Hasi aurretik, galtzaile
Hasi aurretik, galtzaile
Igandearekin Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari egindako elkarrizketa argitaratu dute dozena erdi egunkaritan. Elkarrizketa guztien artean batek piztu du txinparta.
La independencia es un concepto imposible y del siglo XIX. No lo digo yo. Lo dice Urkullu. Mejor hablar y entenderse pic.twitter.com/P8N6BlXBCJ
— Javier Maroto (@JavierMaroto) 2016(e)ko abenduak 4
“Globalizazioaren aroan, independentzia ia ezinezkoa da”, esan dio Luis Aizpeolea kazetariari. El Pais-ek, nola ez, Kataluniako independentistak izorratzeko moduan eraman du esaldia titularrera. Ulertezina da. Zure jarraitzaileek “independentzia” aldarrikatzen dute, eta liderrak dio hori ezinezkoa dela. Nola ezkontzen da kontraesan hori? Zein logikatan sartzen da zure ustezko helburu politikoa jendaurrean ezinezkotzat jotzea?
“Herri honen arima zarete”, @iurkullu pic.twitter.com/iuAH9GZAbE
— Sortu (@sortuEH) 2016(e)ko abenduak 4
Eztabaidatu daiteke independentziaz. Arrazoi izan dezake Urkulluk independentzia ezinezkoa dela esaten denean, mundu honetan inter-dependentzia delako nagusi. Hori edonork daki. Independentista izatea da Frantzia, Polonia edo Brasilek duten independentzia maila eskatzea. Alegia, Nazio Batuetan eserlekua duen estatu batez ari gara hizketan, ez independentziaz esanahi literalean. Zergatik tematzen da Urkullu zentzu hertsienean eztabaidatzen independentziaz?
Eskoziak, 2014an, “herrialde independente” izateari buruz bozkatu zuen, eta denek zekiten independentzia nola ulertu. Katalunian independentista eta estatu propioa nahi izatea sinonimoa da. Ezin da ulertu nola lider abertzale bat korapilatu daitekeen hitz batekin, arerioari opari propagandistikoa emanez, aliatua irainduz. Ez du ez hanka ez buru. EGIko gazteek ere independentzia aldarrikatzen dute. Alferrik ari al dira? Urkulluren adierazpenei ondo lotu dakiokeen artikulu interesgarria plazaratu du Suso del Torok Aran: “Espainiak zapalduaren beldurrekin jokatzen du. Eta, baita ere, biktimaren alienazioarekin, menpekotasuna naturala balitz bezala barneratze eta onartzearekin”.
Galdera gehiago ere suertatzen dira. Independentzia ia ezinezkoa bada, zenbat posibleagoa da Espainiak barneko beste nazio batzuk onartzea, maila bereko harremana onartzea, galdeketak egiteko baimena ematea? Hori posibleagoa da? Politika fikzioa. Itsutasuna ote ala norbere komenientziarako gezurrean bizi? Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esana da Rajoyren azken lau urteetan inoizko berzentralizazio handiena egin dela.
Kataluniako kasuak erakutsi du Espainiak ez duela gaitasunik lurraldetasun arazoak konpontzeko. Ez dira gai, eta ez dute nahi. Espainiaren batasuna da haientzat gauzarik handiena. Ez dago jarrera aldaketaren zantzurik. Azkarrak balira katalanei eta euskaldunei lau pezeta emango zizkieten independentzia desaktibatzeko, baina hain dira harroak ez dutela horren beharrik ikusten, arazo politikoa larritu arren.
Independentzian sinesten ez duen independentista bat da Iñigo Urkullu. Aurretik galdu du beraz. Galtzaileen bandoan gaude euskaldunak, eta konformatu besterik ez dugu. Nahiago nuke oker egon, hain argi dudan horri ñabardura esanguratsuak gehitu. Hainbeste abertzale ezin dira nahastu botoa ematerako orduan, ezta?
Independentziaren proiektu politikoaz nekatuta, proiektu unionista berri baten beharra aldarrikatu dute… Horra EuSuomi: http://izparringia.net/2016/12/editoriala-manifestua-edo/
http://www.vilaweb.cat/noticies/urkullu-i-la-pesada-trampeta-de-la-interdependencia/
Partalen erantzuna.
Nazkatuta naukate [ustezko] abertzale instituzional [español] -ista hauek!
PNV k independentzia ezinezkoa dela, eta Sortu okerrago: “independentzia ez da eskubide bat”
Utikan!!
Ditugun proposamenak eta praktika politikoa autonomismo utsa eta inperialismoarekin kolaboratzea dira, izan dira eta izango dira. Aranismoak (jeltzaleek eta deitzen diren ezker abertzaleak) garbi dute eta ez dira handik han mugituko.
Hori barneratu ez gero, paradigma politiko berri bat sakontzea gure herriaren eskuetan geratzen da.
http://hamabost.net/
Felipe Gonzalezek argi eta garbi azaldu zuen «lo mejor que le ha pasado al País Vasco se llama Josu Jon Imaz». Ez zuen lan makala egin, ez horixe! Ildoa ederki marraztu zien gaurko hauei, eta Erreinuak jakin du, bai, bere lana eskertzen…
Hasieratik Saltzaile, goiburu egokiagoa litzateke, nik uste.