Haurreskolak Partzuergoan baldintzarik gabeko doakotasuna aldarrikatzen du STEILASek
Haurreskolak Partzuergoan baldintzarik gabeko doakotasuna aldarrikatzen du STEILASek –
2023-2024 ikasturtetik aurrera haurren izen ematea baldintzatuko duen arautegiak haurreskolen errealitatean nola eragingo duen arduratu egiten gaitu.
Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak “2023-2024ko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak” dokumentua aurkeztu zigun duela 3 aste eta gaur onartuko du zuzendaritza batzordeak. Bertan, datorren ikasturtetik aurrera haurren izen-ematea baldintzatuko dituzten arauak jaso zituzten. Proposamena benetan negoziatzeko borondate eza nabarmena izan da eta zerbitzuaren etorkizunean izan ditzakeen ondorioek kezkatu egiten gaituzte.
Sindikatuei aurkeztutako dokumentua haurren matrikulazioa mugatuko duen oztopoz eta baldintzez josita dago. Alde batetik, matrikulazioa gurasoen lan egoerara baldintzatu nahi dute (hala nola, lanean egon behar izatera, gurasotasun baimenean ez egotera edota haurren zaintzagatiko eszedentzia ordainduan ez egotera) eta, bestetik, erabilera ordutegiak murriztu nahi dituzte. Gutxieneko asistentzia bati loturiko fidantza bat ere ezarri nahi dute. Zerbitzu publikoa eta unibertsala behar dugu izan, ordea, doakotasunak ezin du suposatu familiak kanpoan uzteko pentsatuta dagoen proposamen baztertzaile eta mugatzaile bat.
STEILAS sindikatuan, sistema publikoa fiskalizatzen eta zalantzan jartzen dituzten politiken aurrean, Euskal Hezkuntza Sistema Publikoan integratuko den Haurreskolak Partzuergo doako, publiko eta unibertsal erreal bat defendatzen jarraituko dugu, denona eta denontzat den bakarra delako.
Gaiak duen garrantzia eta izan dezakeen eragina ikusita, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari proposamena birplanteatu dezaten eskatzen diegu.
Haurreskolak Partzuergoan baldintzarik gabeko doakotasuna aldarrikatzen du STEILASek