Haurren hizkuntza-hautua kolokan
Haurren hizkuntza-hautua kolokan –
Arnas Dezagun guraso euskaldunen taldeko kideek ezinegona azaldu dute, eremu erdaldunduetan bizi diren euren seme-alabek ikastetxeetan euskaraz aritzeko zailtasunak dituztelako.
“Euskal hiztunak diren haurrek bakardadea sentitu dute euskaraz bizitzeko orduan”. “Gure seme-alabek izugarrizko estres linguistikoa bizi izan dute ikasgelan”… Arnas Dezagun guraso euskaldunen taldeko kideen adierazpenak dira, eta aniztasuna eta inklusibitatea bultzatuz, Eskola Publikoko eskoletan eta Ikastolen Elkarteko ikastoletan haurrek euskaraz lasai egiteko bermea izan dezaten eskatzen dute.
Eremu erdaldunduetan bizi diren familia hauek diotenez, bi eta hamalau urte bitarteko haur euskal hiztunentzat ez da erraza izaten euskaraz aritzea parkean, kalean edota eskolan. “Eskolan, hain justu, lehentasunezkoa izan beharko luke arnasguneak sortzea eremu erdaldunduetako haurrentzat. Horren ordez, haur euskal hiztunak sakabanatu eta, ondorioz, erdaldundu egiten dituzte sarritan ikastetxeetan, dela estrategia okerrari jarraitzen zaiolako edo, makurragoa dena, estrategiarik ez dagoelako. Nola liteke euskara indartzeko arnasgunea izan beharko lukeen lekua erdalduntze gune bilakatzea?”, adierazi zuten Arnas Dezagun taldeko hainbat gurasok uztailean komunikabideetara bidalitako iritzi artikulu batean.
Noticias de Gipuzkoa, talde horretako bi gurasorekin elkartu da gai horren inguruan hitz egiteko, Izaskun Rekalde usansolotarra eta Mitxel Elortza gasteiztarrarekin. Biak ala biak, beste guraso asko bezala, modu partikularrean hasi ziren euren “egonezina” Twitter bidez partekatzen, eta azken hilabeteetan elkar ezagutzeko aukera izan dute. “Mitxelekin mezu pribatu batzuk elkarbanatu nituen eta baita Arnas Dezagun taldeko beste kide batzuekin ere. Azkenean elkarrekin batzar bat egitea erabaki genuen, izan ere, orain arte arazo hau bakardadean sufritu baitugu”, azaldu du Rekaldek.
Lehenengo bilera horretan bideo-dei bitartez elkartu ziren gurasoak Usansolo, Bilbo, Altsasu eta Gasteizkoak ziren; baina denbora aurrera joan ahala jende gehiagok egin zuen bat beraiekin. Baita gipuzkoarrek ere. Hondarribiko eta Hernaniko guraso batzuk esate baterako, atxikimendua luzatu diote talde honi. “Behin taldea sortuta, Twitterren kontu bat zabaldu genuen, logo bat egin eta Euskal Herriko puntu desberdinetako familien mezuak jasotzen hasi ginen”, adierazi du Elortzak. Gaur egun, Arnas Dezagunen Telegrameko taldea hamahiru pertsonek osatzen badute ere, “askoz gehiago” dira talde honi euren babesa modu batera edo bestera adierazi dioten pertsonak.
Egonezina. Rekaldek eta Elortzak modu desberdinean bizi izan dute gai hau orain arte. Rekaldek hamaika, bederatzi eta sei urteko hiru haur ditu eta orain arte Galdakaoko Eguzkibegi ikastolara eraman izan ditu. Gai honekin lotutako “egonezinaren” ondorioz ordea, haurrak ikastolatik ateratzea erabaki eta aurrerantzean Dimako eskolara eramango ditu bi gazteenak. Nagusiena, aldiz, Igorreko institutuan hasiko da ikasturte honetan. Elortzak, bere aldetik, bi urte eta erdiko haurra dauka eta Zabalgana auzoko eskola publikoan hasiko da irailean.
Gaur egun ikastetxeetan erabiltzen diren taldekatze-irizpideei erreparatuz, euskal hiztunak gela desberdinetan sakabanatzen dituzte, eta guraso hauek ez daude batere ados emaitzarekin. “Horren ondorioa geletan euskal giroa sor-tzea izango balitz, guraso garenetik, gu oso konforme egongo ginateke. Baina urteak aurrera joan ahala frogatu ahal izan dugunez, euskal hiztunak diren haur horiek sakabanatuta, bakardade sentimendua bizi dute euskaraz aritzerako orduan”, nabarmendu du Rekaldek. Bere alaba nagusiak “sekulako estres linguistikoa” bizi omen du, gainera, gela barruan. “Alaba zaharrena LHko 6. mailan egon da aurten, eta bere kasuan, gela osoan bera bakarrik aritu da euskaraz jolas-orduetan eta ikasgelatik kanpo. Beste hainbat euskal hiztunek amore eman dute eta gaztelaniara pasa dira. Ez gara bakarrak. Gure lagun bati alabak gaztelaniaz aritzeko baimena eskatu ere egin zion, bere ikaskideek bakarrik utzi ez zezaten”, azaldu du.
Azken hamaika urteetan aritu da Rekalde irakasleekin gai hau jorra-tzen, eta bere alaba alboko ikasgelako euskal hiztunekin batzeko eskatu izan du sarritan, nolabait “antena edo motor efektu bat” sortzeko gainerako ikaskideengan. Bigarren alabaren kasua desberdina izan da ordea. “Oso euskal hiztunak” diren bost ikasle zeuden gela berean, eta horiek sortu duten antena efektua edo beste ikasleeko eragina “izugarria” izan dela azaldu du Rekaldek. “Horiek ez dute sekula pentsatu beste hizkuntza bat erabili behar dutenik elkarrekin komunikatzeko, eta ikaskideek ere beraiekin hitz egiteko beti jakin izan dute euskara izan behar dela erabili beharreko hizkuntza”, azpimarratu du.
Elortzak ez du orain arte semea eskolara bidali, baina badatorkion ikasturtearen beldur da. Haurra bidaliko duen eskolan, euskara maila izaten omen da euskal hiztunak banatzeko “aitzakia”. “Gure kasuan adibidez, berehala jabetu ginen semearen adineko hamar haur euskaldun zeudela, eta hiru gelatan sakabanatuko zituztela: lau, hiru eta hiru. Horren berri izan bezain pronto, eskolara deitu genuen kexatzeko eta gure ezinegona adierazteko. Ez dugu inolako erantzunik jaso eta umeek sakabanatuta jarraitzen dute“, azaldu du Elortzak. Arduratuta daude oso; azkenean, hamar euskal hiztun “erdaldundu” egingo dituztela ikusten baitute, aukera eder bat “galduz”. “Hamar euskaldun horiek gela berean egongo balira, antena efektu hori egiteko aukera egongo litzateke, Izaskunen bigarren alabaren kasuan bezala. Bostek lortu badute, nola ez dute ba lortuko hamarrek? Gainera, argi daukagu borondaterik egonez gero, posible dela horrelako zerbaiti erantzuna ematea”, adierazi du Elortzak.
“Guri berdin zaigu seme-alaben ikaskideek zein jatorri, abizen edo ohitura dituzten; guk eskatzen dugun bakarra, haurrek euskaraz bizitzeko giro egokia izatea da”
Atxikimendu bila
Arnas Dezagun taldeko gurasoen adierazpenek askotariko erreakzioak sortu dituzte. “Segregazioa egiten ari garela esan digute batzuk, baina ezta hurrik eman ere! Guri berdin zaigu seme-alaben ikaskideek zein jatorri, abizen edo ohitura dituzten; guk eskatzen dugun bakarra, haurrek euskaraz bizitzeko giro egokia izatea da”, azaldu dute.
Honen inguruko manifestu bat kaleratuko dute aurki Arnas Dezagun taldeko kideek, egoera berean dauden Euskal Herri osoko gainerako gurasoek eurekin bat egiteko helburuarekin. Etorkizunean, instituzio desberdinetara jotzeko asmoa ere badute, gaia errotik jorratu eta ikasgeletara aldaketak ekartzeko asmoz.
“Seguru gaude denon artean lortuko dugula gure seme-alaben euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea”, nabarmendu dute talde honetako gurasoek amaitzeko.
Haurren hizkuntza-hautua kolokan
Zuena bezalako ekimenek bakarrik salba dezakete euskara epe motzera, hizkuntza pikutara joaten ari zaigulako dagoeneko. Ikus itzazue bestela ISEIren ikerketaren datuak, beldurgarriak dira. Euskara hiltzen ari da ikasgeletan dagoeneko. Hondamendi izugarria gertatzen ari da gure muturren aurrean eta inork ez du ahotsa altxatzen. Gauzak aldatu ezean hizkuntza hilerrira joango zaigu guk uste baino azkarrago.
Gure babesa daukazue.
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/actualidad/sociedad/2021/08/31/educacion-reabre-barnetegis-despues-euskera/1137372.html
Momentu honetan, milaka pertsona ari dira bizitzen euskararen kontura. Euskararen mertzenarioak deitu ahal zaie. Ta bitartean, euskara hiltzen ari zaigu… Lotsagarria da.
Euskalgintza zertan dabil? Kontseilua? AEK? Berria? UEU? EHE?
Antza, PNVren subentzioek jarrera axolagabea zabaldu dute lehen militante eredugarriak zirenen artean
Euskaldunon (euskararen) auzia ez da soilik euskalgintzaren ardura. Autokritika sakona egin beharra ukatu gabe, alderdiek, sindikatuek eta beste eragile batzuek, euskalgintzak berak baino askoz ardura (eta baliabide) gehiago dute auzi honetan.
Euskalgintzaren zeregina politikarien lana baldintzatzea da, ez beraien esanetara egotea
Jakina.
Ikaragarria gertatzen ari dena. Adibidez, jendea euskal taldetako kuotak ordaintzez uzten ari da. Gaur bertan hamar bazkidek esan didate ez dutela gehiago ordaindu nahi. Aski ordaindu dutela joan den urteetan. Lauk esan didate beste zeregin batzuetara bideratu nahi dutela diru pixar hori. Euskarari kendu eta …ri eman. Adibide bat besterik ez da. Tentsioa falta zaigu. Zer dela eta? Gidari politiko axola gabeak, partidu… jarri nahi duzuena puntu horietan. Euskarak duen odol jarioak ez du etenik… ARNAS DEZAGUN, eutsi diezaiogun denok batera.
Eremu erdaldunetan ezinbestekoa da euskararen erabilerarako arnasguneak sortzea, hori da bidea. Eta Ikastolen Elkarteak, gutxienez, horri ekin behar lioke.
Orain irakurri berri dut Iruñerrian sustatutako ekimen hau, ikaragarri interesgarria iruditzen zait Bilbo zein Gasteizera eramateko: Parkean euskaraz. https://www.noticiasdenavarra.com/navarra/pamplona/2021/09/09/2-6-adin-tarteko-haurrentzako/1179818.html
Iazko udaberrian, nahiz eta pandemia garaia izan eta publizitate gutxi egin (nik behintzat ez nuen entzun), 100 familia batu omen ziren (300-400 pertsona), euskararen erabilerarako harreman erosoak sortuz.
Horrelakoak gune eta arlo guztietan.
Euskarari eustearen inguruan lanak albokoari uzteko joera aspaldikoa dugu zoritxarrez. Hizkuntza politikan, hurrengo belaunaldiari utzi zioten eginkizuna aspaldi. Beste batzuentzat herri txikietako airea da nonbait erdaldunak euskalduntzen dituena, eta horregatik ahalbidetzen dira erdaldun inbasioak euskara galtzeko beldurrik gabe. Eta orain azken edabe magikoa, famili-giro euskalduneko haurrak dira, Harry Potter bihurturik gainerako guztiak euskaldundu behar dituztenak. Eta kobratu gabe gainera. Horretarako kobratzen dutenak, aspaldi daude eroritako galtzen greban.
Kaixo, Juan Inazio
Arnas dezagun ekimeneko kidea naiz. Beharbada ez dugu asmatu gure proposamena azaltzerakoan. Ez dugu esaten gure haurrek, haur euskaldunek oro har, beste haur guztiak euskaldundu behar dituztenik. Nahikoa lan badute euskaldun izaten saiatzen gizarte erdaldundu honetan.
Esaten duguna da, herri erdaldunduetako ikastetxeetako haur euskaldunek euskaraz bizitzeko aukerarik izango badute, ezinbestekoa dela euren artean harremanetan jartzea, saretzea eta ez sakabanatzea, horretarako gune erosoak eratzea, euskarazko baliabideak eskueran jartzea, euskararen erabilera prestigiatzea, eta abar. Eta soilik horrela gerta daitekeela (ez dugu esaten gertatuko dela, gerta daitekeela baizik), euskaraz biziko diren haur horiek bestelako ikaskideentzat erreferente bilakatzea, eta ez bazterreko, haur euskaldunak erdarara jotzera behartuz, egun ikastetxe askotan gertatzen den bezala.
Hori besterik ez, gure xumean eta gure beharretatik abiatuta.
Ongi izan
Kaixo Erkuden. Horixe bera adierazi nahi nuen nik ere, zeharo bat egiten baitut zuen ekimen eta eskabideekin baina ez dut asmatu nonbait, kontrakoa ulertu duzulako. Gaizki ulertuak argituta, eutsi goiari!
Ados. Eskerrik asko!