Hau ez da film epiko bat (esamolde jatorren kontrako manifestua)
Ia beti bezala, gaur ere mantsokara jaiki naiz, eta, zeri buruz idatzi sobera argi ez nekien arren, zirt edo zart hautatu dut gaia. Ez da batere ona gauzak azken egunerako uztea, eta maiz emazteak kristorenak eta bi bota izan dizkit nire utzikeria horrengatik -baina zer nahi duzue, esne mamitan bizi naiz, eta, horren ondorioz, gero eta alferragoa naiz-. Nolanahi ere, ez da hain erraza gai bat aukeratzea, erantzukizun handia baita, zer edo zer interesgarria bilatu behar baita, munduko gauzarik inportanteena izan gabe ere, ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoa ere ezin izan daitekeena. Batzuetan, aitaren batean aukeratzen dut irratian jorratu nahi dudan gaia, baina, bertze zenbaitetan, kosta egiten zait zeri buruz mintzatuko naizen erabakitzea, eta orduan tirriki-tarraka idazten dut gidoia. Hori guzia, jakina, nire aldartea kontuan hartu gabe, zeren aste batzuetan iduritzen baitzaik xarmantki ari naizela, baina makalaldia etortzen da berehala, eta orduan uste izaten dut nire onenak emanak ditudala: horrelakoetan, beti pentsatzen dut akaso gehiago irakurriko banu, edo film serio gehiago ikusiko banitu, eta ekitaldi kultural gehiagotara joanen banintz, gauzak hobeki eginen nituzkeela, baina, tira, badakizue, balizko errotak irinik ez; zenbaitetan, gaia normalegia edo topikoegia den susmoa izaten dut, edo nire iritzia konformistegia ote den beldur izaten naiz -alegia, beldur izaten naiz entzule edo irakurle gehienak nirekin ados egonen diren-, baina bertze zenbaitetan irudipena izaten dut ahuntzak adarrak dituen aldera noala, eta hori gustatu egiten zait -bertzenaz, ezin jakin zer-nolako erantzuna izanen duen asteroko saioak, harrigarriak izaten baitira entzuleen erantzunak: azken batean zenbat buru hainbat aburu-.
Baina mailua iltzera: itzulinguruka ari bainaiz. Erran bezala, gaur berandu jaiki naiz, gaurko gaia prestatzeko lana azken unerako utzita; beraz, testua lasterka idatzi, eta etxetik bestela baitakoan alde egin dut; bertzenaz, emazteak, beti bezala, nire alferkeria eta profesionaltasun falta direla-eta deabruak hartuta, urak eta suak hartuta, direnak eta ez direnak botako zizkidakeen -ez baitu bilorik ahoan-, neureak, bereak eta asto beltzarenak aditu behar nituzkeen haren ahotik, eta akaso -ene, hamaika ikusteko jaioak gara- lepoa berotuko zidakeen. Ez, broma da, baina beroarena kenduta, egia da amorru handia ematen diola nire jokamolde honek, gauza guziak gerorako uzteko joera honek; izan ere, itxaropena omen du egun batean arrastoan sartu eta gauzak garaiz eginen ditudala -aldaketa hori naski astarrak umeak egin orduko gertatuko da-. Baina berriz ere desbideratzen ari naiz. Harira.
Gaurko saioan, sarrera irakurri duen nornahik gaurgero argi izanen duenez, Sergio Leoneren filmei buruz mintzatu nahiko nuke. Hain zuzen ere, haren film bati buruz. Lehengusuak izanik -gure arteko ahaidetasunaren froga zientifikorik ez da, baina zantzu guziek familiakoak garela pentsatzera naramate-, Leoneren fan handia naiz -hara!, betidanik idatzi nahi izan dut esaldi hori-, klasikoak errespetatu behar baitira. Dolarren trilogia izugarri gustatzen zait, bai eta Once upon a time in the West (Hasta que llegó su hora Espainian) ere. Once upon a time in America, gangsterri buruz egin zuen filma, ordea, ez dut batere maite. Arrazoia ez da filma luzeegia dela -baina beharbada luzeegia da-, edo aktoreak gustuko ez ditudanik -oro har, gustuko ditut-. Film hori zergatik ez zaidan gustatzen azaldu beharko banu, uste dut musikari leporatuko niokeela errua. Behin batez Amerikan film epikoa da, edo hori -film epiko bat egitea- izan zen Sergio Leoneren asmoa, eta Ennio Morriconeren musikak etengabe azpimarratzen du asmo hori: soinu banda aditzen zen aldi oro, musika instrumentala izan arren, nik zera entzuten nuen, “hola, ikusle, film epikoa naiz, kasik lau orduko film epikoa, ez dakit ohartu zaren baina film epikoa naiz, epikoa, eeeeepikoooaaaa”. Azkenean, traba egiten zidan pelikularen ustezko epikotasuna nabarmentzeko tema hark; are gehiago, azkenean, balizko izaera hori azpimarratuaren azpimarratuz, filma epikatik komediara pasatzen da. Bai eta huts egindako filmen zerrendara ere.
Udan ikusi nuen nik Leoneren Once upon a time in America, baina nire ikasle anitzek barnetegietan ematen dituzte udako hilabeteak, edo aste batzuk bederen. Bertan, euskaraz ongi moldatzen direla erakusteko eta testuak aberasteko-edo, esamolde jatorrak -hamaika ikusteko jaioak gara, hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta abar- baliatzeko erraten bide diete, eta, hortaz, logikoa den bezala, esamolde parrasta irakasten diete. Segur aski denak egun berean, denak batera. Egiten dizkidaten idazlanak ikusita, susmoa dut joera handiagoa dela barnetegi batzuetan bertze batzuetan baino -maiz hizpide izan dut hau nire lankideekin, baina ez dut izenik eman nahi-. Anitzetan, ondorioa -bilatua edo nahi izan gabea, berdin da- esamoldeen inflazioa izaten da gure ikasleen idazlanetan: harira etorri ala ez, egokia izan ala ez, hamaika esamolde jator txertatzen tematzen dira batzuk, euskara noraino duten barneratua azpimarratu nahian edo. Izan ere, funtzio hori baitute idazlanetako esamolde jator gehienek, hau da, “badakit euskaraz” mezua oihuka erratea -eta, bertze funtziorik ez dutenez eta berztelako ekarpenik egiten ez dutenez, hondarrekoz traba egiten dute-. Hautu estetikoen kontua ere bada: izanen da Behin batez Amerikan filmeko musika maite duenik, baina nik nahiago nukeen filma epikoa zen edo ez erabakitzea nire esku utzi izan balute Leonek eta Morriconek. Izanen da uste duenik jatorrismoa dela euskaraz badakigula erakusteko biderik hoberena, baina udan ikasitako esamolde guziak nahitaez erabili nahiak edo beharrak hondatu dituen idazlan franko irakurri ditut nik: esamoldeek soinu banda aspergarria egiten dute -“euskaraz ederki dakit, ez dakit ohartu zaren zeinen aberatsa den nire euskara” lelo gogaikarria errepikatzen dute-); Once upon a time in the West filmak hasiera ederra du, ikuslea berehala harrapatzen duten horietarik, eta, batez ere, musikarik gabea: nik, aukeran, nahiago nuke gure ikasleei testu interesgarriak egiten irakatsiko bagenie, testu zirikatzaileak, originalak, ongi egituratuak eta -ahal delarik- soinu banda jatorrik gabeak.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Agian ehun urte barru arrazoi duzula esango dizut.- bizi bagara noski-. Gaurko egunean euskararen egoera zein den ikusita, esnobismo hutsa iruditzen zait ordea.
Ez dut uste esamolde jatorren gehiegizko erabilera denik gure artean arazoa, kontrakoa baizik: “Bua, txabal! De puta madre! Me partidol kulo artikuluakin!!”
Eta azak ontzeko, egun jende gutxik darabiltzan esapideak dabiltza bolo-bolo euskaltegietan. “Lur jota”, ongi da. “Hamaika ikusteko jaioak gara”, bueeeeeno ba. Baina “balizko errotak irinik ez”? Nork ostia esaten du hori gaur egun?
Euskaraz “hamaika” erabiltzen dela asko esateko, nonbait ikaragarrizko grazia egin zien aspaldiko vascófilo ilustreei, eta halaxe sartu zuten eskuliburu guzti-guztietan. Horregatik beharbada, euskaltegietan ikasten diren lehen esamoldeen artean dago ditxosozko “hamaika” hori. Nire inguruko euskaldun “peto kastakoei” ez diet sekulan aditu esaten “hamaika” adiera horrekin; aldiz, “makina bat”, “franko”, “ez gutxi”, “dexente” eta horrelako sinonimoak bai, erabiltzen dituzte.
En fin. Esanen nuke hizkuntzen irakaskuntzan, oro har, maiz gertatzen direla horrelako gauzak…
Erabat ados. Ez dut uste “Bua txabal!” esatea “Hau duk hau!” esan ordez, edo “Venga ya!” “Bai zera” ordez, “balizko errotak irinik ez” moduko esapideekin konpontzen denik.
Are gehiago, esango nuke ikasleek horrekin jasotzen duten mezua dela euskara ez dela kalerako erabilgarri (“nire lagunek barre egiten didate halakoak botatzen ditudanean…”) edota beste garai (mundu) batekoa dela gure hizkuntza.
Horretaz ohartu ezean, “Bestela”, ehun urte barru ez gara biziko, ziur.
Bada, nik uste dut horiek jakitea oso ondo dagoela, gure kulturaren parte baitira. Beste kontu bat da jakitea noiz, non eta norekin erabili (nik txantxak egiteko erabiltzen ditut askotan, ( “eneeee, hamaika ikusteko/entzuteko jaioak gara!!-he-mos na-zi-do para verrrr on-tze-!!!”). Eta bai, egia da; horietako asko es dira hain “jatorrak”, eta ez dira edozein testuingurutan erabili behar, barregarri geratu nahi ez badugu. Baina beste batzuk, benetan jatorrak, galtzen ari dira, zuzen-zuzenean erdarara jotzeko, eta hori galera bat da.
Ados Peru, nik ere halakoak txantxetarako erabili ohi ditut. Baina arazoa sortzen da euskara-ikasleek, sarri(egi)tan, geuk txatxetarako darabilzkigun esapideak soilik ezagutzen dituztela eta, ekintza oinarrizkoenetarako ordezkoak ez dituztenez, horiek erabiltzera behartuta daudela. Txantxa, orduan, frustrazio eta lotsa bilakatzen da.
Hori euskara-irakasleen lana izango da. Lehenengo beren buruak jantzi, eta, bigarren, erakutsi beharrekoa ondo erakutsi. Ni ere euskaldun berria naiz, eta izan naiz euskaldun zahar jator-jatorren iseken biktima; adibidez, “despertore” ordez “esnagailu” esateagatik. Dena dela, badakigu gizakiok krudel samarrak garela, eta euskaldun berriek “gizarteratze” prozesu latz hori pasa beharko dutela “euskaldun-euskaldunen” komunitatera sartu nahi baldin badute. Hala ere, zenbat eta xuabeago, hobe, jakina.
Ni euskaldun berri bihurtzeko bidean nago, eta “gizarteratze” prozesu hori, oso neketsua gertatzen ari zait. Nire ustez “adeitsuagoa” izan behar luke. Arazoa non dagoen ez dakit, baina zeozer gaizki egiten ari gara, guztiok. Sati Leonek esan duena egia da, hobeto legoke euskaltegietan beste modutan idazten irakastea, baina Habe 3 gainditzeko hau eskatzen didatenean:
1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna
2) koherentzia eta kohesioa
3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna
Zer egin dezakegu ikasleek?…..(batez ere, hirugarren puntu hori ondo egiteko, eta aztertzaile “tikis-mikis” batekin topatuz gero).
Ez dakit euskaraz nolakoa den esamoldea, baina gaztelaniaz “intentar dorar la pildora” esaten da. Eta horretan gaude…….nahasita (ia guztiak)
Nola da posible euskaldunontzat ingelesezko C1 euskarazko C1 baino gehiago kostatzea?
Ez du hankarik ez buru.
Euskara zaila bada berez (gramatikako txikikeria asko), eta gainera, askotan, tontakeriatan sartzen dira aztertzaileak.
Euskara sinplifikatu beharko litzateke batetik, eta bestetik ikasketa prozesua dibertigarriago/erakargarriago bilakatu.