Hausnarketa soziolinguistiko estrategikoa

Hausnarketa soziolinguistiko estrategikoa

Hausnarketa soziolinguistiko estrategikoa2016ko ekainaren 3an burutuko da Euskal Soziolinguistikari buruzko jardunaldia, Klusterraren eskutik.

Hausnarketa estrategikoa jarri izan diote gai nagusi. 2016-2020ra bitartekoa estrategia definitzekoa, antza.

Azken orduko inkesta soziolinguistiko instituzionalei eta euskararen erabileraren gainerako neurketei ematen zaien garrantzia gorabehera, interesgarria bezain presazkoa da bertan planteatuko den hausnarketa estrategikoari behar bezala heltzea, geure buruari ohartarazi beharko baikenioke behingoz zertan ari garen eta nola, eta garrantzi gehiagokoa dena: nola jokatu beharko genukeen aurrerantzean.

Urrun gaude oraindik egoera normaldua izan lezakeen EH delako batetik, eta horretxegatik hain zuzen heldu behar zaio eginkizunari adarretatik.

Hori dela eta, baditu KLIGek ere Soziolinguistika Klusterraren eginkizuna hobetzeko hiruzpalau iradokizun ustez interesgarri, nahiz eta hemen hala edo hola antolatuak eta erdi errepikatuak doazen:

  • Erabateko independentzia da Klusterrak eta haren baitako jende nabarmenak erakutsi behar duten lehen ezaugarria. Eta independentziarekin batera, egoera anormal hau aldatzeko kemen ausarta, bigarrena.
  • Klusterrak oro har eta baita haren barneko batzorde zein aldizkariek ere beren izaera askea erakutsi behar lukete beti eta ezer baino lehen. Eta elkarlana nahitaezkoa badute ere, ezin onar dakieke erakundeekiko limurkeria. Arreta berezia, hortaz, aginte-organuetan instituzio politikoetako jende eta interesen infiltrazioaren aurrean. Zesarren emaztearen kasuan bezala, muina bezainbeste azala behar da garbi, duin, aske eta susmaezin.
  • Klusterra eta haren aldizkaria ezin dira inolaz ere izan instituzionalistak eta anbiguoak. Zeharo arbuiagarri egiten da Klusterraren baitan behin baino gehiagotan atzeman izan den pasteleoa: Eusko Jaurlaritzarekin, oro har; Hizkuntza Plangintza ontzen duen sailarekin; txorien, zoruen eta komunen inguruko propaganda egiterakoan, etab. Urduri jartzeko modukoa, adibidez, 2014ko Bat. Soziolinguistika aldizkaria 91n islatutakoa.
  • Bai Klusterrak eta bai Bat aldizkariak beren tokia bilatu behar dute behingoz, eta argi ulertu haien lana ez dela inongo hizkuntza-politiken hedapena burutzea edota euskal munduko Santo Kristoen konpartsa egitearena. Eztabaida sortzeko eta bideak urratzeko tresnak dira, eta ez boletinetako ideien aterpe edo babesleku.
  • Klusterraren eginkizuna ezin da lantxo eta proiektu hutsalak bildu, saritu eta argitaratzen dituen erakundea izatera jaitsi. Horretarako badago jadanik unibertsitate mordo bat inguruan eta ezin konta ahala aldizkari zerupean.
  • Ez lukete ez Klusterrak eta ez haren agerkariak inolaz ere onetsi beharko instituzio eta erakunde publiko zein pribatuen menpeko morrontzarik. Diru-laguntza, subentzio eta bestelakoen bidez hartara behartuta sentituko balira ere.
  • Euskararen normalkuntza ahalbidetze aldera, ondo da lan partzialak eta arlokakoak bultzatzea eta sustatzea, baina badu Klusterrak sakonago jokatzeko premiarik.
  • Etorkizuneko hizkuntz panorama posibleak irudikatzen hastea du eginkizun garrantzizkoenetako bat. Hau da, panoramak irudikatzea, perspektibak eztabaida-mahaian jartzea eta kontsentsuatu litezkeen proposamenak gizartean zabaltzea.
  • Zerbaitekin hastekotan –eta bada egitekorik aski gurean–, erakundeek egiten dutenaren kritika sistematikoa behar luke garatu aurrenik. Batik bat Espainia eta Frantziako Gobernuetatik datozen diskurtsoen desenmaskaratzea luke lehen eginkizuna, baina ahaztu gabe Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dagitena ere begi kritikoekin eta sakon aztertu eta ezagutarazi behar dela beti. Horixe baita, besteren artean seguru asko, euskaldun hiztunari zor diotena eta euskararen erabiltzaileak eskatzen diena.

Azkenik, ekainaren 3koa egun emankorra izan dadila opatzea baino ez!

                                                                  (K.M.)

Hausnarketa soziolinguistiko estrategikoa