Hartzaren auzia minberatzen ari da
Hartzaren auzia minberatzen ari da –
Eslobeniatik ekarri hartzak ardi batzuk erahil ondoan, hartzaren aldekoen eta ardi hazleen arteko auzia minberatzen ari da. Jadanik aski lan eta kezka duten laborariek ez dute hartzen sarraskien beldurraren beharrik.
Zoritxarrez guk pentsatu eta erran bezala gertatzen ari da. Joan den larrazkenean Biarnoan sartu zituzten hartzak neguko loalditik landa iratzartu zaizkigu ta kurritzen hasi, baita jaten hasi ere. Claverina deitzen den hartza geldi geldia Xiberua ta Nafarroan dabil. Larraineko lehen etxaldeetarik arrunt hurbil hil du bere lehen ardia alde huntan. Bainan mendi kasko lerrotik haraindiko aldean Erronkari, Zarraitzu, Izaba aldean, beste hamar bat ardi badu jadanik hilik. Ta oraino ardi, behi, zaldi saldoak ez dira goiti joanak. Egunotan dira iganen. Mendialdeko jendea biziki arengura da ta galdezka ari ea bada goiti joan behar den ala etxen egon? Beste egun guzietako arrengura ta kezketaz gain, hau zinez nagusitzen da solasetan. Sloveniako hartzen hemen inposatzea ezin ulertua da. Ta orain ondorioak jasaiten hasi behar… Gainera hartzak eragin makurrak ez dira bakarrik kabale hiletan mugatzen bainan bai ondorio guzietan, hala nola ardien hilortze, fertilitate apaltze edo esne galtzeen ondorioak jasaiten ditu artzainak (lan gehigarri, estreza, galtze ekonomikoa, hutseginaren sentimendua). Denborarekin, lurraldeak hontako artzaingoa apalduko baita, bazterrak sasiak hartuko ditu.
Mendia idealizatzen da
Babes edo gerizatze neurriak ez dira eranginkorrak. Ariegeko esperientziak erakusten dauku artzaina beti ardiekin egonik ere, ardiak gauez korraletan hetsirik ere, patou zakurrak izanik ere, hartza moldatzen dela ta atakatzen duela. Urrunetik begiratzen bazaio, mendia, bortua, usu idealizatzen da. Aro ederra, izugarriko bista, artzaina ardiekin, zakurra ondoan, hori bada batzuetan, eta ibiltariak mendiaz gozatzera datozenak dira lekuko. Bainan bada ere beste aldea, beste errealitate bat. Bortuan frangotan lainoa bada, hezetasuna nagusi da, ez bost metro baino urrunago ikusten eta orduan hartzak, otsoak, predatzaileak, nahi duena egiten du. Euskal bortuan oraino ainitz ardi saldo badoa goiti eta eman dezagun bakotxak badauzkala bizpahiru patou berekilan, nola kudeatu ibiltarien harat hunatak? Jadanik Biarnoko mendietan badira ixtripuak (jendeak hausikiak). Galdera nagusia da zer nahi dugun gure bortuentzat. Predatzaileen presentzia, artzaingoaren kaltetan? Ala mendialde biziak, giza aktibitateeri esker, zointan artzaingoak haundizki eragiten duen gure bazterren moldatzean eta bioaniztasunaren zaintzean?
Laborantzaren induztrializatzea nahi da?
Guri iduritzen zaigu hartzaren plana berriz ere mendialdearen abandonatzeko plan bat dela. Aise da bere buruari konzientzia ekologista ona emaitea, besteeri jasanaraziz norabide horien ondorioak. Ikusten dugu batzuk basabereen zaintzea lehenesten dutela lurralde oso bat kondutan hartu gabe ta hunen biztanleak oraino gutiago. Jadanik mendialdeko hazkuntza munduak ahulezia argiak badituelarik, hartzen presentziaren biderketak, beldur gira, oraino gehiago kolpatuko duela: artzaingoa desagertuko da, ardi hazkuntza menditik jautsiko da eta zolan, zelaian, arditeietan egonen. Aspaldian salatzen dugun laborantzaren industrializatzea azkartuko da. Hori nahi ahal du jendarteak? ELBk ondoko asteetan antolatuko ditu mintzaldi batzu, kostaldean ere, gure herritarrekin gai minbera huntaz mintzatzeko. Ez gira hartzaren etsaiak, artzaingoa ta baserri mundu bizi baten aldekoak baizik. Hartzak ta artzaingoak biek bizi behar dute bainan toki berean ezin da.
Hartza eta artzaingoa ezin bada “toki berean” bizi, non proposatzen duzu hartza bizitzea? Ez omen zara hartzaren etsai baina zoo baten eta ez beste inon ez dituzu ikusi nahi, non bestela?
Hori bai, Europatik gainbeheran dagoen lanbide batentzako dirulaguntza astronomikoei muzin egin gabe. Zuen profuktuon bezerook edo bezero potentzialok dirulaguntza hoiekin batera ingurumenaren kontserbazioarekiko betebehar batzuk eskatzen ditugu eta biak nahi ditugu mendian, bai artzaia eta baita hartza ere.
Gizakia animalia argia da gero: Piriniotako hartz guztiak garbitu ondoan, artzaintza lasai egin nahi du. Otsoak molestatzen badio, guztiak akabatu eta kitto. Nik alergia diot polenari. Eta ene produkzioa oso da ttikia alergiak jota nagoenean. Akabatuko ditut larre guztiak? Akaso udaberria abolituko dugu?
Hartza eta abeltzainak elkarrekin bizi dira munduko mila tokitan. Berdin otsoarekin eta pumarekin. Beraz moldatu animalia horien egunerokora. Egin batzar bat Kantabriako, Kaliforniako eta Kanadako artzainekin eta ikasi espazioa partekatzen. Izan ere, nekez deitu liteke biodibertsitatearen zaindari, espezie bat esterminatu nahi duena.
Goiko bi iruzkingileok oso erraz kritikatzen dituzue hartzarekin asaldatuta dauden artzainak. Beraien lekuan jarriko zintuzketet, ea zer egiten duzuen. Orain dela gutxi mendian trekking egiten zebilen gizon bati entzun nion: “mendi guztiak sasiak hartuak daude, gaur egun inork ez du lan egin nahi…”. Trekking egiten mendiak erraz kudeatzen dira, gizartea ere bai. Auzolana ahoan asko, zergatik ez zen mendia garbitzera auzolanean joaten trekking egin beharrean? Eta mendian artzainak eta hartzak harmonian ikusi nahi dituztenak, zergatik ez dira auzolanean lan egitera mendira joaten bizikidetza hori errazteko? Nik ulertzen ez dudana da nola litekeen gaur egungo aurrerapenekin hartza gehiago ez kontrolatzea. Zentimetroko errorearekin dakite hartz bakoitza non dagoen uneoro. Ia-ia hartza telegidatzea ere posible izango litzateke.
Azkenean, artzainak hartzain…
Euskaldun bat, ez nabil erraz kritikatzen, badakit lanbide zaila eta sakrifikatua dela, baina badira
beste hamaika lanbide gogorragoak eta galzorian daudenak eta Europar Batasuneko dirulaguntzen babesik ez daukatenak. Artzainen parametroetan kalekumea banaiz ere, badut harremana familia, ikasketa eta lanbidez lehen sektorearekin, beraz, dirulaguntzen sistemaren funtzionamenduaren jakinaren gainean nago eta uste dut iritzia emateko moduan nagoela. Hemengo askok abeltzaintzak jasotzen dituen dirulaguntzen kopurua ezagutuko balu ez luke hain arinki eta itsuki artzainen aldera joko, hare gehiago esango nuke, asko asaldatu egingo lirateke. Artzainen bizimodua zaila dela ukatu gabe, inoiz baino errazagoa da egun, lekutaraino heltzen diren pistak nonahi, lurrorotarikoak egun berean etxera joanetorria egiteko eskuragarri, argindarra duten bordak…Hala ere, hori nahikoa ez antza eta hartza ezin da bertan bizi. Ez dezagun ahaztu gainera hemengo ardiak luxuzko produktu bat ekoizteko hazten direla, ez da ezinbesteko elikagaia, gourmeta baizik. Gure ondare kulturala direlako sektorea diruz lagundu beharraren alde nago, eta hartzek eragin ditzaketen kalteak azkar ordaintzeko sistema eraginkorra bermatzearen aldekoa naiz ere. Baina honekin batera, kalteen prebentziorako neurriak sustatu beharra dago, laguntzak horretara bideratuz konpentsaziora baino. Baina artzaintza gure ondare den heinean hartza ere gure ondarearen parte da, hortaz, artzainek eskubideak dituztela ukatu gabe, ingurumenaren gaineko betebeharrak atxikiturik datoz laguntza hoiekin batera.