Hartz eta hatz
Hartz eta hatz –
Frantziako ekologia ministeritzak bi hartz eme Eslobeniatik Piriniotarat ekartzeak hartu erabakiak, behin berriz, hautsak harrotu ditu Biarnoko ardi hazleen munduan. Eskualdeko hautetsi gisa, problematikaren goiti beheitiak hurbiletik ezagutzen ditut. Zergatik ez dira, erabaki hori hartu aitzin, eragile guziak mahai baten inguruan ados jartzeko gai izan? Hona hemen zenbait arrazoi.
Goi Biarnoko bortuetan (ber) sartu beharrak diren bi hartzen problematika, ekologikoa baino gehiago problematika oso politikoa bihurtu egin da. Eta ikuspegi hortarik erran daiteke emaitzak gozotik baino gazitik baduela. Mingots gustu horren errudun gira denak: izan gaiten hartzaren aldeko, kontrako edo arrunt futitu gai hortaz.
Badu urteak eta urteak erabakiak hartu izan direla Parisen eta badu urteak eta urteak polemikak gaina hartzen diola polemikari eta ondorioz ez dela oraindik segurtatua ez hartzaren lekua Aspe eta Ossauko bortuetan eta ez dela ez ere segurtatua bertako artzaingoaren geroa eta egoera sozioekonomikoa.
Beraz objektiboki entseatuz so egiten problematikari erran daiteke kalapita, konfrontazio, herra, ez ulertze, ikuspegi populistek eta deklarazio hutsek soilik eragin dituztela oposizio gogorrak, antzuak eta geroari begira biziki lanjerosak.
Objektiboki so eginez ere, ohartzen gira “sistema” hortan denak, aktore guziak eroso sentitzen direla, eta sistema hortaz aski untsa baliatzen direla bakoitzak bere negozioa egiteko, izan dadin politikoa, sindikala, ingurumenaren aldekoa, artzainaren aldekoa edo nik dakit zeren aldeko edo kontrako.
Molde kolektibo eta partekatuaren premia
Puntaren puntan, edozein gisaz, denek badakite han Parisen, pertsona batek, ministro batek duela erabakia hartuko. Aldeko edo kontrako, berdin da ororen buru. Pertsona soil batek, han nonbait. Metodoa katastrofikoa da, baina ororen buru, denak horrekin konforme, eta hor konpon.
Hala ta guziz ere, ez erran niri, ekologiari doakion eta aplikatzen zaion zentralismo hori ordezkatu behar denik tokian tokiko hartu litaiken erabaki baten medioz. Aski da ikustea tokian bertan diren erabaki hartzaile potentzialak ikusteko eta ohartzeko den denak lerro lerro arras kontent eta pozik direla, erabakia legez ezin hartu izanarekin gai konkretu honi dagokionez. Badu orain kasik hiru urte “hartzaren” dosier horren erdian naizela hautetsi gisa, baita artzain laborari gisa ere funtsean, eta hiru urtetan behin ere ez dut paradarik izan, hainbat bilkura edo eztabaidetan, gelatik ateratzean pentsatzea “to, egun bederen eztabaida sanoa, sakona, lasaitua eta erabakigarria izan duk, zerbaitetarat helduko gaituk denen ikuspegia eta interesak kontutan hartuz”
Parisen ministro batek erabakirik ez duelarik hartzen, batzuk oroitarazten diote zer diren frantses estatuaren engaiamenduak Europan, eta beste ministro batek bi hartz ekartzeko erabakia jakinarazten duelarik, beste batzuk, beste haien auzo muturrekoak, kexatzen eta oldartzen dira. Batzuk aldekoen kontra eta ondorioz beste batzuk kontrako horien kontra. Ekosistemaren, bioaniztasunaren, hartzaren edota artzaingo eta mendiko laborantzaren arteko oreka, gero partekatua eta biziraupena afera seriosa da, agian seriosegia soilik Parisen erabakitzeko edo soilik tokian bertan erabakitzeko.
Afera hau, beste anitz bezala funtsean, molde kolektiboan eta partekatuan aztertu, eztabaidatu eta trenkatu behar da, behar litaike. Gertatzen da momentukotz bederen zentralismo batek agintzeko erabakia hartu duela eta nehork ez duela printzipio hori dudan ezarri. Gertatzen da ez girela gai izan tokiko aktore guziak nolabaiteko eztabaida eta erabaki molde burujabeak adosten molde partekatu, baketsu eta demokratikoan.
Kontsentsuaren bilatzea beharrezkoa
Eta balitake gakoa hor izatea: konpetentzia eta erabakia “lekukoek” izanez gero, gai izanen ote ziren, izanen ote ginen erabaki duin baten ateratzen eta asumitzen? Elkarrizketa, eztabaida kontrajarria, konzertazioa, adostasuna: zer balio ematen diegu hitz eta egiteko molde horiei? Alta, badira Europan herrialde eta erresumak non gisa horretako kontzeptuak egunerokoan aplikatzen diren eta non ondorioz bizitza demokratikoak funtzionatzen duen eta non “hartzaren” gisako problematikak konpromiso eta akordioen bidez sozialki eta politikoki konpontzen diren. Funtsean gune horietan, fauna, laborantza, mendiko artzaingoa eta mendiko erabiltzaile guzien arteko harremana ez bada ere egunero paradisu bat, heltzen dira adostu akordioak errespetatzen eta elkarbizitza bat sustraitzen egunerokoan eta epe ertainean, pentsatuz gisa hortan epe luzeari ere bide emaiten ari direla.
Herrialde horietan jakin izan dute beren egiazko ardurak hartzen, erabakiak adosten eta errespetatzen ministro ekologista edo ministro ehiztari baten zain egon gabe.
Azken finean zentralismoarekin denak ados, salbu hartza, mementukotz bederen.
Errazago da goraki, ahoan bilorik gabe eta molde oldarkorrean postura bat hartzea, hastapenetik kontsentsuaren ildoa hautatu ordez. Errazago da ministro bat intsultatzea eta mehatxatzea edo ministro bera goraipatzea eta loraztatzea, mahain baten inguruan leialki jartzea baino, buruari emanez edozoin gisaz erabaki bat eta adostasun bati buruz joateko gai garela.
Oroitzen naiz nola kontestu arras desberdinean, nahiz eta duela aspaldi jadanik, Michel Rocard Frantziako lehen ministroak gela batean giltzaperatu zituela kanakiar negoziatzaile guztiak, gomendatuz akordio baten lortzea. Lortu zuen!
Hartzaren afera honetan ere gauza bera egin beharko zitaikeen agian. Puntako emaitza ez da beste mundukoa eta ez da asegarria. Demagogia, harropuzkeria merke eta polemika antzuak alde guzietan, ikuspegi guzietan.