Han-hemenka
Han-hemenka –
Gorka Belasko Arranzek, Bizkaiko Hitza hedabidean.
Kolitzatik bertatik ari dira txepetxa, gailupa, txantxangorria, birigarro, mika, zata, okila, beleak, enarak eta sorbeltzak. Mirua eta mikak, elkarri mokoka. Denboraldi berrirako habiak prestatzen dituzte garai hauetan, berriak sortzen ala iazkoak berregokitzen, naturaren erritmoan, klimaren aldaketaren adierazpenekin gu bezain zoratuta badaude ere.
Paisaiak ekartzen ditu kolore berriak, usain gogorarazleak, iradokitzaileak. Puri-purian daude edertasunaren adierazle guztiak. Jai egunekin batera, hartzen dugu bidea. Autoak badoaz desagertzen, ispiluaren zulotik, ohiko mendiak, lerroak… Ari gara zerumugak eta ihes puntuak aldatzen.
“Maritxu nora goaz eder galant hori iturrira Bartolo nahi baduzu etorri”. Iturrian zer dagoen aipatzen dugun bezala galdetzen diogu gure buruari zer egin dezakegun opor hauetan. Nola aldendu Kolitzapetik, nora joan gaitezke gure egunerokotasunetik ateratzeko; ohiko lanak, betebeharrak ahazteko eta berrienei ekiteko bueltan egongo garenean.
Abestiaren filmetako maitaleak biolin musikaz besarkatzen diren moduan, off-ean geratzen dira txikitzen doazen errepideko bazterrak. Udaberria ate joka dabil. Bere lehenengo ilargi beteari intsentsu usaina dariola. Gu bezainbeste mugitzen da Aste Santua, ez ilargia mugitzen delako, norbaitek erabaki zuelako baizik.
Hala ere, prozesio batzuk barrutik doaz, eta beste batzuek gasolina errearen usaina dute; moztu beharreko belarra, kasu baterako, soropilak zoro pila sortzen baititu. Kolitzapetik aldentzen gara begirada freskoarekin itzultzeko, maitasunez ikusteko berriro maiztasunez begien aurrean daukaguna. Beldarraren eraldaketa gure garunean.
Eguraldiaren iragarpenak behatzen ditugu, aplikazio zein telebista kateetatik hartuta. Barrurako bidaiak egiten ditugu inora joan gabe; ez da beharrezkoa kilometrokada, urrundu nahi dugunaren arabera. Hurbileko turismora garamatza egoerak; bertoko bezeroak alde egin baitu, zerbitzu minimoak omen gara. Batzuetan, distantziagatik; beste batzuetan, bihotzak mugiarazten gaitu, maite duguna zaintzeko, elikatzeko, ureztatzeko, ihartu ez dadin.
Turismoaren lerroak eskuan marraztuta d itugu, bizitzarenak. Txorien trailak zerua zeharkatzerakoan agertzen diren ubide zuriak urdinaren gainean, irudi inspiratzaileak sortuz, besteen bidaiak sortzen dizkiguten ametsak. Hau bai pareidolia hedatua! Burmuinak naturaren edozein objektu, eremu zein paisaiari zerbait ezagunaren nortasuna eransten dio. Horregatik gai da forma abstraktuei elementu zehatzen izena jartzeko. Honek ere nahi duguna ikusteko balio digu.
Ezohiko argazkiak utzi ditu ibilbide alderrai horrek. Unearekin lotzen zen artea bat-batekoa bilakatu da, batez ere, denbora gutxi irauten duelako hark sortzen duen interesak. Hurrengoa egin bitartean eta sare sozialen zulo beltzean iraungita desagertu arte irauten du jakin-minak. Han-hemenka gabiltza txoriburuok.
Han-hemenka