Serendipia

How can I tolerate looking you in the eyes“, Of Montreal

Kasualitateak egin du mundua orain den bezalakoa. Egin gaitu garena. Kasualitateak elkartu izan ditu bikoterik kuriosoenak. Baldintzatu izan ditu erabaki historiko garrantzitsuenak eta baita ahalbidetu izan ditu eragin handiena izan duten aurkikuntza zientifikoak. Serendipia deitzen zaio honi. Horace Walpole arkitekto britainiarrak asmatu zuen hitza kasualitatez, ‘Serendipeko hiru printzipeak‘ istorioa irakurtzen ari zela. Deskubrimentuak errenkadan zori hutsez egiten dituzten hiru printzipeen bidaia kontatzen du ipuinak. Hortik, kasualitatea medio, zientziaren munduan egindako aurkikuntzei eman zaien izendapena: Serendipia.

serendipia

III. mendea zen ustezko lehen serendipia gertatu zenean. Siracusako errege Hieronek urregile bati eskatu zion urre puruzko koroa bat egin ziezaion. Eta baita egin ere honek. Baina erregeak, mesfidati, ea koroa zinez %100ean purua zen, eta ea eskatu adina urre zuen frogatu nahi zuen. Eta Arquimedes delako matematikalari bati eskatu zion lana. Matematikalaria, arazoa nola konpondu jakin gabe, Siracusako bainugela publikoetara joan zen erlaxatu eta pentsatzera. Kasualitatez ohartu zen orduan, bainuontzian sartzean soberakin irtetzen zen ura, bere bolumena bezain bestekoa zela. Koroaren bolumena nola neurtu zekiela atera zen biluzik kalera, ‘Eureka!’ famatua oihukatuz. Hortik Arkimedesen printzipio ezaguna.

Serendipiaz inguratuta gaude-baina, zientziaz landa. Deskubrimentuz deskubrimentu bizi gara jaiotzetik bertatik.

Kasualitatez zapaltzen dugu kale ertzean zakurrak utzitako gorotza. Eta haserretzen gara. Kasualitatez erabakitzen dugu Zuberoa kaletik joan beharrean, Nafarroa kaletik joatea. Eta topo egiten dugu ertzaintzaren kontrolarekin. Jende andanak madarikatuko zuen bihotz txarreko serendipia. Kasualitatez gurutzatzen ditugu begiak beste bi begi horiekin. Eta klixkatzen ditugu, segidan lurrera begiratzeko, ezin jasanik deskribatu ezinezko kolore marroi argi hori. Kaos betean, tximeletaren hegalkada dira nora garamatzaten ez dakigun erabaki guztiok. Eta alperrikako galderak egiten ditugu askotan: Zer gertatuko litzateke bada, arkimedesek ez balu bainu publikoetara joateko erabakia hartu?

Conan Doyleri hitzok lapurtuta: Kasualitatez ikusten ez ditugun begien bistako gauzez betea dago mundua.  Kasualitateak anpara gaitzala. Zer gara gu kasualitate hutsa bat baino? Serendipia.

Ekaitza bainuontzi batean