h28: Polizia pilo bat eta ostiak ezker-eskuin

h28 “aldizkari saretirikoak” prest du, bihar bertan argitaratzeko, bigarren zenbakia; “eta oso ale ederra joango da”, arduradunek aurreratu dutenez. “Ezker eta eskuin ostiak banatzeko sortu da aldizkaria“, esan bide zuen Asiskok, “eta bigarren zenbaki hau ezker-eskuin irakurri ahalko dela uste dugu”

Aldizkariak 42 orri izango ditu, eta parte hartze zabala: Adur – Aiert – Asisko – Axpi – Belatz- Dani Fano – Edu Lartzanguren – Eñaut Aiartzaguena – Exprai- Hartzmarka – Hasier Goikolea – If -Irene – Josevisky – Marko -Mikel Mendibil – Ñ – Patxi Gallego – Tz – Unai Gaztelumendi – Unai Iturriaga – eta Zaldieroa.

h28Azalean “Oktopus Dei” darama h28-k, eta gaietan ere ezker-eskuin dator. “Euskaltzaleen bigorexiari buruzko kritikak, EH paradisu bilakatzeko plan (fiskal) sekretua, Atez-Ateko banaketa egiteko sistemari buruzko azalpen zehatzak, Angulemako komiki jaialdiari buruzko kronika, Osasuna taldearen nondik norakoei buruzko gogoetak, Piko eta Payo pertsonaien kritika literarioak…” dakartza agerkariak, eta aldizkari bat sortzeko asmoa agertzen duten marrazkilariei ere, kritika! “Ah, eta polizia pilo bat, kasik, orrietatik kanpo dauden beste”.

Bigarren zenbaki honen berrikuntza nabarmenetakoa webgune propioaren sorrera da -estreinakoa Issuu plataformaren bitartez zabaldu zen; www.h28.eus martxan izango baita bihartik aurrera.

 

Ardoa eta errotuladoreak
Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoa Parisen gertatu eta aste eskasera Iñigo Astiz kazetaria Patxi Huarte ‘Zaldieroa’, Marc Armspach ‘Marko’ eta Asisko Urmeneta marrazkilariekin elkartu zen Uztaritzen, adierazpen askatasuna hizpide. Komediara pasa ezin daitekeen tragediarik ez dagoela zihoen elkarrizketak “dena da irrigarri” zuen lerroburu. Ardoa eta errotuladoreak lagun, hitzetatik ekintzetara pasa eta h28 martxan jartzea deliberatu zuten mahai inguruan ziren lauek; “aldizkari saretirikoa” deitu duten fanzinea.

“Urtarrilaren 20 inguruan erabaki genuen lehen zenbakia urtarrilaren 28an egongo zela kalean, eta kolpean aritu ginen horregatik”, eman dizkigu azalpenak Iñigo Astizek. h28ko kideak pozik dira agerkariko lehen zenbakiak izan zuen erantzunarekin. “Kaleratu eta egun gutxira sare sozialetan harrera oso ona izan genuen. Goizean 30 jarraitzaile izatetik twitterren, 1.500 izatera pasa ginen ia egunean bertan”. Eta zabalkundeari dagokionean, Issuu plataformak dioenez -bertan argitaratu zen h28-, “10.500 ikustaldi izan ditu aldizkariak (bi segundo baino gehiagoko ikustaldiak dio, noski eta gure esperantza da horiek erdien sikiera hiru segundo aguantatu izana)”, dio kazetariak.

Jasotako erantzunak “erakusten du egon dela gogo bat bikoitza. Gogo bat marrazkilarien aldetik, proposamena egin eta berehala izan dugulako Euskal Herriko marrazkilari talde handi baten babesa eta berehala osatu ahal izan dugulako h28 aldizkaria aurrera eramango duen marrazkilari taldea. Eta gogo bat jendearen aldetik, lehen alea kaleratu eta berehala jendearen berotasuna igarri dugulako”.

ZUZEUko erredakzio kide

4 pentsamendu “h28: Polizia pilo bat eta ostiak ezker-eskuin”-ri buruz

  • Kuriosoa ezta? Imaginatzen duzue irudi honetan umeak bortxatzeaz barre egin ordez, emakume helduak bortxatzeaz balitz? Erreakzio berdina izango luke jendeak?

    • Ez da umeak bortxatzeaz barre egiten ari. Apaizen hipokrisiaz ari da barrez.
      Eta jendearen erreakzioaz… esango nuke gehiago sumintzen garela guztiok ume bortxatuez emakume bortxatuez baino. Umeak babesgabeagoak baitira.

      • Bai noski, portadan Violator Hembricus Spiritus Sanctus agertuko balitz ez lukete H28koek hurrengo egunean jasoko zitazio bat EAEANtik hurrengo egunean bertan, Emakunde eta Bilgune Feministaren ehizarekin batera…

        • Ez da hori kontua. Zuk diozuna bortxaketaren apologia da. Hemen apaiza kritikatzen da. Besterik ez. Imaginatu Straus-Kan hoteleko zerbitzaria bortxatzen azaltzen dela. Hori Straus-Kanekiko kritika litzateke.
          Zure jarrera erreakzionarioa iruditzen zait.