Gustuko autoesplotazioa

Gustuko autoesplotazioa –

Iñaki Carreterok Arabako Alea agerkarian.

Nire ustez ekintzaile on baten ametsa edo helmuga mundua aldatzea izan behar da, eta ez soilik bere patrikaren egoera aldatzea.

Gustuko autoesplotazioa

Aspalditik nire kabuz egiten dut lan autonomo gisa, eta oraindik ekintzailea naizela esaten didate. Nik, ordea, gustuko autoesplotatzailea naizela erantzun ohi diet, eta politena nire burua nola autoesplotatu nik neuk diseinatzen dudala da; eta agian hori da garrantzitsuena, nik nahi dudan bezala bizitzeko egiten dudalako lan, nire eran, nire bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko, mundua pixka bat aldatuko den ametsarekin.

Azaroan 25 urte beteko ditut ipuinak kontatzen, eta, nahiz eta ondo bizi honetaz, orain dela bost urte nire buruak urteetan egindako lana ez zuela ezertarako balio pentsatu zuen. Ogibide bakarti honetan, norberak ikusten duenean hainbat kultur programatzaile, hezitzaile, guraso eta gizartea berarentzat ipuin kontalaria soilik haurrak entretenitzeko pertsona bat denean (eta ez ogibide duin bat), horrelako gauzak gertatzen dira.

Ipuinak profesionalki kontatzeari uztea pentsatu nuen, baina ideia nire burutik atera zen gasolina bota eta kutxan zen emakumeak esan zidanean: “Zu Iñaki Carretero zara, ezta? Jo! Eskerrik asko! Txikitan zure ipuinak entzutera joaten nintzen, eta gero horiekin jolasten nuen etxean… Ostras, arraroa zinen, baina espeziala”.  Espeziala hitza entzuterakoan, nire buruak entzerratuak zituen txoriak berriz atera zituen hegan mundura…

Azken lau urteetan, bestalde, animaliei laguntzeko zentro bat zabaldu dugu nire bikoteak eta biok, hau baitzen ere nire ametsetariko bat. Behin enpresen coach batek esan zidan ea zergatik zabaldu genuen gure negozio berria 42 pertsona bizi diren herri txiki batean, zibilizaziotik urrun; lan ideia oso ona zela, baina kokapenari buruzko erabakia oso txarra, gure ideia startup bat zela, hazi egin behar zela oraindik. Nik zera erantzun nion: “Nork esan dizu hazi egin nahi dugula? Ez zara konturatzen guk gauza txikiak gustuko ditugula? Agian startup bat izatea eta diru asko irabaztea ez dela gure helburua?”. Eta serio esan nion momentu hartan gure ametsa gure etxe azpian lan egitea zela, garai batean bezala. “Eta argi eduki: ekintza txiki askok herria eratzeko sare handiak josteko ahalmena dute”.

Nire ustez ekintzaile on baten ametsa edo helmuga mundua aldatzea izan behar da, eta ez soilik bere patrikaren egoera aldatzea.

Gustuko autoesplotazioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.