Hasi aurretik, galtzaile

Hasi aurretik, galtzaile

Igandearekin Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari egindako elkarrizketa argitaratu dute dozena erdi egunkaritan. Elkarrizketa guztien artean batek piztu du txinparta.

“Globalizazioaren aroan, independentzia ia ezinezkoa da”, esan dio Luis Aizpeolea kazetariari. El Pais-ek, nola ez, Kataluniako independentistak izorratzeko moduan eraman du esaldia titularrera. Ulertezina da. Zure  jarraitzaileek “independentzia” aldarrikatzen dute, eta liderrak dio hori ezinezkoa dela. Nola ezkontzen da kontraesan hori? Zein logikatan sartzen da zure ustezko helburu politikoa jendaurrean ezinezkotzat jotzea?

Eztabaidatu daiteke independentziaz. Arrazoi izan dezake Urkulluk independentzia ezinezkoa dela esaten denean, mundu honetan inter-dependentzia delako nagusi. Hori edonork daki. Independentista izatea da Frantzia, Polonia edo Brasilek duten independentzia maila eskatzea. Alegia, Nazio Batuetan eserlekua duen estatu batez ari gara hizketan, ez independentziaz esanahi literalean. Zergatik tematzen da Urkullu zentzu hertsienean eztabaidatzen independentziaz?

Hasi aurretik, galtzaileEskoziak, 2014an, “herrialde independente” izateari buruz bozkatu zuen, eta denek zekiten independentzia nola ulertu. Katalunian independentista eta estatu propioa nahi izatea sinonimoa da. Ezin da ulertu nola lider abertzale bat korapilatu daitekeen hitz batekin, arerioari opari propagandistikoa emanez, aliatua irainduz. Ez du ez hanka ez buru. EGIko gazteek ere independentzia aldarrikatzen dute. Alferrik ari al dira? Urkulluren adierazpenei ondo lotu dakiokeen artikulu interesgarria plazaratu du Suso del Torok Aran: “Espainiak zapalduaren beldurrekin jokatzen du. Eta, baita ere, biktimaren alienazioarekin, menpekotasuna naturala balitz bezala barneratze eta onartzearekin”.

Galdera gehiago ere suertatzen dira. Independentzia ia ezinezkoa bada, zenbat posibleagoa da Espainiak barneko beste nazio batzuk onartzea, maila bereko harremana onartzea, galdeketak egiteko baimena ematea? Hori posibleagoa da? Politika fikzioa. Itsutasuna ote ala norbere komenientziarako gezurrean bizi? Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esana da Rajoyren azken lau urteetan inoizko berzentralizazio handiena egin dela.

Kataluniako kasuak erakutsi du Espainiak ez duela gaitasunik lurraldetasun arazoak konpontzeko. Ez dira gai, eta ez dute nahi. Espainiaren batasuna da haientzat gauzarik handiena. Ez dago jarrera aldaketaren zantzurik. Azkarrak balira katalanei eta euskaldunei lau pezeta emango zizkieten independentzia desaktibatzeko, baina hain dira harroak ez dutela horren beharrik ikusten, arazo politikoa larritu arren.

Independentzian sinesten ez duen independentista bat da Iñigo Urkullu. Aurretik galdu du beraz. Galtzaileen bandoan gaude euskaldunak, eta konformatu besterik ez dugu. Nahiago nuke oker egon, hain argi dudan horri ñabardura esanguratsuak gehitu. Hainbeste abertzale ezin dira nahastu botoa ematerako orduan, ezta?

Hasi aurretik, galtzaile

6 pentsamendu “Hasi aurretik, galtzaile”-ri buruz