Habemus exorcismus
Habemus exorcismus
Apaiza gelara sartu da, beltz jantzita eta bere uniformea soinean daramala, maleta bat, baita gurutzea eta liburu bat ere. Ilun dago, hotza da nagusi giroan, ahotik lurruna dario apaizari, ez da makala aurrean daukan erronka. Etxekoak deitu zion, eta gaur du bigarren ahalegina. Semeak, edo alabak, edo dena delakoak posesio latza bizi du, deabrua du gorputzean, umea ez da ohi bezalakoa, mintzaira bitxietan hitz egiten ere hasi da, ingurukoak txundituta dauzka, ohean datza besoak eta hankak lotuta, atzo estekatu zuten poliziaren laguntzaz.
—Ea ba, gaur lortuko al dinagu deabrua hire barrutik kanporatzea… – bota du apaizak. Ohean datzanari lurrun hotza dario ahotik, hots arraroak botatzen ditu tarteka, begiak zabal-zabalik.
—Popatik joan hadi, aaaaagh, saldua, saldua! – bota dio deabru-umeak. Apaizak berehala erantzun:
—Isilik egon hadi, txerren! Etxekaltea, gaitza ekarri den etxe honetara!
—Galdu hadi, nazkantea, eaaaaagh! Begira zer egiten diaten, kar-kar-kar… – hankartea ukitzen eta ez dakit zenbat keinu lizunetan hasi da umea, mingaina ateratzen, eta ezbehar imintzioetan.
—Nahikoa da! Ez dizkinat hire biraoak entzungo! – erantzun apaizak. Hara, umea mintzaira desberdin batean hitz egiten hasi da:
—Agudiba daguda abeda zta zta aaaak! Uuuuu upa upa… – eta apaizak harriduraz begiratu dio, susmoz. Atseden momentu bat hartu du, atzera makurtu, eta bere arma onena atera du orduan: ur bedeinkatua. Itzuli da, eta madarikatua ur aratzaz zipriztintzen hasi:
—Utzi gorputz hori, atera hadi, gaitzaren arra… Bakearen botereak behartzen hau! Bakearen botereak behartzen hau, madarikatua! – apaizak bereari eutsi dio, ondoan liburua irekita duela.
—Eaaaaaagh, hik ere zerrikeriak egin dituk! Hire Elizan zerrikeriak egin dituk, badakik, badakiiiik! Eaaaaaagh, kar-kar-kar! – umeak.
—La-la-la-la-la – ozen apaizak, eskuak belarrira eramanez —isilik egon hadi! Hemen hi haiz madarikatua, bekataria, aditu! Gogora ezan hori… bakeak behartzen hau! Bakeak behartzen haaaaau! – apaizak ozen, umearen gorputza uraz zipriztintzen duen bitartean; apaizari aurpegiera ere okertu zaio, irristan ditu izerdi-tantak lokietan behera. Umearen gorputz madarikatua ur bedeinkatuz zipriztintzen jarraitu du, orain indar handiagoz:
—Eaaaaaagh,… – ume estekatuak hotsetan jarraitu du, kexuz.
Ezker abertzaleko ordezkaria ohean geratu da biraoka. Urkulluk berokiko botoiak lotu ditu, liburua bildu du, eta gurutzea sakelan gorde, etxera bidea hartu du. Ahotik lurruna dario hats bakoitzean, iluntasuna da nagusi, giroa hotz. Jeltzalea bihar itzuliko da berriz, hurrengo bake-ahaleginera.
Habemus exorcismus
Jajajaja, kuriosoa da nola ejerzitua duen edozein potentzia eta estatuk “bakea” ri buruz hitzegiten dion garaitu duenari, zera esanez ..bakea:”ez hadi altxa, ez du pena merezi, garaitua hago, nire aginduak bete hitzak”, vietnam en Amerikarren airetik botatzen zituzten panfletoetan zioena zeazki.
Urkullu eta Arnaldo beste garai batekoak dira, zaharrak, ordoituak.