Haurrei ez esan gezurrik
Haurrei ez esan gezurrik –
Haurrekin txantxetan ibiltzea atsegin zaigu. Egia ez direnak ere tarteka esatea ez dago gaizki. Baina zenbait kontutan haurrei egia esan behar zaie. Dosifikatuta, beren adina gogoan hartuta? Noski. Baina sekulan ez kontrako direkzioan.
Egunotan dira nonbait 20 urte Eduardo Madinak ETAk jarritako lehergailuak eztanda egin eta ondorio larriak izan zituela. Doakiola ezer baino lehen nire begirunea; izan ere, beti iruditu zait gertakizun horren inguruan hitz egin duenetan gutxik bezalako hizkera erabili duela, gorroto hitzetatik urrun. Halere, gertakizun haren harira, egunkari batean elkarrizketa bat egin diote berriki eta galdeturik ea bere bizitzako pasarte haren berri nola adierazten dion 9 urteko semeari honela erantzun du: “hubo durante muchos años un grupo de gente que mataba a todo el que podía para imponer sus ideas” (“urtez luzez bere ideiak inposatzeko ahal zituen guztiak garbitu zituen jende talde bat izan zen”).
Erantzun hori bistan da berak ez duela asmatu, egia ofiziala dela, mantra bat bezala han eta hemen errepikatzen dena. Baina bertsio oso aldebakarrekoa da, jende askok agian sinetsiko du baina jarrera kritikorik gabe sinesten ohituta dagoelako, mila beste gauza bezala.
Hasteko ez nago seguru horrenbeste bortxa besteri norberaren ideiak inposatzeko izan ote zen. Badakit historian zehar, Europako zenbait herrialdetan Espainian bereziki, Inkisizio erakunde bat izan zela eliza katolikoaren egia ofizialak onartu ezean tormentu handiak eta heriotza ere ezarriz zigortzen zituena. Baina, azken 60 urteotan gure artean gertatu zena ez zen gisa horretakoa izan. Ez zen izan ere “que mataba a todo el que podía” (“ahal zituen guztiak garbitu zituen”). Herri honetan egin behar ez zen gauza asko egin zen baina horrela esanda ez da sinesgarria.
“Haien ideiak inposatu”? Guk ezagutu genuen eskolan bai zegoen zenbait ideia ezartzeko asmo irmoa. Saiatzen ziren eta suposatzen dut askorengan eragina ere izango zuela: gu espainiarrak ginen, harro egon behar genuen espainiarrak izanda; guk gazteleraz hitz egin behar genuen, euskara hizkera arlote eta basatia da; euskaraz hitz eginez gero, hil ez baino zigor mingarriak jasaten genituen, “cara al sol” bezalako abestiak kantatu behar izaten genituen, Francok salbatu zuen Espainia ez dakit zenbat arriskutatik…
“Haien ideiak inposatu”? Frankismo ondorean ere ez dut uste asmoa hori zenik. Gaurko munduan ideiak ez dira tiroka ezartzen. Nork ezarri nahi ditu hemen bere ideiak? Gaur argi esan behar bada, prentsa, irrati, telebista eta gisako bideak dira horretarako. Eta tresna horien jabeak beste batzuk dira: Espainiako estatuan tresna horien %95 diru asko eta indar handia duten jendeen eskuetan daude. Asko ahaleginduta besteok oihartzun txikiko irratitxo edo beti hil zorian dauden egunkari batzuk sortzen ditugu eta behin baino gehiagotan gutxi hori ere kendu egin digute.
“Hiltzen zuen jende talde bat”. Lehen urte batzuetan jende horrek ez zuen inor hiltzeko asmorik izan. Diktadura hartan ito beharrean egonik protesta gisa zenbait ekintza egiten hasi ziren. Zalaparta apur bat. Baina armadunak ez zeuden geldi egoteko eta laster ehunka pertsona, aitzaki-maitzaki, kolpatzen eta atxilo eramaten hasi ziren. Eta hortik hasi zen gero mila gehiegikeria ekarri zituen soka.
Franko hil ondoren ere frankismoak jarraitu zuen, izen politagoa jarri bazioten ere eta agintarien aurpegiak berriak baziren ere.
Baina, Eduardo Madinak badaki 9 urteko seme-alabak edozein egunetan ikastolatik itzulita zera esango diotela: aita, andereñoak esan du umeak ez dituela Paristik ekartzen zikoinak. Eta orduan argitasun gehiago eman beharko ditu “un grupo que mataba”ren. Zer egiten zuten 18.000 polizi haiek, hainbeste armarekin eta nahi zuten guztia egiteako baimenarekin “un grupo que mataba” hura menderatzeko?
Gustatzen zaizkit Mikel Arginaren izpiritu orekatua, egiari ahal bezainbat hurbiltdu nahia baita egiteko manera ere. Testu bat edo esaldi publiko baten edukia bihitzea eta landare onak irakatik bereiztea. Praktikatzen duen lehenagoko testu esplikazio serioa da, gaur ere, metodo on bat ikasteko pentsatzen. Jarraik dezala gure plazerrerako.
Dudarik ez; “un grupo de gente que mataba” batek ez du urte luzez irauten. Birsortu beharko zuen, bada. Gainera ETAk jende saldo bat hil bai, baina askoz gauza gehiago ere egin zuen. Egia da, dena dela, hartaratu izan zela, hots, hiltzen hastera, sortu eta urte batzutara, errepresioa bortitza baitzen, ikurriña, ekinbide politikoa, frankisten aurka egitea… debeku baitziren.
Egungo errelatoa ustela da, eta historian ez da luzaz egonen. Ipuinak sinesterik ez dagoen ber, “un grupo que mataba” ez da ezer sinesgarri. Bestela, gauza berak balioko luke Eireko kasua, Korsikakoa, Katalunyakoa, Txetxeniakoa, Palestinakoa, eta beste hainbat tokitakoak interpretatzeko… eta ezin ditugu horrela ulertu.
ETAk bere (zein ideia, bada?) ideiekin bat etorriko ez zen edozein eta guztiak hilko bazituen, askoz ere atentatu gehiago egingo zituen bere garaian, Algerreko, Ginebrako edo Osloko hizketetara joan gabe…
Hil ala bizkoa da errelato egia egitea. Batez ere gazteen inteligentziak hazteko, gezurrezko edo erdi gezurrezko errelato batek ezbaititu argituko. Zaila da biziki zeren, hastapenetik bukaera arttio, Etaren historia luzea eta askotarikoa izan da. Eta burura etortzen zait, desastre militar baten ondotik, errelato nazional bat eraiki beharrean, SWek zioen hitz hauek:
” Badugu hor erantzukizun bat izigarria. Izan ere herriaren arima berregiteaz ari gara, eta hain da handia tentazioa arima berregiteko asmoz gezurren edo egia-erdien erabailtzea nun heroismoa baino gehiago behar den egiari fidel egoiteko”