Hau ez da…

Hau ez da… –

“Hau ez da Frantzia, hau ez da Espainia; Euskal Herria da!”. Oroitzen, duela hamarkada pare bateko lelo eta kantu hartaz? Beldurtzeko da ez ote den itzuli behar orduko oinarrizko ikasgai hartara, ohartzean zenbateraino sartua den “hemen Espainian” edo “nazional mailan” (Frantziaz aritzean), zenbat begiratzen zaion Frantziako politikari, zenbat aldiz ematen diren Espainiako datuak EAEkoekin konparatzeko, nahiz eta “Estatu mailan” erran, zein etxeko ditugun Espainiako edo Frantziako erreferentziak…

Hau ez da...

 

Aldi berean, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten datu eta berriak biziki bakanak dira. Egunerokotasun horrek eragiten du biziki barneratua dugula Euskal Herria Espainiako edo Frantziako eskualde bat dela. Naturala balitz bezala. Hori islatzen da gaur egungo estrategia politikoan ere.

Zer da auzia?

Herri bat garela, menderen mendeetan askatasunik gabe eta zapaldurik, Frantziak eta Espainiak zuzen-kontra konkistaturik, okupaturik eta gure estatua bahiturik?

Ala gizarte bat gara, bi Estatutako eskualde(et)akoa, demokrazian bizi dena, eta “demokratikoki” erabaki nahi duena Estatu bihurtu nahi duen ala ez?

Barneratua badugu Espainiakoak edo Frantziakoak garela, logikoki, bigarren aukera hori nagusitzen da. Sinetsi dugu herri gisa ez daukagula eskubiderik, ahanzten ari baikara herri bat garela. Sinetsi dugu gizarte bat garela, eta gizartearen borondatea errespetatu behar dela.

Zer da, ordea, euskal gizartea?

  • Lehenik, geografikoki: EAEkoa? Euskal Herri osokoa? Hego Euskal Herrikoa? Ipar Euskal Herrikoa?
  • Bigarrenik, politikoki: euskal gizartea da eremu batean (zeinetan?) bizi den norbanako multzoa?

Edozein estatu libretan, herria eta gizartea gauza bera da. Estatu menderatuetan, ez. Menderatzaileek beren burua ere ikusten dute euskal gizartearen parte; eta haiei komeni zaie “euskal gizartea” hitza zabaltzea, “Euskal Herria” ezabatzeko. Sinesten badugu demokrazia dela bozka kutxa batean paper bat sartzea, burutik kenduz menderatuak eta menderatzaileak daudela herri honetan, kontuan hartu gabe komunikabideen, administrazioaren, polizia indarren, sistema politiko eta juridikoaren, hizkuntza politikaren, antolaketa kulturalaren eta azpiegituren eragina, hautuak egiterako orduan, ez gara bakarrik ari gure burua eta herria engainatzen. Berresten dugu Espainiako edo Frantziako eskualde bat garela, ez garela herri bat, are gutxiago herri zanpatua, eta ondorioz ez dugula berezko eskubiderik aske izateko. Horrela sortzen dira Tabarnia bezalako proiektu zentzugabeak. Eskubideak ez badagozkio herri bati, herriaren destinoa zatikatu badaiteke, bihar Euskal Herriko edozein eskualdek (probintzia batek, hirigune batek…) eska lezake Euskal Herritik bereiztea.

Orduan, zergatik sortu istorio hau guztia? Independentzia ez badagokigu herri bat garelako, espainol edo frantses sentitzen denak zergatik bat eginen du “bere herritik” bereiztearen ideiarekin? Independentziaren argudioa bera da indargabetzen dena. Aldiz, berriz ere ozenki aldarrikatzen badugu ez garela Espainian edo Frantzian, Euskal Herria bidegabeki okupatua den nazio bat dela, uko egiten badiogu denbora guztian Frantziara eta Espainiara begiratzeari, beti hango berri eta datuekin bizitzeari, gure herriaren osotasuna marrazten eta bizitzen badugu, argudio anitzez sendoagoa daukagu. Horrek erran nahi du ez ibiltzea tarrapatan. Alabaina, badakigu zein den gure kontzientziaren indarra.

Lan egin behar dugu herri kontzientzia sendotzeko, eta ez kontzientzia hori galtzen ari den “gizarte” baten “borondatea” adierazteko “eskubidea” lortzeko.

Eneko Bidegain – Enbata.info

Hau ez da…