren izena zikinduz.
    Euskalerrian amildegian garela? Etengabe ari zarete leninistok erabateko krisiaren koplarekin eta horrela daramazue ehun urte. Ez al zara nekatzen zure buruari kondaira berdina kontatzeaz? Noski, guk trapitxeatzen eta zuek trapitxeatzeko gogoz eta besteari nahi duzutena aurpegiratuz. Betiko enbudoaren lege lotsagabea. Kondairak zapaltzaile odoltsuenen lerroeta jarri zaituzte eta gainera ez zarete zuen gaitzez damutu. Hori infernuan bizitzea da, eta gainera ez dakizu.
    Europako ongizate gizartea leninismoaz harat egin zen, Keynes eta horrelakoen eskutik, bitartean leninistek esaten zuten Sobiet Batasuna paradisua zela, Ganbaratxo. Sobiet Batasunak sortu zuela demokrazia kristaua? Esango al didazu Mengisturen Etiopia eta Kastroren Kuba eredu direla ezertarako? Ganbaratxo, hori nahi al duzu guretzako?

  • ganbaratxotik 2017-11-21 19:13

    Ni ez naiz Leninista. Ez komunista. Ez kapitalista. Baserritar gixaxo bat baino ez naiz. Eta inguruari zein historiari piska bat erreparatzea baino ez da ikusteko noiz sortu dituen kapilaismoak tresnak, bitartekoak, alderdiak, baliabideak,..gehiengo baztertu eta ahula defendatzeko. Hain zuzen ere gehiengo zapaldu hori “mugitzen”, aldarrikatzen hasi denean, ideia berritzaileen legamiaren baitan. Europako Mendebaldeko kapitalismoak Ekialdean alternatiba erreal bat izan arte ez da herritar xumeetaz gogoratu. Kapilismoaren printzipioa gogoan? lehiarik gabe ez dago aurrerabiderik. Ba horixe bera, komunismorik gabe ez sozialdemokraziarik, ez kristau demokraziarik. Bestela zertan egon dira Europako katolikoak 2000 urte txiroetaz gogoratu gabe. Noiz ohartu ziren zerbait “eman” behar zietela ? Komunismoa-sozialismoaren “pozoia” hedatzen hasi zenean. KapilalismoaK asko hiltzen du, komunismoak izugarri hil egin du, baina biek ala biek bere ekarpen ederrak ere egin dituzte, guztion onerako.

  • Zuk diozuna ez da egia, Ganbaratxo, ekonomista “liberalek” (hori Keynes berak kontatzen du) hasten dira paradigmaz aldatzen eta Keynesek sortuko du ongizate estatua, gerora demokrazia kristauak eta sozialdemokraziak bermatuko zutena. Eliza berak bere ildo soziala mamituko du XIXgarren mendetik honera. Eta sozialdemokraziak zer esanik ez bere baitako alternatiba gorpuztua zuen.
    Sobiet Batasuna eta herrialde leninistetako lan baldintzak eta bizi baldintzak penagarriak ziren eta horregatik joango ziren zulora, herriaren ongizatea bermatzen ez zutelako, ekonomia gaizki zebillelako, justizia sozial izpirik ez zegoelako, dena estatu totalitario baten menpe zegoelako. Noski alternatiba zirela, alternatiba totalitarioa, gezurren propagandaz astintzen zena. Baina errealitate mixerable eta zapaltzaile bat errealitate bihurtu zuen. Sozialdemokrazia komunismoa baino lehenagokoa da, motel, eta esan dizudana, Elizaren ildo soziala XIXgarren mendean planteatua eta gorpuzten hasi zen. Komunismoaren ekarpen konkreturik ez didazu aipatu, bai, barkatu, komunismoa nagusi zen herrietan aplikatu ez ziren neurriak herri kapitalistetan “aplikarazi” zituela. Mesedez, Ganbaratxo, seriotasun piska bat eta ez horrelako erregimen odolzaleen apologia gehiagorik egin.